Artolazabal´ek 1.005,6 milioi euroko aurrekontu-proiektua aurkeztu du, enpleguan, familian, gizarte-kohesioan, adinekoetan eta gazterian zentratzen dena

2017.eko azaroak 07

  • 2018ko aurrekontuaren aurkezpena Legebiltzarrean, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren eskutik
  • Funtsezko bost helburu:enplegua eta langabeziaren murrizketa; gizarte-kohesioa eta -elkartasuna; familia, haurrak eta adinekoak, hirugarren gizarte-sektorea; eta gazteak
  • Lehenengoz, gainditu egiten dira mila milioi euroak eta aurreko ekitaldikoa baino % 0,7 handiagoa da
  • Zortzi programa nagusien artean, honako hauetara bideratzen dira:Enpleguko eta gizarte-politiketako egitura eta laguntza:20,8 milioi euro; gizarteratzea:516,6 milioi euro; immigrazioa:   4,0 milioi; gizarte-zerbitzuak:  33,0 milioi; familia- eta erkidego-politika:66,1 milioi; enplegua:  241,5 milioi; gazteria:   7,7 milioi; eta prestakuntza:   116,0 milioi euro
  • 2018 ekitaldiak Enplegu Plan Estrategiko berria ekarriko du, enpleguari eusteko eta enplegagarritasuna areagotzeko neurriekin.
  • 2020rako Euskal Enplegu Estrategiaren helburuak honako hauek dira:aktibazioa, kualifikazioa eta gaitasunak, aukerak sortzea, aukera horien berdintasuna eta kalitateko enplegua
  • Familiei eta Haurrei Babesa eta Laguntza emateko neurrietarako, 64,1 milioi euro bideratu dira

 VG  2017 11 17

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak bere sailaren aurrekontu-proiektua 2018rako 1.005.696.468 milioi eurokoa dela esan du. Lehenengoz, gainditu egiten dira mila milioi euroak eta aurreko ekitaldikoa baino % 0,7 handiagoa da. “Proiektuak funtsezko bost helburutan eragiten du: Enplegua eta langabeziaren murrizketa; gizarte-kohesioa eta -elkartasuna; familia, familia- eta lan-kontziliazioa eta Haurrentzako eta Aniztasunerako laguntza; hirugarren gizarte-sektorearen eta desgaitasunen bat duten pertsonen inklusioa; adinekoen eta zahartze aktiboaren sustapena; eta gazteen emantzipazioa eta ahalduntzea”, esan du Artolzabalek.

 Artolazabalek Ogasunaren Legebiltzarreko batzordean bere sailaren ildo ekonomikoak azaldu ditu, Marcos Muro Enpleguko eta Gazteriako sailburuordearekin, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordearekin, Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiaren eta Iñaki Arrizabalaga saileko zerbitzu zuzendariarekin batera.

“Aurkezten dizuedan aurrekontu-proiektuak eragina du Eusko Jaurlaritzak honako arlo hauetan duen ekintzaren bost helburutan: Enpleguaren eta langabeziaren murrizketa; gazte-enplegua, emakumeena eta iraupen luzeko langabeena; enplegurako prestakuntza; eta gizarte-kohesioa eta -elkartasuna; familia, familia- eta lan-kontziliazioa eta familia-itun berria; hirugarren gizarte-sektorearen eta desgaitasunen bat duten pertsonen inklusioa; adinekoen eta zahartze aktiboaren sustapena; eta gazteen emantzipazioa eta ahalduntzea”, esan du Artolazabal sailburuak.

 Beatriz Artolazabalen hitzen arabera, “ekintza horiek bat datoz, erabat -alderdi batzuetan nabarmen- Europako egungo politikarekin, enplegua eta gizarte-politikak sustatzeko eremuan. Euskadik berreskurapenari eusten dio, Europako estatu eta azpiestatuetako ekonomia nagusiekin batera, eta zorpetze publikoa eta langabezia estatuaren batez bestekoa baino askoz ere baxuagoa da”.

 “Gure herrialdeak 2017 ekitaldiaren amaierari eta 2018aren hasierari gure garapen ekonomikoan jasangarritasunez aurrera egiteko oinarri sendoarekin helduko die, gure langabezia-tasa murriztuz. Egoera ekonomikoaren egonkortasun horrekin paraleloan, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak gure gizartearen bizi-baldintzen eta ongizatearen hobekuntzan lan egiten du”, esan du sailburuak.

 Artolazabalek nabarmenu du “Enpleguaren eremuan programa-partidak eta jarduketak batez ere langabezia-tasak % 10etik behera murriztera bideratuta daudela; horretarako, beste erakunde batzuen, enpresa-munduaren eta gizarte-erakundeen konpromisoa behar da. Era berean, gure ustez, ezinbestekoa da enplegurik eta oinarrizko baliabiderik ez dutenei laguntza ematea. Hori dela eta, pertsona horiei enplegua bilatzen eta hura lortzen lagunduko dien berme-errentaren kontrola kudeatzen eta hobetzen dugu, prestakuntzarekin batera.

 Langabezia gutxiago

“Gure zeregina enplegua eta jarduera berreskuratzeko 2020rako langabezia % 10etik behera jaitsi izana da; gaur egun % 12,3 ingurukoa da.  Gainera, enpleguak gora egiten badu, pobrezia ere murriztuko dugu, gutxienez % 20an. Aurtengo bilakaerak ere adierazten digu bide onetik goazela”, esan du Artolazabalek.

 “Horretarako, 2018rako aurrekontu bateratua egin dugu, 1.005.696.468 milioi eurokoa. Lehenengoz, gainditu egiten ditugu Enplegurako eta Gizarte Politiketarako aurrekontuko mila milioi euroak. Aurrekontu hori aurrekoa baino % 0,7 handiagoa da (999.174.480 milioi eurokoa); izan ere, 6.521.988 euro gehiago ditu”, esan du sailburuak.

 Artolazabalen hitzen arabera, “2017 ekitaldiari dagokion aldakuntzaren ikuspegi erreala izateko, honako hau hartu behar da kontuan: hobarien zenbatekoak Gizarte Segurantzaren kuotetan, enpresek aplikatzen dute pizgarri-neurriengatik eta lanbide-sustapenaren eta -prestakuntzaren arloetan enplegua sortzeagatik, eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren eta etxebizitzaren prestazio osagarriaren prestazioak ordaintzeko gordailututako zenbatekoa, Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen babesean.

 Hobariak finantzatzeko zenbatekoa, aurreko ekitaldian, aurrekontuan 149.411.260 eurokoa zen, eta egungo ekitaldian, kontzeptu horren zuzkidurak 3.771.770 euroko beherakada izan du eta, guztira, 145.639.490 eurokoa da. Enplegu eta Prestakuntza programek zenbateko horiek hartzen dituzte xehakapenaren barruan.

 18/2008 Legean (DSBE-EPO) aurreikusitako prestazioen finantzaketarako zenbatekoa ez da aldatu, aurreko ekitaldiaren aldean; kontzeptu horrengatiko zuzkidura 491,3 milioi eurokoa da, eta Gizarteratzeko programan ageri da.

Ondorioz, irizpide berri horrekin, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak 2018 ekitaldirako 995.402.710 euroko aurrekontua aurreikusten du (1. kapitulua-Langileen Ordainsariak); 2017ko aurrekontuarekin alderatzen badugu Gizarte Segurantzaren hobarien eta 18/2008 Legean jasotako prestazioen efektua ezabatu ondoren, 1.005.696.468 eurokoa da, eta % 1,03ko gorakada eta balio absolutuetan 10.293.758 euroko gorakada dugu.

 Enplegua

Enplegu-politiketan, Lanbideren eta Gazteriaren zuzendaritzaren bidez, funts gehiago bideratuko dira enplegu-politika publikoetara aurreko ekitaldiko gastuen egoeran xede horretan gordailututakoa baino; erakunde autonomoaren kasuan, 864.904.000 euro izan ziren 2017 ekitaldian eta, 2018an, 884.382.000 euro.

  “Helburu nagusia da ahalik eta pertsona-kopuru handienaren lan-aktibazioa enplegu egonkorrez eta kalitateko enpleguez eta, horretarako, tokiko hazkunde ekonomikoa bultzatzea, enpresa-espiritua sustatzea eta enpresen lehiakortasuna hobetzea. Hori guztia, bi protagonista nagusien gogobetetze pertsonalizatuari bideratutako zerbitzu eta tresnen katalogoaren bidez: enpresak eta langileak”, esan du Artolazabalek.

 2018 aurrekontu-ekitaldia bereziki garrantzitsua izango da; izan ere, Enplegu Plan Estrategiko berria ekarriko du, enpleguari eusteko eta enplegagarritasuna areagotzeko neurriekin.

 Artolazabalek azaldu du “2020rako Euskal Enplegu Estrategiaren helburuak honako hauek direla: aktibazioa, kualifikazioa eta gaitasunak, aukerak sortzea, aukera horien berdintasuna eta kalitateko enplegua. Enplegu-arlo horretan, aurreko ekitaldian bezala, nabarmena da gazteen enpleguarekin dugun konpromisoa; horretarako, 14,814 milioi euroko partidak esleitzen ditugu.

 Lanbide

“Lanbideren erreforman eta eguneratzean ari gara lanean, bete-betean. Legebiltzarreko hainbat agerralditan azaltzen ari gara eta, aurtengo urtea, 2018a, erreferentziala izango da euskal enplegu-zerbitzuaren kudeaketa berrian. Lanbide tresna eskudun bilakatzen ari da enplegua sustatzeko eta gizarteratzea kudeatzeko”, esan du sailburuak.

 “Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta dela eta, gure kudeaketaren hamaika hileotan, haren aldeko apustu sendoa egin dugu, krisiaren ondorioak eta enplegu falta gehien jasaten dutenek lan-merkatuetara sartzeko funtsezko laguntza izan dezaten. Horretarako, helburuak eta baldintzak berriro definitzea proposatu dugu, eta haren kontrol xehatuagoa egiten dugu”.

 Lanbideren aurrekontua 2018rako 835.753.709 eurokoa izango da. (Orain amaitzen ari den ekitaldian, 811.422.131 euro izan dira); beraz, % 3ko gorakada egon da.  Lanbideren aurrekontuaren ia 492 milioi gizarteratzera bideratzen dira -zifra ez da aldatzen-. 221.519.272 milioi Enplegura (pasa den ekitaldian 204 izan ziren), eta horrek % 8,5eko gorakada dakar, batik bat enpleguaren sustapenera (165,8 milioi) eta enpresarentzako zerbitzuetara (44,6 milioi). Eta 11 milioi laneratzeko. Datorren urtean, Lanbidek prestakuntzara 100.947.940 euro bideratuko ditu, aurreko ekitaldian baino % 3,5 gehiago. 

 Gizarteratzea

Gizarteratzearen barruan, jarduketa nabarmenenak Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitza Prestazio Osagarria ordaintzeko prestazio ekonomikoei erantzuteko beharrezko aurrekontu-zuzkidurarekin lotutakoak dira, Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legean aurreikusitakoak.

 2018 ekitaldirako aurreikusitako zenbatekoak ez du aldakuntzarik, aurreko ekitaldiari dagokionez. Aurreikusten da bi kontzeptu horiei erantzuteko gordailua, 491.946.000,00 euroan.

 2018 ekitaldi honetan, KPIaren gorakadarekin Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan, DSBEa bermatzen zaie hala behar duten pertsona guztiei, bizi-baldintza duinak izateko eta, gainera, kronifikatze-egoerak saihesteko prestazioa jasotzen ari diren laneratzeko aukerak lehenesteko.

 Era berean, programa honek oso jarduketa garrantzitsua jasotzen du, Gizarte Larrialdietako Laguntzen kudeaketari dagokiona; hura gauzatzea Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzari dagokio. Eremu horren barruan, 2017 ekitaldian bezala, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren zazpiko 2/2016 Legean xedatutakoa beteko da.

 Premisa horren oinarria 4 milioi euro dituen partida da; beraz, GLLak 27 milioi eurokoak dira. Gizarteratzearen arloan kontuan izan behar den beste alderdi bat pobrezia energetikoaren egoerei buruzkoa da, 400.000 euroko partidarekin.

 
 Gizarte Politikak

Gizarte Zerbitzuen Legeak funts bat zehazten du, euskal erakundeek aurrera egin dezaten gizarte-politiken helburua egiteko. Funts horrek 20 milioi euro izango ditu eta foru- eta udal-erakundeek egin beharreko proiektuak finantzatuko ditu. 2018 ekitaldira begira, funts horretarako finantza-laguntzak Eusko Jaurlaritzarentzat 14.008.000 eurokoak dira eta hiru foru-aldundientzat 5.992.000 eurokoak.

 Gizarte-zerbitzuen arloan Ekintza Zuzeneko Zerbitzuak direla eta, Eusko Jaurlaritza Telelaguntza zerbitzuaren, hiru hiriburuetan dauden Familia Bitartekaritzako hiru Zerbitzuen eta Informazio eta Orientazio Zerbitzuen (Zeuk esan babesgabezia-egoeran dauden haur eta nerabeentzako gizarte-informazioaren zerbitzua eta etxeko indarkeriaren biktima edo sexu-arrazoiagatiko biktima diren emakumeei informazioa eta arreta emateko Satevi zerbitzua) arduraduna da.

 “betiOn” izeneko Telelaguntza zerbitzua, beste erkidego eta herrialde batzuentzat erreferentziala dena, garrantzi handikoa da beren etxebizitzan dauden adinekoentzat edo desgaituentzat; hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak ezinbestekotzat jotzen du ongizaterako. 2018 ekitaldirako, “betiOn” telelaguntza 50.000 adinekori zabaltzea aurreikusten da.

 Familia

“Familia, gure ustez, gure gizartearen funtsezko oinarrietako bat da, eta hala ulertzen da, halaber, Europar Batasuneko gizarte-politiketan. Gure herrialdeko giza, gizarte- eta kultura-balioez gainera, aurrerapenerako, orekarako eta mantentze demografikorako bermea da”, esan du sailburuak.

 Beatriz Artolazabalek azaldu du “Familiei eta Haurrei Babesa eta Laguntza emateko neurrietarako, 64,1 milioi euro bideratu direla.   Zifra horretan jaiotzagatiko eta adopzioagatiko laguntzetara bideratutako partidak eta norberaren, familiaren eta lanaren bizitza uztartzeko laguntzetara bideratutako kopuruak sartzen dira.  Kontziliazioari dagokionez, nabarmentzekoa da Lanbiden garatzen den programa; 1.700.000€-rekin, langileen kontziliazioari bide ematen zaio, Enpresak bultzatuz. Eremu horretan, 2018an 30 enpresari banakako laguntza emateko proiektua hasiko da, 10 enpresa lurralde historiko bakoitzeko, norberaren, familiaren eta lanaren bizitza uztartzeko neurriak ezartzeko, jardueraren sektore guztiek bertan ordezkatuta egoteko ahaleginarekin”.

 Aniztasunaren politiketan, nabarmentzekoak dira jarduketak immigrazioaren, LGTBIren eta ijitoen herriaren arloetan, gure erkidegoan pertsona guztien bizikidetzari bide ematekoak.

 Europako ildoa

“Aurkezten dugun aurrekontuak gizarte-izaera nabarmena du eta jasangarria da; arreta berezia eskaintzen zaie gizarteko sektore ahulenei, enpleguan zentratzen da, gizarte-prestazioak betetzea helburu du, enpleguaren sustapenean zentratzen da, bai eta gazteen sustapenean ere, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak ekitaldi honetarako ezarritako helburuak lortzeko”, esan du sailburuak.

 Artolazabal sailburuak esan duenez, “egun batzuk barru, datorren azaroaren 17an, Europar Batasuneko estatu eta herrialdeek “Gizarte Eskubideen Europako Oinarria" izenekoaren oinarriak onetsiko dituzte, Götteborg-en; Gizarte Eskubideen Europako Oinarriak Europar Batasun osoan pertsonen ongizate hobera bideratutako jarduketa definitzen du. Gaur aurkezten ditugun programak eta planak ildo horrekin bat datoz”.

 “Gaur aurkezten dudan Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren aurrekontua, gure gizartearen enpleguaren eta ongizatearen sustapena nabarmentzen duena, honako honen berme da: enplegu-kota handiagoak lortzea, kalitatekoak, gizarte guztiarentzat eta arreta berezia eskainiz gazteen enpleguari, emakumeenei eta iraupen luzeko langabeei. Hori guztia, gure herrialdea langabeziaren % 10etik behera geratzeko".

 Lan-kontziliazioaren politikak hobetzea eta horiei laguntzea ere badu helburu, eta familiagatiko gizarte-ituna proposatzea eta haurrei laguntzea; gizarteratzearekin eta inklusioarekin du konpromisoa eta hirugarren gizarte-sektorearentzako, desgaitasunen bat duten pertsonentzako eta zailtasun gehien duten kolektiboentzako ongizate gehiagorekin; gure adinekoei laguntza emateko ekintzak garatzea du helburu eta, horrela, zahartze aktiboaren baldintza positiboak lortu; lan-kolektiboei eta enplegura jotzeko prozesuan daudenei prestakuntza etengabe eskaintzen die eta gure gazteen aldeko lan sendoa egiaztatzen du; horretarako, beren emantzipazioan eta Euskadiren garapen solidarioan, jasangarrian eta aurreratuan parte-hartzaile eta lider izatea dakarkieten bizi-baldintzen gozamenean laguntzen du", esan du Beatriz Artolazabal´ek amaitzeko.