3,5 milioi euro bideratu dira Iturrigorri-Gardeazabal (Bilbo) eremuaren leheneratze proiektuak eragindako etxebizitzen desjabetzea ordaintzeko (Gobernu Bilera 2017-06-27)
2017.eko ekainak 27
Gobernu Batzordeak gaur onartu du Ogasun Sailak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren aurrekontura 3,5 milioi bideratzeko dekretua. Zenbateko hori bideratu da Iturrigorri-Gardeazabalen leheneratze-proiektuak eragindako etxebizitzen desjabetzeak ordaintzeko; kostu horren gaineko ardura Bilboko Udalari dagokio.
Akordio horren bidez, Bilboko Peñascal auzo kaltetuaren leheneratzean beste urrats bat eman da. Prozesu hori Ingurumen Saila Bilboko Udalaren laguntzaz egiten ari da. Bi erakundeok 2013an xede horretarako sinatutako hitzarmenean ezarri zen Udalak Iturrigorri eta Gardeazabal eremuetan eraitsi beharreko infraetxeak desjabetzeko kostu osoa hartuko zuela bere gain; Ingurumen Sailak, hainbat gairen artean, horretarako behar zen dirua aurreratzeko konpromisoa hartu zuen.
Proiektuaren III. faseak eragindako pertsonen desjabetzeak egin eta ordaindu ostean, Bilboko Udalak Ogasun eta Ekonomia Sailaren kontuan ordaindu ditu Ogasun Sailak aurreratutako 3,5 milioi euroak eta, beraz, orain, zenbateko hori bere aurrekontura itzuliko da.
Etxebizitzak auzoan garatutako proiektuaren egutegiaren arabera, aurreikusi da urte honen amaieran amaituko direla Uretamendiko 45 gizarte-etxebizitzen eraikuntza-lanak eta bertara joango dira Gardeazabalgo desjabetutako etxebizitzetan legearen arabera bizi ziren familiak. Lekualdatze hori 2018ko udan egitea aurreikusi da, etxebizitza berrien alokairu-kontratuak edo, hala badagokio, salerosketa-eskriturak sinatu ondoren.
Ondoren, planeamendu-ordenamendutik kanpo dauden Gardezabal eremuko eraikinak eraitsiko dira eta eremu osoko urbanizazio-obrak hasiko dira.
Bestalde, datozen uztail eta abuztuan zehar, jada amaitutako Iturrigorriko desjabetzeak eragindakoen lekualdaketak egingo dira Peñascaleko eremu horretako 38 gizarte-etxebizitzetara eta, espero denez, irailetik aurrera auzo horretan ordenamendutik kanpo dauden eraikinak eraisteari ekin ahalko zaio.