280.000 euro bideratuko dira 2020ra arte euskal kostaldeko geoparkearen ingurumen alderdiak sustatzeko (Gobernu Bilera 2017-12-05)

logoconsejo.jpg

2017.eko abenduak 05

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Geogarapenekin (Euskal Kostaldeko Geoparkea Kudeatzeko Elkartea) hitzarmena sinatzeari, eremu horretan legegintzaldian zehar ingurumen-arloko jarduketak egiteko.  Sailak, guztira, 280.000 euro bideratuko ditu, 2020 arte, urtean 70.000 euro, kostaldeko Zumaia, Deba eta Mutriku udalerriek partekatzen duten espazio horren kontserbazio- eta sustapen-jarduerak bultzatzeko eta garatzeko, kontuan hartuta kostaldeko flyscha dutela erakargarritasun nagusi. 

Hitzarmenean aurreikusten diren jarduketak 2020 Geodibertsitatearen Estrategiaren barruan eta 2030 Euskadiko Biodibertsitatearen Estrategiaren barruan kokatzen dira, eta, besteak beste, geodibertsitatea kontserbatzea eta ondare geologikoaren erabilera jasangarria sustatzea dituzte helburu, bai eta ekosistema integratuak zaharberritzea eta horien balioa nabarmentzea ere, Euskal Kostaldeko Geoparkean.