Arantxa Tapiak Euskadiko eraldaketa industriala azaldu dio Argentinako ordezkaritza instituzional bati

_DOM9896.jpg

2017.eko maiatzak 24

Arantxa Tapiak, Ekonomi Garapen eta Azpiegitura sailburuak, harrera egin dio asteazken honetan bi gobernu ordezkari buru dituen Argentinako ordezkaritza instituzional bati. Astelehenetik daude hemen, Euskadin. Tapiak hainbat argibide eman dizkie Euskadiko eraldaketa industrialari buruz eta Euskadik 4.0 Industriaren alde eginiko apustuari buruz. Ondoren, Argentinako ordezkaritza SPRI Taldeko zuzendari nagusi Alexander Arriolarekin elkartu da.

 

Argentinako ordezkaritza -Martín Etchegoyen buru duena, Mauricio Macri presidentearen kabineteko pertsona garrantzitsuenetako bat alegia- oso interesaturik agertu da Euskadiren eredu industrial arrakastatsuan, klusterren politikan –Argentinan konglomeratu industrial deitzen zaie- eta transferentzia teknologikoa kudeatzeko ereduetan. Ostiralera arte iraungo duen misio honek agenda bete-betea izango du eta, besteak beste, Euskadiko enpresa eta teknologi zentro garrantzitsuenak bisitatuko ditu.

 

Corralito­­-ak joan den hamarkadan eragindako krisiaren ondoren, Argentina suspertze-lanetan ari da une honetan. KPIa %2,4 hazi zen 2015ean, eta langabezia %9,3an kokatu zen, nahiz eta inflazioa oso altu dagoen oraindik, %28 inguruan. Euskaditik Argentinarako esportazioak 14.500 milioi euro ingurukoak dira, eta Argentinatik Euskadirako inportazioak 2.600 milioitik gorakoak. Argentinako produkzio-egituraren potentzial handiena dibertsifikazioa da, eta sektore hauek nabarmentzen dira: nekazaritza eta elikadura, automozioa (Hego Amerikako bigarren ibilgailu fabrikatzailea da, Brasilen atzetik), bio-teknologia, EIKTak, meatzaritza eta oinarrizko industriak (adibidez petrokimika, zementua, papergintza, petrolio birfindegiak eta siderurgia).