Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Argitalpen-data: 2015/12/29

Software librea, euskara eta teknologia berriak

Software libreak berekin baliozko ekarpenak dakartzala gauza jakina da: batez ere hezkuntza arloan, aurrerakuntza teknikoetan zein ekonomikoetan (eta baita maila etikoan ere). Software libreak askatasuna ematen digu harekin nahi duguna egin ahal izateko: kopiatzeko, eraldatzeko, euskarara itzultzeko, adibidez… Azken ekintza horri, (eta itzulpenarekin berez erlazionatuta dauden beste ekintza batzuk kontuan izanda) euskarazko “lokalizazioa” esango genioke. Ostera, software pribatiboarekin askatasun horiek ukatzen zaizkigu printzipioz, eta euskaraz zerbait kaleratzea edo moldatzea debekatua ikus dezakegu lizentzia murriztatzaileen erruz.

Lokalizazioa esaten dugunean, dela euskarara edo edozein hizkuntzatara, zenbait kontu teknologiko hartu behar dira kontuan. Miguel Ángel Jiménez Crespo-k (Granadako Unibertsitatea) ("El proceso de localización web: estudio contrastivo de un corpus comparable del género sitio web corporativo", 2008) dio lokalizazioa izatez lau prozesuren katean katebegi bat gehiago dela. Ingelesez, “GILT” sigla ingelesezkoarekin esaten zaio ziklo osoari: Globalization, Internationalization, Localization, eta Translation. Urrats desberdinak dira, hala ere batean edo beste batean huts eginez gero, software produktu bat hizkuntza jakin batean egoki funtzionatzea eragotz dezakegu. Zorionez, gaur egunean, software libreko aplikazio gehienak prestatuak daude GILT ziklorako.

Hain zuzen ere, aukerak irekita daudelako, azken urteetan Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aplikazio informatikoen euskarazko lokalizazioa ari da sustatzen. Adibidez, ofimatikako OpenOffice paketea 2002tik egon izan da eskuragarri euskaraz lokalizatuta. Sistema eragile osoak ere egin izan dira, adibidez EUSLINUX banaketa, eta dirulagintzak banatu dira zenbait aplikazio lokalizatzeko ere: kudeaketa tresnak, CMS-ak eta Interneteko beste aplikazio batzuk, eta beste hainbat.

[euskarazko softwarea lortzeko webgunea]

Adibide gisa, kontuan hartzekoa da finantziazio estra bat dutela (%5eko plus bat) IKT deialdiko dirulaguntzetan era honetako proiektuak bultzatzen dituztenek:

  • Software lokalizazioa

  • Software librearekin egindako aplikazioak

  • Eduki libreak dituzten proiektuak

Azken deialdian (IKT 2015) Eusko Jaurlaritzak 810.000 euro esleitu ditu, eta babestu izan diren proiektuen %40 plus horrekin egin izan dira. Hau da, euskarazko aplikazio eta proiektuen garapenean, software librearen erabilpena benetan faktore inportantea izaten ari da.