Segurtasun Saila

Euskalmetek hauteskunde-eguna hodeitsua izango dela eta euri ahulak ekarriko dituela iragarri du..

Argitalpen-data: 

Dena dela, barrualdean ostarteak izango dira eguerdi partean..

Euskalmet – Euskal Agentzia Metereologikoak iragarri duenez, datorren igandean, maiatzak 24 eta hauteskunde-eguna, euri-jasa ahulak eta hodei ugari egongo dira EAEn, iparraldeko haizearen eraginez. Dena dela, ostarteak izango dira, batez ere, eguerdi aldera eta barrualdeko eremuetan.

Kantauriko isurialdean zailago izango da hodeiak aldentzea eta ez dirudi ostarterik zabalduko denik. Euri ahulak egongo dira, baina ez da baztertzen noizbehinka zaparrada euritsuagoak ere erortzea.

Hegoaldean, ordea, ostarteak zabalduko dira eta euriak urriagoak eta sakabanatuagoak izango dira.

Euskalmeten arabera, haizea iparraldetik joko du, 15-25 km/h-ko batez besteko abiaduraz, 40-60 km/h arteko haize-boladekin. Arratsalde partean gehiago nabarituko da haizea eta gune populatuetan 40 km/h-ko abiadura hartzera ere iritsiko da.

Ebroko haranean ziertzoa nabarituko da, batez ere, arratsaldean.

Tenperaturei dagokienez, aurreko egunotan izandakoen antzekoak izango dira, gehieneko tenperaturak zertxobait altuagoak, beharbada: gutxienekoak 10 eta 12 ºC-ren artean egongo dira, eta gehienekoak 16-18 ºC artean.

Gasteizen, 16 ºC-ko gehieneko tenperaturak espero dira; Bilbon, 17 ºC-koak eta, Donostian, 16 ºC-koak.