Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Argitalpen-data: 2017/02/28

Bilbo, Donostia eta Gasteizko abiadura handiko trenaren sarbide eta geltokiak adostu ditu Eusko jaurlaritzak Sustapen ministerioarekin

Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko eta Azpiegitura sailburuak eta Iñigo de la Serna Sustapen ministroak euskal hiriburuetako abiadura handiko trenaren sarbideak adostu dituzte gaur egin duten bileran, baita abiadura handiko trenaren geltoki berriak ere.
Madrilen, Sustapen Ministerioaren egoitzan egin den bileran Juan Mari Aburto, Eneko Goia eta Gorka Urtaran, Bilbo, Donostia eta Gasteizko alkateak ere egon dira.

Azken hilabeteotan eta bereziki azken asteotan trenbide azpiegituren kudeatzaile diren Adif eta ETSko lantalde teknikoek proiektuen definizioan eginiko lanak, gaurko bileran akordioa lortzeko aukera baliatu dute.

Arantxa Tapia, Garapen Ekonomiko eta Azpiegitura sailburuak eskertu egin die lantalde teknikoek orainartean eginiko lana, baina azpimarratu du oraindik asko dagoela egiteko. “Akordioari esker eta hainbat hilabeteetako lanaren ondoren baieztatu dezakegu euskal Yren lanak, hiriguneetarako sarrerak eta Iparraldearekin konexioa denboran ondo uztartuta egingo ditugula” esan du sailburuak.

Bilboko kasuan akordioak Abandoko geltoki berriaren eta trenbide lotunearen estudio informatiboaren erredakzioa bermatzen du. Proiektuak bi mailako lurpeko estazioaren eraikuntza aurreikusten du. Gaur egungo trenbide azpiegiturak desagertzearen ondorioz, 90.000 metro koadro baino gehiago utziko ditu libre inguruko hiri garapenari bidea zabalduz.

Gasteizerako Arrazua/Ubarrundia arteko sarbideen lotunea eta hiriguneko lurrazpiko estazio berriari buruzko estudio informatiboaren erredakzioa adostu da. Akordioak bermatzen du trena lurpetik sartuko dela hirigunera.

Azkenik, Donostiaren kasuan, Tapia eta De la Sernak geltoki berriaren eraikuntza proiektuaren erredakzioa lantzen hastea adostu dute. Atotxako geltoki berria, eta Tabakaleraren ingurunean integratuko da egungo geltokiaren arkitekturarekin bat eginez.

Abiadura handiko trenbidea txertatzea eta geltoki berria Bilbon (Abando)

Abiadura handiko trenbidea La Peña eta Abando arteko trenbide bikoitzeko tunel berri baten bitartez lotuko da Abandorekin (2,1 kilometro luze): Basauri-La Peña zatiaren amaieratik abiatuko da, Cantalojas tunela azpitik, egungo trenbidearen azpitik, gurutzatuta iritsiko da eta geltoki berriko pantailen gunera sartuko da.

Geltoki berria lurpean egingo da, eta trenbideak bi mailatan izango dira: -2 mailan abiadura handiko trenbideak eta nasak egongo dira (8 trenbide) eta -1 mailan RENFEren aldiriko trenbideak eta nasak (5 trenbide) eta FEVE (3 trenbide). Eraikin bakarrean egongo dira bidaiariei arreta emateko zerbitzu guztiak, eta horrekin intermodalitatea sustatuko da eta aldiriko, FEVEko eta abiadura handiko trenbidearen zerbitzuak integratuko dira. Proposatutako geltoki berria zatika jarri ahal izango da martxan.

Proiektu berri honi esker hiri-garapen berri bat ahalbidetuko da 90.294 m2-ko azalerako lur-sailean, eta bertan trenbide-zerbitzuak integratuko dira eta bizitegi- eta ekipamendu-erabilerako hiri-bilbe berri bat sortuko da hirigunean.

Planteatutako diseinuarekin jaitsi egingo da urbanizazio-kota, eta horrekin hobeto integratuko da lur-saila alboko Hurtado de Amezaga eta Bailen kaleekin.
Akordioa: Bilboko konexioaren eta geltoki berriaren (Abando) txosten informatiboa egitea.

Abiadura handiko trenbidea txertatzea eta geltoki berria Vitoria-Gasteizen.

Vitoria-Gasteiz abiadura handiko sare berriarekin, Arratzua-Ubarrundiatik geltoki berrira artean lotzeko, behin betirako alboratu da Lakuatik igarotzen zen bidea eta Arkautetik egitea adostu da. Horrenbestez, eta legeak agindu bezala 3 alternatiba aterako dira informazio publikora eta egingo den txosten informatiboaren bidez erabakiko da zein izango den aukerarik onena, ingurugiroan eragin txikiena izango duena, eta teknikoki eta ekonomikoki ere abantaila gehien dituena.

Lehenengo aukera, Arkaute mendebaldean (7,2 km), lurpean joango da, ia 2 km-ko tunelarekin. Bigarrena, aurrekoaren toki berean (Arkaute mendebaldean), lurrazalean planteatzen da, biaduktuekin. Hirugarren soluzioa Arkaute ekialdera planteatzean da, lurrazaletik eta biaduktuekin (8,7 km), eta erabat saihesten du Salburuako hezegunearen gaineko erasana.

Txosten informatiboak finkatuko du zein izango den aurrera aterako den behin betiko konexioa, ingurumenean izan dezakeen eragina kontutan hartuz eta teknikoki eta ekonomikoki ere aukera onena hobetsiz.

Konexio-proposamen guztiek hiriaren erdigunetik lurperatuta pasatuko den trazadura berri batean egingo dute bat. Honek guztira 2,9 km-ko luzera izango du (Salburuako Bulebarraren eta Gaztelako Atearen artean), eta Dato kalean beste geltoki bat izango da lurpean.

Azken asteotan lan talde teknikoek bi aukera ezberdin landu dituzte geltokiaren azken konfigurazioa zehazteko. Bat egungo trenbidearen albotik joango da eta trenbide eta nasak lur-azpian proposatzen ditu; besteak egungo bide berari jarraituko dio, baina lurpetik. Bigarren kasu honetan trenbideak eta nasak rasantepean egingo dira, egungo kokaleku berari eutsiz.

Trenbide sektorearen legearen arabera txosten informatiboa erredaktatu beharko da trazatu berria tramitatu ahal izateko eta txosten horren garapenean bi soluzioak aztertuko dira lehen aukerak eskaintzen dituen abantaila konstruktiboekin batera, bigarren aukerak dituen abantaila funtzionalak uztartzeko modua bilatuz. Bide batez gaur egun trenbideak betetzen duen lur eremua libre gera daiteke, hiriaren erabilerarako. Dato kalean egun dagoen estazioa abiadura handirako sarbide izan daiteke, Green Capital plazan egingo den eta Iradierko aparkalekuarekin lotura izango duen sarbidearekin batera.
Edozein kasutan, geltoki berriaren ezaugarriak izango dira hiriaren erdigunean egotea eta garraio publikoa erabiltzen duten pertsonentzat eta oinezkoentzat irisgarria izatea.

Akordioa: Arratzua-Ubarrundiako sarbideari eta konexioari, trenbidea lurperatzeari eta hiriguneko geltoki berriari buruzko txosten informatiboa egitea.

Abiadura handiko trenbidea txertatzea eta geltoki berria Donostian (Atotxa).

Geltoki berriaren proiektuak aurreikusten du eraikin berria, eta bakarra, egungo aldiriko tren-geltokian. Geltokiaren egungo fatxadaren arkitektura mantenduko da, eta proiektatutako eraikin berrian integratuko da. Eraikin hau kalean bertan planteatzen da, bi solairu izango ditu eta agerian utziko du Tabakalera eraikinaren fatxada. Plaza (terraza) handi bat sortuko da trenbide eta nasa gainean.

Geltokiak atondo nagusi bat izango du,aldiriko trenen eta ibilbide luze eta ertaineko trenen erabiltzaile guztiek partekatuko dutena, bertatik sartu ahal izango da autobus-geltoki berrira eta bi solairuko aparkalekura ere. Era horretara intermodalitatea optimizatuko da eta bertan bateratzen diren garraiobide publiko guztien erabiltzaileen joan-etorriak minimizatuko dira.

Zehaztutako proposamenaren arabera, ibilbide ertaineko trafikoak (Intercity) eta ibilbide luzekoak (UIC zabalera) 3 nasa nagusi izango dituzte. Nasa horietara sartzeko bi mailak komunikatuko dituen azpiko pasabide bat proposatzen da.

Bestalde, aldiriko trafikoak aldamenetako bi trenbideak hartuko ditu (1 eta 6), eta zabalera mistokoak izango dira (hirugarren erraila). Trenbide horiek salgaietako trafikoarekin partekatuko dira. Nasara sarbidea zuzena izango da atondo nagusitik.