Argitalpen-data: 2015/06/26

Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du datorren asteko astearte eta asteazkenerako tenperatura altuengatik.

Baliteke termometroak 40ª C-etara iristea.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak tenperatura altuen alerta laranja aktibatu du datorren asteko astearte eta asteazkenerako. Tenperaturak 40 ºC-tik gorakoak ere izan daitezke; beraz, baliteke alarma gorria deitzea. Segurtasun Sailak behar bezala jakinaraziko du.

Meteorologiako Euskal Agentziaren (Euskalmet) arabera, datozen egunetan Afrikako iparraldeko haize masa oso bero bat iritsiko da. Horrenbestez, probabilitate altua dago datorren astean EAE osoan hedatzeko. Gainera, ziurrenik hegoaldeko haizearekin bat egingo du zenbait egunetan eta baliteke hainbat egunetan muturreko baliotara iristea.

Astelehenean, hilak 29, barruandean tenperatura maximoak 35 ºC-ak izango dira. Kostaldean, ordea, brisei esker, maximak oso atseginak izango dira 25-30 ºC artekoak.

Asteartean, hilak 30, hego-osagaiaren balizko fluxu batengatik, egunaren lehen erdian, baliteke maximak 35 ºC-tik gorakoak izatea EAE osoan, eta 40 ºC-tara ere iristea.

Euskalmeten aurreikuspenen arabera, asteazkenean, uztailak 1, baliteke egunaren zati handi batean hego-osagaia nagusitzea, eta maximak muturrekoak izatea: 40 ºC-tik gorakoak EAE osoan, baita hortik gorakoak ere batzuetan.

Enbata aukera

Euskalmetek aurreikusi du, gainera, astearte eta asteazken arratsaldetan, kostaldeko baldintzek ipar-osagaia sartzeko aukera ekarriko dutela. Horregatik, ez dute baztertu enbata egotea. Hala, tenperatura bat-batean nabarmen jaitsiko da arratsalde-gau partean.

Oharra: Eguraldi iragarpenak eta abisuak Euskalmeten bidez jarraitzea gomendatzen da (www.euskalmet.net). Abisuen kasuan, jarraipena Twitter bidez egitea aholkatzen da (@Euskalmet).

Beroaren kontrako prebentzioa

EAEn izango diren tenperatura altuen ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak hurrengo gomendioak eman nahi dizkie herritarrei:

Likido gehiago edatea

  • Ohi baino likido gehiago edatea, ura gehienbat.
  • Ez itxaron egarri izan arte edateko.
  • Kafeina, alkohola edo azukre gehiegi duten edaririk ez hartu.
  • Zure sendagileari kontsultatu edan dezakezun likido kopurua mugatu badizu edo diuretikoak agindu badizkizu.

Elikadura

  • Egin otordu arinak (entsaladak, gazpatxoa, barazkiak, frutak...).

Etxean

  • Eguzkiak jotzen duen aldean itxi leihoak eta jaitsi pertsianak.
  • Bero gutxien egiten duen uneak baliatu etxea haizeberritzeko eta freskatzeko.

Erabili arropa egokia

  • Arropa lasaia, arina, kolore argikoak.
  • Oinetako erosoak eta freskoak.

Freska zaitez

  • Bero handia nabarituz gero, hartu dutxa edo bainu hotzak.

Babes zaitez eguzkitik

  • Bero handien egiten duen orduetan ez atera kalera beharrezkoa ez bada.
  • Atera behar izanez gero, eraman burua estalita eta erabili eguzkitarako betaurrekoak.
  • Saihestu eguzkia eta bilatu itzala.
  • Saiatu jarduera fisiko bizia eta luzea ez egiten bero handien egiten duen orduetan.
  • EZ DADILA INOIZ inor gelditu edo utzi aparkatu eta itxitako ibilgailu batean, itzalpean egonik ere.

Zaindu pertsona ahulenak

  • Arreta berezia eman haurrei eta ume txikiei, adinekoei eta beroak zein deshidratazioak larriagotu ditzaketen gaixotasunak dituzten pertsonei (adibidez, bihotzeko eritasunak).
  • Zaharrek, batez ere bakarrik bizi edo mendekoak direnek zailtasuna izan dezakete babes-neurriak hartzeko; horregatik, senide, adiskide edo auzoko batek egunean behin gutxienez bisitatu behar dituzte eta, hala badagokio, gizarte-zerbitzuen laguntza eskatu behar da.

Gorde sendagaiak leku freskoetan

Beroak konposizioa eta efektuak alda ditzake.

Bero kolpe baten kasuan hartu beharreko neurriak.

Tenperatura handiek ondorio txar hauek eragin ditzakete: zorabioak, ahultasuna, akidura, goragalea edo konortea galtzea. Intsolazioa ere badago lotuta tenperatura handiarekin; sintoma hauek eragiten ditu: larruazal gorritua, beroa eta lehorra; pultsu azkarra edo buruko min bizia. Horrelakoetan, hori nozitzen duen pertsona toki fresko batean eduki beharra dago, burua estalita; besapeetan konpresa busti eta hotzak ipini behar zaizkio, eta ura gatz eta bikarbonatoarekin nahastuta eman behar zaio edateko.

Dena den, sintomek iraunez gero, galdetu ohiko medikuari.

Arrisku taldeak

Tenperatura igoerek eragin berezia dute umeengan (4 urtetik beherakoak eta bularrekoak), adinekoengan (65 urtetik gorakoak eta, bereziki, 80 urtetik gorakoak), gaixo kronikoetan (patologia kardiobaskularrak, arnas aparatuko patologiak, giltzurruneko gutxiegitasun kronikoa, dementziak eta obesitate larria dituztenak) eta hainbat tratamendu hartzen dituzten pertsonengan (diuretikoak, neuroleptikoak, antikolinergikoak eta lasaigarriak).

Era berean, kontuz ibili behar dute aire librean jarduera intentsuak egin behar dituztenek, bai lanagatik bai dibertitzeko, eta gizarte bazterkeria jasaten dutenek.

 

Informazio gehiago hemen:

http://www.osakidetza.euskadi.eus/r85-cksalu02/es/contenidos/informacion/aire_libre/es_aire/r01hRedirectCont/contenidos/informacion/indice_verano/es_indice/indice_verano.html