Argitalpen-data: 2016/11/09

Mutrikuko kofradia zaharrak ostalaritza- edo gizarte-erabilera izango du

Eusko Jaurlaritzak lehiaketa publikora atera du Gipuzkoako Mutrikuko nasa nagusiko arrantzaleen kofradia zaharraren kudeaketa, ostalaritza- edo gizarte-erabilera emateko.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak urriaren 14ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu du erakin horren emakidarako lehiaketa publikoaren iragarkia. Eraikin hori 1921ean eraiki eta 1992an guztiz birgaitu zen.

Aurkezten diren eskaintzak balioztatzeko puntuatuko duten irizpideen artean, eraikina balioesteko egin beharreko obren proiektua eta hori egungo araudira egokitzea dago, baita eraikina ustiatzeko plana ere. Azken horretan, garatu nahi den ostalaritzaren definizio zehatza jaso beharko da.

“Modu berezian” balioztatuko da tokiko gastronomia eta portuaren kultura barne hartzea, baita eraikinaren lehen solairuan kokatuta dagoen Bentalekua museoaren bidez Udalarekin batera portuaren tradizioaren ezagupena sustatzeko koordinatzen diren jarduera-proposamenak ere.