2.400.000 euro bideratu diren kluster erakundeei babesa emateko programaren laguntzen deialdia (Gobernu Bilera 2017-03-21)

logoconsejo.jpg

2017.eko martxoak 21

Ete-en, enpresa handien, ezagutza-hornitzaileen eta herrialde mailako berrikuntza-sistemetako beste aktore batzuen arteko lankidetza —kluster berberaren barruan edo kluster diferenteen artean— da, euskal industria-ehuna nazioartekotzeko gaitasunak eta berrikuntza handitzeko bektore nagusietako bat.

Enpresa-elkarte berritzaileak edo klusterrak dira berrikuntza-sistemako aktoreen arteko —eta bereziki, ete-en arteko— lankidetzaren bideratzaile gisa diharduten agente nagusiak, eta haiei balio-kate globaletan sartzen laguntzen diete.

Euskadiko kluster erakunde hauei babesa emateko, Eusko Jaurlaritzak 2.400.000 euroko balioa duten laguntzak jasotzeko deialdia zabaldu du. Laguntza horiek jasotzeko eskaerak maiatzera arte aurkeztu ahal izango dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko kluster erakundeei babesa emateko 2016ko apirilaren 13ko Agindu bidez araututako laguntzak emateko deialdi honen barne hartzen diren eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez gauzatuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2. artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita.

Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako dokumentazioa kanal elektroniko bidez bideratzeko moduaren inguruko zehaztapenak www.euskadi.eus helbidean beteko dira.