Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du gaur, abuztuak 31, arratsalderako, euri jasengatik.

Argitalpen-data: 

Segurtasun Sailak euri jasengatiko alerta laranja aktibatu du gaur, abuztuak 31, 15:00etatik 21:00etara. Gainera, baliteke ekaitz bortitzak eta txingorra ere izatea.

Meteorologiako Euskal Agentziaren-Euskalmeten ustez, azken egunetako beroak eta alturan iritsitako aire hotzak eragin dute egoera. Horrenbestez, bart izan den desegonkortasuna areagotu egingo da gaur arratsaldean. Ekaitzak izango dira EAE osoan, ekialdean batez ere.

Euskalmeten arabera, ekaitzak azkar pasatuko dira, baina zaparrada handiak utz ditzakete. Leku batzuetan, tamaina nabarmeneko txingorra ere eror daiteke eta haize-boladak gogorrak izango dira.

Ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak kontuz ibiltzeko eskatu du, errepideetan eta hiriguneetan putzuak sor daitezkeelako.

Fronte hotza

Bestalde, altuerako haize hotzarekin batera, gaur azken orduetan eta biharko lehen orduetan fronte hotz bat heltzea espero da. Fronte horrek zaparrada txikiak eta biziak utziko ditu. Kantauri isurialdean, zaparradak handiak izan daitezke, bereziki, kostaldean.

Finean, gaur arratsaldean egoera desegonkorra izatea espero da, baina bihar egonkortzera joko du. Hala, ekaitzez gain, tenperaturak nabarmen jaitsiko dira, eta atzean geratuko dira aurreko egun beroak. Tenperaturak baxuagoak izango dira aste osoan.

Oharra: eguraldi iragarpenak eta abisuak Euskalmeten bidez jarraitzea gomendatzen da (http://www.euskalmet.net). Abisuen kasuan, jarraipena Twitter bidez egitea aholkatzen da (@Euskalmet).