Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Argitalpen-data: 2015/03/06

Mugikorretarako aplikazioen gida

Gero eta zabalagoa eta orokorragoa da mugikorren erabilera herritarren artean. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak eta haren Erakunde Autonomoek Interneten daukaten presentzia-ereduak premia bat atzeman du:  aukera eman behar da informazioa eta zerbitzuak gailu horien bidez kontsultatzeko eta kontsumitzeko.

Premia horri erantzun zitzaion web-orriak pantaila-tamaina guztietara egokituta lantzeko ikuspegiaren bidez, baina zenbaitetan, gomendagarria da terminalak berak zerbitzu hobea eman ahal izateko eskaintzen dituen abantailak baliatzen dituzten aplikazio mugikorrak garatzea.

Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dituen zerbitzuak askotarikoak direnez, beharrezkoa da irizpide orokor batzuk ezartzea mugikorrentzat egiten diren aplikazioentzat, betiere, oinarrizko bi helburu hauekin:

  • Erabiltzaileak segurantza izatea erakunde ofizial baten aplikazio seguruak deskargatzen ari direla.
  • Eusko Jaurlaritzaren eta Erakunde Autonomoen sailek eurek erreferentzia-gida  bat izatea mugikorretarako aplikazio bat landu, eguneratu eta argitaratu behar dutenean. Sektore publikoko beste erakunde batzuk ere baliatu eta erabili ahal izango dituzte Eusko Jaurlaritzak storeetan (biltegietan) dituen argitalpen- eta zabalkunde-kanalak.

Horregatik, mugikorretarako aplikazioen gida bat landu da, zeinetan oso modu sinplean eta bisualean azaltzen baita  zer prozedura jarraitu behar den, zer estilo eta diseinu aplikatu behar den eta zer jarraibide tekniko kontuan hartu behar den. Hori guztia euskadi.eus/app webgunean topa daiteke, baita Eusko Jaurlaritzak mugikorretarako aplikazioetarako daukan direktorioan ere.