Lehendakariak Donostia Unibertsitate Ospitaleko tomografo berria bisitatu du

2016.eko urriak 03

Joan den astelehenean, irailak 26, OTA berria martxan jarri zen Donostia Unibertsitate Ospitaleko larrialdietako zerbitzuan. Horren bidez, erantzun azkar eta eraginkorrago bat eman nahi zaie kasurik larrienei. Iñigo Urkullu lehendakaria, Jon Darpón Osasuneko sailburua eta Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusia alboan zituela, gailu berria ezagutzera joan da gaur goizean Donostia Ospitalera. Bertan, larrialdietako zerbitzuko eta erradiologiako profesionalekin bildu da, eta «Hemodinamikoki egonkorrak ez diren paziente politraumatizatuentzako laguntza-programaren» berri eman diote. Paziente horien bizi-kalitatea, dudarik gabe, hobetu egingo da gailu berri honi esker.

Tomografo konputerizatu berria ezinbesteko tresna da paziente larri eta klinikoen diagnostiko-prozesuetarako. Izan ere, kalitate handiko irudiak lor ditzake teknika azkar, erabakigarri eta ez-inbaditzaile baten bidez, eta irudien errendimendu diagnostiko altuari esker medikuentzat errazagoa izango da pazienteekin erabili beharreko terapia hautatzea.

Donostia Unibertsitate Ospitalean, detektagailu anitzeko presazko 12.431 tomografia konputerizatu egin ziren iaz, 34,05 egunean batez beste. “Ekipamendu berri honek 600.000 euro baino gehiagoko inbertsioa izan du, eta horri esker Osakidetzak erantzun are azkar eta eraginkorragoa eman ahal izango die iktus bat edo barne-hemorragiak sufritu dituzten pazienteei, edo istripu baten ondorioz politraumatismo larria dutenei, bihotzeko minak dituztenei, etab.” adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak Donostia Unibertsitate Ospitaleko hitzaldian. Tomografo konputerizatu berria, gainera, haurrekin ere erabili ahal izango da larrialdietan, erradiazio-dosia murriztu eta kontrolatzeko sistemekin erradiazio-dosia optimizatzeko aukera ematen duelako. Horrela, dosia % 40 eta % 80 artean murriztu daiteke, diagnostikoak kalitaterik galdu gabe.

Lehen larrialdietako zerbitzuan erabiltzen zen tomografo konputerizatua Groseko anbulatoriora eramango da. Osakidetzaren Gipuzkoako osasun-zentro bateko lehen tomografo konputerizatua izango da, eta horri esker erabiltzaileek hobekuntza nabaria izango dute irisgarritasunari dagokionez.

Urkullu lehendakariak azaldu duenez Osakidetzako profesionalen aurrean hitzaldian, “Donostialdeako ESIan egiten den inbertsio honi datorren legealdirako aurreikusita daudenak gehitu behar zaizkio. Horien artean daude 4 dimentsioko azeleragailu lineal bat martxan jartzea datorren urtean, onkologiako prozesuak definizio handiko teknologiarekin tratatzeko; Donostian lehen mailako arretako bi zentro irekitzea, Alde Zaharrean eta Aieten; eta, Gipuzkoa mailan, Eibarko Ospitalea zabaltzea.” Halaber, Urkullu lehendakariak nabarmendu du aurreko legealdi honetan hasitako berrikuntza teknologikoaren bidea jorratzen jarraituko dela. Izan ere, 4 OTA berritu dira legealdi honetan, Arabako eta Basurtuko Unibertsitate Ospitaleetan, Urdulizko Ospitalean eta gaur lehendakariak bisitatu duen Donostia Unibertsitate Ospitalean.

(*) Hemen irakurri dezakezu oharra