Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Argitalpen-data: 2017/06/15

EiTBk eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak abian jarri dute 'Bihotzetik ezpainetara' euskara sustatzeko kanpaina

EiTBren eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren arteko euskara sustatzeko 'Bihotzetik ezpainetara' kanpainaren baitan, 'Go!azen'ek bideoklip berria aurkeztu du ostegun honetan Bilbon. Iaz 'Euskararen txantxangorria' abestiak lortutako arrakastaren ildotik, aurten Iker Laurobaren 'Gure nahia' abestia bilakatu dute bideoklip. Halaber, aurkezpena ekainaren 20an hasiko dituzten hirugarren denboraldiaren grabazioen hainbat nobedade aurkezteko baliatu dute. Ekitaldian, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea izan da.

Berarekin batera, Edu Barinaga ETBko zuzendariak eta Xabi Zabaleta Pausokako Proiektuen zuzendariak parte hartu dute. Bertan aritu dira, orobat, 'Go!azen'eko aktore nagusiak: Markel Gajate, Miren Arrieta, Aritz Mendiola, Ainhoa Larrañaga, Asier Burguete, Oihan Moreno, Nerea Mazo, Sara Nieto, Beñat Iturbe eta Iholdi Beristain.

Aurkezpenean egon dira, baita ere, 'Go!azen'en erakunde eta enpresa babesleen ordezkariak: Maitane Leizaola, Bizkaiko Foru Aldundiko Behatokiaren zuzendaria; Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia; Dorleta Elkorobarrutia eta Egoitz Bergara, Laboral Kutxako Gazteentzako zerbitzuen arduradunak; Izartza Zorrozua, Euskalteleko Erakundeekiko Harreman eta Babesletzen arduraduna; Estibaliz Alkorta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria, eta Joseba Erkizia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuna saileko kidea.

Gazteei zuzendutako kanpaina
Aurten ere, iaz bezala, euskara erabiltzea gonbidatzea da 'Go!azen'en asmoa, bideokliparen bidez. EiTBk eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak elkarlanean jarritako kanpaina, batez ere, gazteei zuzenduta dago, eta hauek erakartzeko 'Goazen!' telesail arrakastatsuarekin egin du bat. Eusko Jaurlaritzaren kanpainak, berebat, beste euskal komunikabideetan ere izango du isla.

"Gazteak dira euskara gehien dakitenak, eta eurak dira, baita ere, gure hizkuntza gehien erabiltzen dutenak. Hala ere, aukerak eman behar dizkiegu are eta gehiago erabil dezaten, ezagutza adin-tarte honetan oso altua baita. Aisialdian aukerak ematea edota 'Go!azen' bezalako produktuen erakarmena baliatzea oso bide interesgarriak dira", azaldu du Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Bideoklip berria 250 haurren aurrean aurkeztu dute telesail arrakastatsuaren aktoreek.

"'Go!azen' gazteentzako euskarazko produktu borobila da. Hartara, euskara zabaltzeko aktore gazte talde hauen ahaleginak indar asko duela sinetsita nago. Iaz horrela izan zen, eta gaur aurkeztutako bideoklipak ere arrasto sendoa utziko duela uste dut. Gainera, bideokliplak kurtso berriarekin etorriko den 'Go!azen' zurrunbilorako giroa berotu nahi dugu. Aurten ere 13 ataleko telesaila ez ezik, emanaldiak eta estreinaldiak izango dira Euskal Herriko bazter guztietan. Halaber, hemendik, 'Go!azen' ekimenean parte hartzen duzuen babesle guztioi: Eusko Jaurlaritza, Euskaltel, Laboral Kutxa eta Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru aldundiei ere eskerrak eman nahi dizkizuet. Zuen laguntzak egin duelako posible telesailaren arrakasta", adierazi du Edu Barinaga ETBko zuzendariak.

Hamahiru atal berri
Ekainaren 20an hasiko dira grabatzen 'Go!azen' telesailaren denboraldi berria eta abuztuaren 25ean amaituko dute. Pausoka ekoiztetxeak eta ETBk ekoiztutako telesailak Basakabi udalekuan euskal neska eta mutil talde baten ibilerak ditu ardatz. 2008an ETB1eko filmik ikusiena bilakatu zen Pausokak egindako 'Go!azen' telebistarako filma, eta ondoren 12 ataleko telesail sorta egin zuten. Iaz eman zioten segida telesailari, eta arrasta handia izan zuen gaztetxeon artean.

Datorren ikasturtean, beraz, Basakabi udalekuko abenturek jarraituko dute. Umorea, maitasuna eta musika tartekatuko ditu telesailak hamahiru atal berritan.

Aurreko denboraldian aritutako Paula Etxeberria, Miren Arrieta, Ainhoa Larrañaga, Markel Gajate, Aritz Mendiola, Asier Burguete eta Oihan Morenorekin batera, Nerea Mazo, Sara Nieto, Beñat Iturbe eta Iholdi Beristain lehen aldiz jarriko dira kamera aurrean telesail batean. Azken honek 'Bago!az' saioa irabazi ondoren lortu du txartela 'Go!azen'en parte hartzeko. Ramon Agirrek, Karmele Larrinagak eta Inma Fernandezek ere jarraituko dute.

Hainbat garaitako euskal abesti ezagun asko entzun ahal izango dira telesailean berriro ere: Negu Gorriak, Gatibu, Urtz, Xabi Solano, Hesian, Huntza, Berri Txarrak, The Uski´s, esate baterako.

Aurten, euskal kulturaren munduko beste erakundeekin lan egiteko ahalegin berezia egiten ari da lan-taldea, eta horrek, besteak beste, Euskadiko Orkestrarekin egingo duten elkarlan berezian izango du isla.

Kanpainaren inguruko informazioa ondoko web-gunean kontsulta daiteke: http://bihotzetikezpainetara.eus/