Arabako Foru Aldundiak, URAk eta Aguraingo Udalak hitzarmen bat sinatu dute Agurainen hondakin-uren araztegi (HUA) berri bat eraikitzeko

Ernesto Martínez de Cabredo, Josean Galera eta Iñaki Beraza hitzamena sinatzen

2017.eko abenduak 19

Arabako Foru Aldundiak, Uraren Euskal Agentziak eta Aguraingo Udalak gaur lankidetza-hitzarmen bat sinatu berri dute Agurainen hondakin-uren araztegi (HUA) berri bat eraikitzeko: bertan, erakunde bakoitzak hartuko dituen betebeharrak zehazten dira; baita horien guztien finantziazioa ere. 

Oinarrizko azpiegitura da Arabako Lautadako ekialdean hondakin-uren arazte eskasiak —Zadorra ibaian erasanak sortzen dituenak— sortutako arazoei aurre egiteko; eta 2.020rako prest izatea aurreikusten du URAk.  Azpiegitura berriak gaur egun abian denaren ahalmenaren halako hiru izango du, eta isuri urbano guztiak (industria eta etxekoak) araztuko ditu. Arabako Foru Aldundiak idatzitako oinarrizko proiektuan idatzitakoari jarraiki, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza diputatu Josean Galerak zehaztu duen legez; haren hitzetan hitzarmena “garrantzia nabarmenekoa da Araba eta Euskadirentzat”. 

Izan ere, gaur egun abian den Aguraingo araztegia ez da nahikoa halako oinarrizko zerbitzu bat berme guztiekin emateko. Hala jasotzen da 2015-2021rako Ebroko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren neurri-programan ere. 

Hitzarmena gaur sinatu  dute, Arabako Foru Aldundiko egoitzan,  Aldundiko ingurumen eta Hirigintza saileko diputatu Josean Galera, URAko zuzendari nagusi Ernesto Martínez de Cabredo eta Aguraingo alkate Iñaki Beraza. Funtsean honako konpromisoak zehazten ditu: 

  • Uraren Euskal Agentziak bere egiten du Aguraingo Udalari araztegi berri bat eraikitzeko konpromisoa, Foru Aldundiarekin sinatutako esparru akordioan ezarritakoari jarraiki: proiektua idaztea, lizitatzea, egikaritzea eta ordaintzea (2018-2020 artean, 7 milioi euroko inbertsioa), barne. 
  • Foru Aldundiak URAri luzatzen dio Aguraingo saneamendua hobetzeko hasierako proiektua (HUA bertan islatzen da); azpiegitura martxan jarri aurretik gobernantza-eredu  bat zehaztuko du (azpiegituraren mantentze, kudeatze eta berriztatzearen jasangarritasun tekniko eta ekonomikoa bermatuko duena); eta udalari lagunduko dio lanok egiteko beharrezko diren lur-eremuak URAri luza diezazkion; eta, azpiegitura ondo kudeatuko dela bermatuko du, azken finean. 
  • Bere aldetik, Aguraingo Udalak etxekoak ez diren isurketen udal ordenantzak betearazteko eta ikuskatzeko konpromisoa hartzen du; baita lanak abian diren bitartean hondakin uren saneamendu eta araztea bermatzekoa, azpiegituraren jasangarritasun tekniko  eta ekonomikoari eustekoa ere. Eta Arabako Foru Aldundiak sustatuko duen erakunde-kudeatzailean sartzeko konpromisoa ere hartu du (lehena, Udalbatzaren oniritzia jaso beharko duena).

Martinez de Cabredok, azpimarratu duenez “entitate kudeatzaile horrek —Arabako Foru Aldundiak sustatuko duena— ahalmen tekniko eta ekonomiko nahikoa izan beharko du egun zein etorkizunean hiri-erabileradun uraren ziklo integrala eskaini ahal izateko”. Entitate horrek bermatu beharko ditu: kolektoreetara egiten diren isurketen kontrola, hondakin-ur guztiak ondo biltzea, sarearen isurketak ahalik eta gutxienera murriztea, araztegiaren jarduera egokia izatea, haren mantentze-lanak eta haren zerbitzuak jasotzen dituen aglomerazioaren egungo zein etorkizuneko beharretara moldatzea.   

URAren zuzendariak azpimarratu egin du aurrerantzean Arabako lurraldean hornidura eta saneamendu lanak abiarazteko sin daitezkeen hitzarmenen berrietan, erakunde kudeatzaile horrekin bat egitea biziki gomendatuko duela.