1.500 tona hegaluze baino gehiago deskargatu dituzte euskal portuetan kanpaina hasi zenetik

2017.eko abuztuak 03

  • Arantxa Tapia sailburua Getarian izan da deskargan eta enkantean, eta ondoren, Zumaian, Nardin kontserba enpresaren instalazioak, Sasiain familiaren arrandegia eta Marina Berri jatetxea bisitatu ditu, produktuari lotutako elikagai industriaren balio kate osoari babesa erakusteko
  • Harrapaketen %85 –1.200 tona baino gehiago– Eusko Label zigiluarekin markatu dira, produktuaren kalitatea eta jatorria egiaztatzeko

Egungo kanpainaren hasieratik, euskal portuetan hegaluzearen 1.500 tonaren langa gainditu da –%85 Eusko Labelarekin–, 4,30 euroko batez besteko prezioarekin. Zifra horiek baxurako euskal flotarentzat hain garrantzitsua den arrantzalekuaren bilakaera ona berresten dute. Eusko Jaurlaritzak sektoreari ematen dion babesaren erakusle gisa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Oroz eta Arrantzako zuzendari Leandro Azkue ondoan zituela, hegaluzearen deskarga eta enkantean izan dira gaur goizean, Getariako kaian eta lonjan, eta ondoren ibilbidea egin dute produktuari lotutako elikagai kate osoan zehar,  Zumaian, kontserba enpresa baten instalazioak (Nardin) eta Sasiain familiaren arrandegia bisitatuz, eta herri horretan bertan erakustaldi gastronomiko bat egin da, eta ondoren dastaketa bat, Marina Berri jatetxean.

Deskargen datuak

Orain arte deskargatu diren 1.524,5 tona hegaluzetik 1.172,8 Gipuzkoako portuetan lehorreratu dira (675,8 Getarian, 473,5 Hondarribian eta 23,5 Pasaian), eta gainerakoa Bizkaiko portuetan (141 Ondarroan, 210,7 Bermeon). Batez besteko prezioak 4,12 euro eta 4,49 euro artean dabiltza.

Oro har, orain arte erregistratutako harrapaketek exekutibo autonomoak kanpainaren hasieran egin zituen aurreikuspen baikor baino moderatuak berresten ditu, 2015eko eta 2016ko kanpainek goranzko joera erakutsi eta gero. Hain zuzen, pasa den ekitaldia azken urteetako daturik onenekin itxi zen. Harrapaketak 6.000 tona ingurukoak izan ziren, hau da, aurreko urteko denbora tarte berean kontabilizatutakoak baino %20 inguru gehiago. 2015ean erregistratutako 5 milioi kiloak ere jada hazkunde handia izan ziren 2014an ekarritako 2,9 milioiekiko, edo 2013ko 3,6 milioiekiko.

Lonjako prezioek ere hobekuntza dakarte 2016koekiko, kiloko batez beste 3,79 €-ko prezioarekin, 2015ean baino 36 zentimo garestiago. 2016an euskal kofradietan enkantean jarritako hegaluzearen erdia baino gehiago Getariako portuan deskargatu zen, eta ondoren daude Hondarribia, Pasaia eta Ondarroa. Bermeo izan zen harrapaketa gutxiago eduki zuen bakarra, bakarrik kazako arrantza sistema erabiltzearen ondorioz.

Euskal Label identifikazioa

Orain arte deskargatuta erregistratutako 1.524,5 tonetatik, 1.200 tona baino zerbait gehiago Eusko Label zigiluarekin etiketatu dira, hau da, guztiaren ehuneko 85, eta portzentaje horrek berretsi egiten du kalitatea eta jatorria ziurtatzen dituen zigiluak sektorean lortu duen ezarpena. Aurten, hirugarren urtez jarraian, arrantzaleek beraiek egin dute piezen identifikazioa, eta kopuruaren goranzko joera horrek erakusten du esperientzia zein positiboa gertatzen ari den.

Euskadiko arrantzaleen lana defendatzeko, Eusko Jaurlaritzak azpimarratzen jarraitzen du garrantzitsua dela hegaluzea modu berezituan merkaturatzea. Horregatik, azken urteetan lan ildoa indartu da, ahalik eta pieza gehien Eusko Label bereizgarriarekin identifikatuz eta sektorea ahalik eta gehien inplikatuz. Horrela, arrandegietara doazen kontsumitzaileek ziurtasun osoz jakin ahal izango dute erosten ari diren hegaluzea gure arrantzaleek harrapatutakoa dela, hau da, Euskadiko hegaluzea dela eta kalitatekoa.

2016an harrapatutako 6.207 tona hegaluzetik 3.800 tona baino gehiago Eusko Label zigiluaren babespeko aleak izan ziren, hau da, 2015ean baino %65,5 gehiago. 2015ean hasi zen sektorea bera Eusko Label identifikazioa jartzen, kalitatearen eta jatorriaren irizpideak kontuan hartuta.

 Banan-banan harrapatuta

Eusko Jaurlaritzak, HAZIren bitartez, hainbat promozio jarduera egiten ditu produktua ezagutarazteko eta hegaluzearen ospea eta salmentak handitzeko, esaterako, Euskadiko arrandegietan promozio jardueren bitartez, herrietako jaietan hegaluzea parrillan probatzeko dastaketen bitartez, eta establezimenduetan eta ekitaldietan publizitatea eginez.

Eusko Labela duen Hegaluzea kalitate handiko arraina da, Euskadiko arrantzontziek banan-banan eta sarerik gabe harrapatutakoa, hau da, arrantza sistema tradizionalez harrapatutakoa: kanabera (beita bizia) eta xaxian edo kazan. Metodo horiek, arrainaren kalitatea hobetzeaz gain, arrantza tokien iraunkortasuna eta itsasoko baliabideen zaintza bermatzen dute. Arraina bereizteko, isatsean hautsi ezin den segurtasuneko zigilu zuri bat jartzen zaie Eusko Label sinboloarekin eta beste datu batzuekin, esaterako, berari bakarri dagokion kontrol zenbaki batekin.

Eusko Labela duen Hegaluzeak honako ezaugarri hauek eduki behar ditu:

•  Espeziea: “Hegaluzea (Thunnus alalunga)

• Arrantzontziak: EAEko ontziek harrapatutakoa, artisautzako arrantza metodoekin: beita bizia eta xaxian edo kazan.

• Hautaketa zorrotza: tamaina eta freskotasunari begiratuta, bakarrik piezari hoberenak aukeratu eta identifikatzen dira.

• Gutxieneko neurri bat izan behar dute: "Hegaluzea" 4 kg-tik gora.

• Freskotasun kategoria adierazita eduki behar dute: "Apartekoa" eta "A".

• Portuak: EAEko baimendutako arrantza portuetan jasotzen dira (Hondarribia, Getaria, Bermeo, Ondarroa eta Pasaia).

 Eusko Label bermea duten saltokiak

Genero freskoa banatzeko prozesu logistiko zaindu bat dago, lonjetatik kontsumitzaileari zuzenean saltzeko saltokietaraino. Hegaluze Eusko Labeldunaren promozioa EAEko 260 arrandegitan egiten da, baita Uvesco, Carrefour eta Bilboko “El Corte Inglés”- en, produktu freskoko sail eta arrandegietan, izan ere, komertzio horiek konpromiso bat izenpetu dute bertako eta sasoiko produktua sustatzeko eta saltzeko.

Hegaluze Eusko Labelduna erakutsi eta informazioa ematen da, kontsumitzaileek produktu hori inolako zalantzarik gabe erosi ahal izan dezaten, antzekoak diren baina Eusko Labelaren egiaztapena ez duten  produktuetatik bereizita.

Arraina prozesatzeko sektorearen datuak

2015eko ekitaldiari buruz eskuragarri dauden azken datuen arabera (EUSTAT), nekazaritza elikagaien balio kate hau Euskadiko BPGaren %10,56 da, eta Euskadin 100.000 laguni ematen die enplegua zuenean. Kate horren barruan, arrantza prozesatzeko azpisektoreak 402 milioi euroko negozio zifra lortu zuen, hau da, elikagai eta edarien sektorearen negozio osoaren %10 inguru.

 Gaur egun, guztira 65 establezimenduk dihardute arraina prozesatzen, eta 1.760 pertsona enplegatzen dituzte; jarduera hori oso-oso garrantzitsua da prozesatzeko plantak eta firma merkaturatzaileak kokatzen diren kostaldeko inguruetarako. Arrain kontserben esportazioak 229 milioira iritsi ziren 2016. urtean, euskal elikagaien esportazio guztien %28; ondorioz, kontserben industria Euskadiko elikagaien bigarren esportatzailea da, aurretik ardoarena eta beste edari batzuena baino ez dituela.

Nardin kontserbak

Sektorearen barruan, Nardin Kontserbak jo daiteke egikera orokorraren erakusletzat. Zumaian dago, beteranoetako bat da, eta Eusko Jaurlaritzak elikagai enpresei ematen dien kalitate ziurtagiri gorena dauka. Bere produktuek mugak gainditzen dituzte, eta gaur egun merkaturik zorrotzenetan banatzen dira, esaterako Japonian, zeina liderra den arrainen kontsumoari dagokionez.

Bere bezeroak dira elikadura eta sukaldaritzako puntako enpresak, zein plater espezializatuak eta bakanak prestatu nahi dituzten aditu partikularrak.

Gaur egun ozpin, oliba olio edo gatzunetan jarritako hegaluzearekin eta antxoarekin prestatzen ditu kontserbak.  Oinarrian, guztiak ala guztiak Kantauri itsasoko arrainak dira, kanpainan harrapatutakoak, eta lonjan deskargaren egunean bertan erositakoak.

Nekazaritzako elikagaien balio katea

 Balio kateari emandako babesa gastronomiaraino iristen da, produktu autoktonoari lotuta, eta hori da Eusko Jaurlaritzaren apustu estrategiko nagusietakoa Legegintzaldi honetan, lehen sektorearen eta landa ingurunearen eta itsasaldearen garapenean aurrera egiteko, Euskadiko sare sozioekonomiko osoari eragingo diolakoan.

 Udako hilabeteen ondoren, irailaren amaieran, euskal exekutiboak Euskadiko Gastronomiaren eta Elikaduraren Plana aurkeztuko du. Bere misioa izango da Euskadiko gastronomia eta elikagaiak sustatzea eta garatzea, enplegua eta aberastasun ekonomikoa sortzeko eta nekazaritzako elikagaien eta gastronomiaren industria garatzeko, bereziki bertako produktua bultzatzen duena, iraunkortasuna hobetzea, balio turistiko bikaineko proposamen bat sortzea, kultur, paisaia eta gastronomi ondarea kontserbatzea eta Euskadi-Basque Country marka nazioartean zabaltzea.