Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Argitalpen-data: 2016/11/30

Erakundeak eta sektorea bildu dira Euskadiko 2015-2020 Landa Garapeneko Programaren Jarraipen-Batzordeko bigarren bilkuran

2015 eta 2016 urteetako laguntza-deialdiekin 42 milloi euro konprometitu dira fondo publikoen partetik, eta 2015-2020 epealdi guztirako aurreikusitako FEADER fondoen herena.

Saioari hasiera eman dio Bittor Oroz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako Sailburuordeak. Landa Garapeneko Programaren exekuzioa dela eta, aurreikuspen baikorra egin du datozen urteei begira, Europako Batzordeko eta Nekazaritza, Arrantza eta Ingurumeneko Ministeritzako ordezkarien aurrean. OSOA Programako laguntza-neuri guztiak martxan daudela adierazi du, 2016 urtean neurri guztietan laguntza-deialdiak egon direlarik, batean izan ezik. Sektorearen aldetik eskaera-maila oso altua izan dela nabarmendu du, deialdietan finkatutako aurrekontuen ososasuna konprometitu delarik. Honek 31 milloi inguruko gastu publikoa suposatzen du. Gastu honi 2015 urteko deialdiekin konprometitu ziren beste 11 milloi euro erantsi ezkero, orain artean konprometitutako gastu publiko osoa 42 milloitara iristen da, eta horietatik ia 30 milloi euro Europako FEADER funtsekoak izango lirateke (Euskadiko Programari dagozkion FEADER funts guztien %35 hain zuzen ere).

Martxan jartzeko gelditzen den neurri bakarra LEADER neurria da, baina orain gutxi izan da izendatua Tokiko Garapen Estrategia Partehartzailea gauzatzeko Tokiko Ekimen Taldea (MENDINET), eta ondorioz 2017an ekingo dio.

Oroz Sailburuordeak tresna finantzieroen erabileraren garrantzia azpimarratu du, batez ere egungo egoera ekonomikoa kontutan hartuta, eta zentzu horretan aurreratu du Sendotu Programa Landa Garapeneko Programan barneratzeko asmoa. Sendotu Programa inbertsiotarako mailegu fondo bat da, Eusko Jaurlaritzaren bermearekin eta interes bonifikatuarekin.

Ondoren, Landa garapeneko Programaren Kudeaketa-aginteak errepaso zabala egin dio programaren kudeaketarekin lotuta dauden hainbat puntuei, eta azken urtean OSOA programaren baitan garatutako jarduera guztien berri eman dio Jarraipen-Batzordeari, erakundeetako eta sektoreko ordezkariez osatua dagoena.

Honekin batera, 2007-2013 epealdiko Landa Garapeneko Programari buruzko azken Ebaluaketa Txostena aurkeztu da, Euskal Herriko Unibertsitateak egindakoa. Txosten hau eta aurkezpena, OSOA Programarekin zerikusia duten dokumentu guztiekin batera, OSOA weborrian daude ikusgai.