3 urtean Sprilur-ek pabilioien %65 komertzializatu du Ortuellako Ballonti industrialdean

Ballonti

2017.eko abenduak 01

  • 2017an beste hiru enpresa kokatu dira eta guztira sei ari dira lanean Ballonti II. industrialdean
  • Eraikitako 10 pabilioien 8.172 m²etatik bakarrik geratzen dira 3 lokal eta urbanizatutako baina eraiki gabeko 3  lursail industrial

 

Industrialdeen kudeaketa eta sustapenerako Sprilur sozietate publikoak, Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren eta Spri Taldearen menpe dagoenak, pabilioi industrialetara bideratutako industria-azaleraren %65 komertzializatu du Ortuellako Ballonti II industrialdean azken hiru urteetan.

 

Industrialde hori estrategikoki kokatuta dago AP-8 errepiderako sarbidean, Ortuellara bidean eta Portugaleteren erdigunerako sarreran. Ortuellako Ballonti industrialdeak 37.352 m²ko azalera dauka, bost lursail urbanizatu ditu, eta horietatik lau erabilera industrialerako dira eta bat erabilera komertzialerako.

 

Sprilur-ek 8.172 m² eraiki zituen industria erabilerarako bi lursailetan eta hamar pabilioi modular jarri zituen erabilgarri 2013tik aurrera. Pabilioi industrialen bi eraikin horietan 300 m²konabeak diseinatu ziren eta momentuz sei enpresa kokatu dira. Enpresa horiek 5.375,9 m²ko azalera okupatzen dute eta ehundik gora langile enplegatzen dituzte. Gainerako 11.275 m²ak urbanizatu egin ziren erabilera industrialeko hiru lursail eta erabilera komertzialeko lursail bat (980,47 m²) eskaintzeko. Lehenengo hiru lursail horietan aukera eman zaie enpresei instalazioak eraiki eta beren jarduera kokatzeko; erabilera komertzialeko lursaila, ordea, erregai-banatzaile bati saldu zaio.

 

Ballonti II industrialdean kokatzeko interesa agertu duten enpresa gehienak sarbide formula malguen bidez sartu dira, hala nola: alokairu sinplea, 3, 9 eta 12 urtera erosteko aukera ematen duen alokairua, edo ohiko formula erabiliz, hau da, zuzenean erosiz.

 

Ortuellako Ballonti industrialdean kokatutako enpresek hainbat sektoretako jarduerak garatzen dituzte, esaterako hauek: kalitate handiko junturak erabilera industrialerako, makineria zerbitzuak eraikuntzarako eta herri-lanetarako, obra, fatxada eta estalkien kudeaketa energetiko integrala, osagai industrialen muntaia eta manipulazioa, eta ekipoen kudeaketa.

 

Ballonti enpresa-gunean era guztietako enpresak aurkitzen dira: badira bi jarduera ekintzaile, 2016an sortuak, berritzaileak, eta eraginkortasun eta aurrezki energetikoko zerbitzu eta konponbide integralak txertatzen eta eskaintzen dituztenak; bada beste bat bere jarduera-sektoreko liderra  eta nazioarteko merkatuan (Portugal, Frantzia, Turkia, Polonia, Peru e.a.) haztera bideratua. Horrez gain, enpleguko zentro berezi bat kokatu da, EAEk aitortua, Estatu mailakoa eta lehentasuntzat hartzen duena erantzukizun soziala. Plantillaren %75ak (45 langile) ezgaitasunen bat dauka, eta %60 haziko dela aurreikusten da. Azkenik, ez ordea gutxienik, bada enpresa bat 4.0 industriari lotutako errealitate birtualeko eta handituko teknologia berritzaileak lantzen dituena, aisialdi, kirol eta entretenimenduaren mundura zuzendua.

 

Hala, Portugalete eta Ortuella bitartean dagoen industrialde horrek jarduera tradizionalak eta belaunaldi berriko industriak batzen dituen diziplina anitzeko enpresa-sare bat eskaintzen du.  Beraz, Ballonti enpresa-gunea eredugarria da kudeaketa, sustapen, garapen eta eraginkortasun aldetik, eta I+G+B eta 4.0. industriari lotutako jardueren aldetik.