Basque Cybersecurity Centre-k aste honetan abiatu du zibersegurtasun arloko prestakuntza

Curso_Ciberseguridad2.jpg

2017.eko azaroak 15

-        Mehatxuen prebentzioari buruzko tailer batekin hasi da hil honetan egiteko diren hiru jardunaldi tematikoetatik lehena.

 

-        Lehen ekitaldia asteazken honetan egin da Arabako Teknologi Parkean, eta bertan azaldu da ekintza erreaktiboen ostean ekintza erabat prebentiboetara jo beharra dagoela.

 

-        Hilaren 21ean jardunaldi bat egingo da wifi inguruneetako segurtasunari buruz, eta hilaren 30ean egingo da hirugarrena, kasu honetan segurtasunean eragina duten ebaluazio berriei buruz.

 

 

Basque Cybersecutiry Centre-k (BCSC) asteazken honetan abiatu du zibersegurtasun arloko prestakuntza lehenbiziko ikastaroarekin eta lehen ikastaro horretan azaldu da nola prebenitu segurtasun mehatxuak, arazoa detektatu ostean erreakzionatu beharrean. Ikastaro hori Arabako Teknologi Parkean egin da. BCSCren helburua da hainbat ekintza garatzea zibersegurtasunaren inguruko kultura eta kontzientzia-maila handitzeko euskal gizartean, eta, aldi berean, esparru horretarako gaitasunak ematea euskal industriako profesionalei.

 

Zibersegurtasunerako Euskal Zentroak bultzatuko dituen hiru prestakuntza-ekintza tematikoetatik lehena da tailer hori. BCSC iragan irailean jarri zen martxan,  eta “herri-proiektu” bat da, baina baita ere “konpromiso bat, Eusko Jaurlaritzak legealdi honetarako hartu zuena eta dagoeneko betetzen ari dena”. Zentroak badu dagoeneko posta elektronikoko kontu bat, bertara idatz dezaten erabiltzaileek aholkularitza eta gomendioak jasotzeko eta jakiteko nola jokatu zibererasoen aurrean. Orobat deitu dezakete telefono zenbaki honetara: 900 104 891.  

 

Hurrengo bi jardunaldiak azaroaren 21ean (Arabako Teknologi Parkean) eta azaroaren 30ean (Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean) izango dira, eta hizpide hartuko dira wifi inguruneen segurtasuna eta segurtasunean eragina duten ebaluazio berriak.

 

Asteazken honetako jardunaldia, “Zure segurtasuna aztertzen: biltzaile izatetik ehiztari izatera Threat Hunting erabiliz” izenekoa, berriro egingo da abenduaren 12an, Donostian. Behin eta berriz esan da segurtasun arloko adituek eboluzionatu beharra dutela “jarrera nagusiki erreaktibo batetik (log-en kudeaketa, gertakarien biltegiratzea eta azterketa) beste jarrera orekatuago batera, non aintzat hartuko liratekeen detekzio goiztiarra eta prebentzioa”, eta aldatu beharra dagoela segurtasuna kudeatzeko modua, “mehatxu-ehiztari aktiboak bihur gaitezen, beharrezkoak diren prozesu guztietan inplikatuz eta kontrol eta arauak definituz, horrela zantzuak detektatzeko eta gure antolakundeak jasan ditzakeen mehatxuak ezagutzeko”.

 

BCSCren lanak oinarrizko bi printzipio ditu: batetik, enpresa pribatuek eskaintzen dituzten zerbitzuetan ez sartzea eta katalizatzaile funtzioa betetzea zibersegurtasun zerbitzuak ematen eta eskatzen dituzten enpresen artean; eta bestetik, bere baitan biltzea gaur egun martxan dauden eta zuzenean edo zeharka zibersegurtasunean eragina izan dezaketen jarduera-ildo guztiak (prestakuntza, ekintzailetza, I+G, homologazioak, ETEentzako diru-laguntzak, e.a.).

 

Aipatzekoa da Ertzaintzak presentzia izango duela Basque Cybersecurity Centre-n, eraginkorrago izateko ziberdelituen aurkako borrokan, eta baita ere presente egongo direla Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko agenteak (IK4-Vicomtech, IK4-Ikerlan, Tecnalia eta Matematika Aplikatuen Euskal Zentroa-BCAM), ikerketako produktu bateratuak garatzeko eta, balio teorikoa eta analitikoa gaindituz, aplikazioaren esparrura igarotzeko.