Artolazabalek diru-sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa eta efizientzia hobetzeko beste neurri batzuk aurkeztuko ditu

2017.eko martxoak 22

  • Lanbidek protokolo bat izango du bertako langileek erasoren bat jasan dezaketen kasuetarako
  • Iruzurraren aurkako talde bat eratuko da
  • Beste erakunde batzuekin, udaltzaingoekin eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekin lankidetza hobetuko da
  • Pertsona guztiak hatz-markaren bidez errekonozitzeko sistema ezarriko da
  • Eskainitako zerbitzuak gehiago indibidualizatuko dira

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolabalek, Enplegu eta Gazteriako sailburuorde Marcos Murok eta Lanbide–Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusi Borja Belandiak gaur goizean aurkeztu dituzte Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarriaren sistema eguneratzeko neurriak.  Artolazabal sailburuak azaldu duenez, “neurri horiei esker Lanbidek hobetu egingo du pobrezia eragozteko laguntzen kudeaketa, kontrola eta informazioa, baina, batez ere, prestazioa jasoko duten pertsonei tramiteak azkartzen lagunduko die".

Artolazabalen esanetan, “neurri horiekin diru-sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa hobetuko dugu: tramiteak sinplifikatuta, informazio-zerbitzua hobetuta eta errenta hobeto kontrolatzeko ahalegina eginda, administrazioen artean komunikazioa hobea izango denez.  Jasotzaileen mesederako izango da, kudeaketa zehatzago kontrolatuko da eta gizarte osoarentzat izango da onuragarria”.

Proposatutako neurrien artean honakoak nabarmentzen dira:

  • Lanbidek etengabe gainbegiratuko ditu DBE eta EPO kudeatzeko barruko jarduera-eredua eta lan-prozedura, eta, besteak beste, aztertuko ditu tokiko bulegoetako lan-karga, espedienteei ematen zaien arreta fase bakoitzean (arreta, ebazpena), espedienteak, eta abar. Helburua da dauden baliabideak optimizatzea. 
  • Bestalde, Lanbidek jarduera-protokolo bat sortuko du bertako langileek erasoren bat jasan dezaketen kasuetarako.
  • Enpleguaren euskal zerbitzuak iruzurraren aurkako talde bat eratuko du. Talde hori osatuko dute honako unitate hauetako ordezkariek: Barne Kontrola, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, Informatika eta Komunikazioak, Aholkularitza Juridikoa eta Tokiko Bulegoak. Talde honen funtzioa izango da erakunde guztian aplikatzekoak izango diren jarraibide zehatzak prestatzea. Bestalde, Ertzaintzaren jarduera-esparrua zabaltzeko asmoa ere badago.
  • Eusko Jaurlaritzatik berriz eskatuko zaio Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari Lanbiderekin koordinazioa areagotzeko informazioa gurutzatu ahal izateko, era horretara, jasotzaileen lan-jarduerako altak egiaztatu ahal izateko. Neurri horrek ahalbidetuko du une hauetan aldaketa horiek prozesatzean izaten den atzerapenaren ondorioz jasotzaileek ez kobratzea kobratu behar ez dutena.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko udaltzaingoekin koordinatuta jarduteko beste protokolo bat ere ezarriko da, udaltzaingoek, beharrezko denean, egiaztatu ahal izan dezaten jasotzaileak deklaratutako tokian bizi direla eta deklaratutako bizikidetza-unitatea osatzen dutela. Hori lortzeko, Lanbide eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila Euskadiko udal handienetako udaltzaingoekin eta Eudelekin akordioak lortzen ahaleginduko dira eta erakundeen arteko lantalde bat eratuko da. Lantalde horretan Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak parte hartuko du.
  • Lanbide erabiltzen duten guztiek, ez bakarrik DBE edo EPO jasotzen dutenek, identifikazio-sistema bermatuta izan dezaten, pertsona guztiak, erabiltzaileak nahi langileak, errekonozitzeko hatz-markan oinarritutako sistema bat ezarriko da, organismoaren baitan modernizazioa optimizatzea ahalbidetuko duena. Hemendik aurrera, beraz, Lanbiden edozein tramite egin ahal izateko, hatz-marka erabiliko da identifikazio-metodo gisa.
  • Era berean, eskainitako zerbitzuak gehiago indibidualizatu ahal izateko, Lanbidek, edukiak eta prozedurak jasoko dituen jarraibide baten bitartez, jasotzaile bakoitzarentzat enplegurik egokiena eta prestakuntzarik egokiena zein den zehaztuko du. Horrekin jasotzaileak aktibatzea eta lan-munduan sartzea sustatuko da.

 

Artolazabal sailburuak gaur azaldu duenez, diru-sarrerak bermatzeko sistema “beharrezkoa da, gurea bezalako gizarte aurreratu bat kohesionatu egiten duen aldetik”, eta erantsi du “hau bezalako sistema etengabe berrikusi behar da eraginkorragoa izan dadin”.

“Diru-sarrerak bermatzeko euskal sistemak Euskadin pobrezia arintzeko balio izan du, datuek erakusten duten bezala", azpimarratu du Beatriz Artolazabalek. “Gure pobrezia-tasa erreala % 5,7koa da, 1996ko % 8,7 hura baino txikiagoa, une hartan izan baikenuen aurreko atzeraldiaren moduko krisialdia, ñabardura ezberdinak izan zituena, eta oso urrun dago 1986an, Euskadin errentak bermatzeko lehenengo programa onartu zenean, genuen % 16,1 hartatik".

Artolazabal sailburuak gogoratu du DBEren jatorria Eusko Jaurlaritzak 1989 hasieran abian jarri zuen Pobreziaren aurkako Plan Integralean eta Eusko Legebiltzarrak 1990ean onartu zuen Gizarteratzeko Gutxieneko Diru-sarreren Legean duela jatorria. Adierazi du lege hura izan zela gutxieneko errentak arautzen zituen Espainiako estatuko lehenengo lege autonomikoa, eta 1989ko otsailean ezarritako Familiaren Gutxieneko Diru-sarrera finkatu zuela. 

“Gure helburu nagusia da prestazioaren jasotzaileei tramiteak azkartzea, eta, aldi berean, euskal herritar guztiei zabaltzea sistema hau hobeto ezagutu dezaten. DBE-Diru Sarrerak Bermatzeko Errentak eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarriak eragotzi dute Euskadin 130 mila pertsonatik gora pobrezian egotea. Euskadin elkartasuna bermatzeko ezartzen dugun diru-sarrerak bermatzeko sistema beharrezkoa da, eta, gainera, gurea bezalako gizarte aurreratu bat kohesionatzen du" esan du amaitzeko.