Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Argitalpen-data: 2017/04/27

Baskegur-ek eta Frantziako egurraren lehiakortasunerako Xylofutur guneak, lankidetza akordio baterako oinarriak ezarri dituzte

Eusko Jaurlaritzako, Baskegur-eko eta Xylofutur-eko ordezkariek lan bilera bat izan dute Arkauten eta Hondarribian VISESA garatzen ari den egurrezko egiturazko BOE-n promozioa bisitatu dute.

Euskadiko eta Frantziako egurgintza sektoreek lankidetza-harremanak estutu dituzte. Gaur goizean, Eusko Jaurlaritzako, Euskadiko egurgintza elkarte den Baskegur-eko eta Frantziako egurraren lehiakortasunerako Xylofutur guneko ordezkariak elkarrekin lanean aritu dira, baterako proiektuen garapenerako eta balizko sinergien ikerketarako lankidetza akordio bat erredaktatze aldera. Baskegur-ek bultzatutako lan batzarraldiak, Eusko Jaurlaritzak Arkauten duen nekazaritza, arrantza eta elikagai politiken egoitzan burutu da. Xylofutur-eko zuzendari Marc Vicent, Neiker Tecnalia-ko zuzendari Leire Barañanorekin, USSE-ko zuzendari Leyre Salaberriarekin, Baskegur-eko zuzendari Oskar Azkaraterekin eta Hazi Fundazioko Iñaki Guerenabarrenarekin bildu da. Honela, euskal administrazio publikoaren egitura eta basogintza-egurgintzaren sektorean inplikatutako ordezkariak ezagutzeko aukera izan du.   

Hondarribiako Egurrezko BOE-n obretara bisitaldia

Euskadira egindako beren bisitaldian, Xylofutur-eko ordezkariek, egurrezko eraikuntzaren esparruan garatzen ari den proiektu estrategikoenetako bat ere bisitatu dute: VISESA elkartea Hondarribian eraikitzen ari den etxebizitza publikoaren promozioa. Europako hego-mendebaldean inoiz egindako egurrezko obrarik garrantzitsuena da. Bisitan, Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendari Peli Manterola lagun izan dute.