Argitalpen-data: 2015/12/09

Biodibertsitatearen europako 2020rako estrategiaren tarteko berrikuspena

Europar Batasunak biodibertsitateari buruz 2020ra arte duen estrategiak biodibertsitatearen galera eta zerbitzu ekosistemikoen degradazioa geldiarazi eta ahalik eta gehien lehengoratu nahi ditu; gainera, munduko biodibertsitatea galtzearen kontrako borrokaren alde egin nahi du. Horretarako, sei helburu nagusi ezartzen ditu: natura babesteari buruzko Europar Batasuneko legedia guztiz aplikatzea; ekosistemak eta horien zerbitzuak mantendu eta lehengoratu batasuneko lurralde osoan; nekazaritzaren jasangarritasuna, basogintza eta arrantza; espezie exotiko inbaditzaileen kontrako kontrolak sendotzea; eta, munduko biodibertsitatearen galeraren kontrako borrokan ekarpen handiagoa egitea Europak. Europar Batasunaren estrategiak naturak dakartzan onura ekonomiko eta sozialak kontuan hartu ez ezik, onura horiek informazio eta kontabilitatearen sisteman sartu beharra ere nabarmentzen du.

Europar Batasunak biodibertsitateari buruz duen estrategiaren tarteko berrikuspenak adierazten du eremu askotan egin dela aurrera, baina azpimarratzen du Europar Batasuneko estatuek hartutako konpromisoak betetzeko ahaleginak are gehiago handitu behar direla. Arriskuan jartzen ari da naturak duen gaitasuna airea eta ura arazteko, laboreak polinizatzeko eta hondamendien inpaktua mugatzeko, hala nola uholdeak; horrek, gainera, gizarteari eta gure ekonomiari ustekabeko kostu handiak ekarri ahal dizkie.

Lehenik eta behin, Europar Batasuneko estatuek natura babesteko EBren legedia hobeto aplikatu behar dute, Batasunaren intereseko habitat naturalen hiru laurdenak kontserbazio egoera okerrean baitaude eta espezie asko galzoriko egoeran baitaude. Biodibertsitatearen galera geldiaraztea gainera nekazaritza, basogintza, arrantza, eskualdeko garapen eta merkataritzaren inguruko politiketan biodibertsitateari buruzko kezkak txertatzearen eraginkortasun-mailaren araberakoa izango da; nekazaritza eta basogintzaren arloetan lortzen ari dira aurrerapausorik handienak.

Europak oraindik ere lortzeko du habitat naturalak lehengoratu eta azpiegitura berdea sortzeko erronka. EBren azpiegitura berdearen estrategia aplikatutakoan, hainbat sektoretan etekin anitzak ekarri beharko ditu, besteak beste, honako hauek nabarmentzen dira: nekazaritza, basogintza eta arrantza. Bestalde, espezie exotiko inbaditzaileak dira biodibertsitearen kontra Europan azkarren hazten ari diren mehatxuetako bat; horrek urtean 12.000 euro milioiko kostua dakarkio EBri, gutxienez. Espezie exotiko inbaditzaileak zabaltzearen kontrako EBren erregelamendu berri bat martxan jartzeak eta 2016ko urtearen hasieran espezie exotiko kezkagarrien EBrako zerrenda ezartzeko abian diren lanek lagunduko dute arazoa konpontzen, gutxienez, arazoaren zati bat.

Tarteko berrikuspenarekin batera, Eurobarometroaren inkesta izan da; horrek Europako biztanleek biodibertsitatearen egungo joeren inguruan adierazitako kezkak jasotzen ditu. Gutxienez, Europako biztanleen % 75ek uste du nazio, Europa eta mundu mailan animalia, landare eta ekosistemen kontrako mehatxu handiak daudela; erdiak baino gehiagok uste du biodibertsitatearen galerak berarengan izango duela eragina. 

 Informazio gehiago: