Argitalpen-data: 2015/04/24

2.000 urteko meatze erromatarra publikoari irekiko zaio Arditurrin

Erromatarrek bertan behera utzi zutenetik bere horretan gorde da Santa Barbara meatzea Arditurrin. Bertan burututako ikerketa konplexuaren ondoren, eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzari esker, aurkikuntza harrigarriak egin dira. Arkeolan Fundazioak publikoa bisitan hartzeko egokitu du meatzea.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendari Imanol Agotek gaur goizean aurkeztu ditu azken hiru urte hauetan Arditurrin egin diren lanik esanguratsuenak. Prentsaren aurreko ekitaldian partaide izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiko, Oiartzungo Udaleko eta Arkeolan Fundazioko kideak ere. Aurkezpenaren ondoren, Santa Barbara meatzera bisita gidatua egin da.

2008 urtean, Arditurriko meategi handian jendearentzako bisitak antolatu ziren, eta bi motatako erakustaldi —estandarra eta abentura izaerakoa— eta interpretazio gunea prestatu ziren. Eskaintzak arrakasta handia izan du eta bisitek bere tokia izatea lortu dute natur eta kultur zirkuituen esparruan. Eskaintza hori hobetu eta handitu egin da 2012, 2013 eta 2014 urteetan gauzatu den programa batekin. Programan Arditurriren erakargarritasuna sendotzen duten osagai arkeologikoak jarri dira balioan, eta hartarako alor hauetan eragin da:

- Santa Barbara (Arditurri 3) meatzea gaitzea: erromatarrek utzi zutenetik bere horretan mantendu den meatzea, eta erromatarren meatze-ingeniaritzaren erakusle bikaina

- Mearen dekantaziorako baltsa, hau ere erromatar garaikoa, bistaratzea

- Erdi Aroko burdinola hidraulikoaren aztarnak aurkitu, induskatu eta berrintegratzea

- Aurreko guztiak seinaleztatzea



Santa Barbara, erromatarren meategia

Eragin handiena izan duten ekintzen artean aipagarriak dira Santa Barbara meategian egindako lanak. Erabat erromatar egikerako duen meatzea da , eta prospekzio galeria handi bat du, malda handi batetik zehar irekia eta pikotxez zizelkatua. Oinarrian eskailera mailak ere ageri dira. Galeria honen amaieran beste bat dago, kanpo aldera joaten dena hain zuzen ere, eta trazatu horizontala dituena; biak estuak dira, obalo tankerako sekzioa dute, eta zulotxo asko dituzte, olio lanparak jartzeko. Guztira 100 bat metroko ibilbidea da. Galeriaren sarreran eta prospekzio galeriek bat egiten duten gunean sendotze lanak egin dira meategiaren egonkortasuna bermatzeko. Kanpo aldean 20 metro luze den sarbide zanga bat dago, eta horren ingurua ere egokitu egin da bisitariak etorri ahal izateko.

Erdi Aroko burdinola hidraulikoaren aztarnak

Arditurriko errekaren goi-ibarrean induskatu, aztertu eta jendaurrean azaldu dira XIItik XIV mendera bitarteko burdinola hidrauliko baten aztarnak. Oso interesgarriak dira, instalazio mota hori ez baitzen arkeologi erregistroan ezaguna. Tarteko bidean dago, mendi burdinola —edo haize ola− eta ibaien ondoan uraren indarra aprobetxatzeko eraikitzen zirenen burdinolen artean: kasu hau garapen horren lehenengo urratsa izanago litzateke. Jasotako datuen arabera egurrezko eraikina zen, harrizko zokalo baten gainean egina. Burdinola hau Irun-Oiartzun Burdinola Foruan deskribatutako panoraman dago txertatua —Forua Gaztelako Alfonso XI.ak eskualdeko olagizonei eman zien 1328 urtean —.

Mearen dekantaziorako baltsa

Dekantazio-baltsa Interpretazio-Gunera ematen duen mendi hegian dago, eta lurrean bereizten den lerro txiki baten bidez nabaritzen da. Kontuan izan behar da erromatar garaian materialak xehe-xehe egin eta gero alerik onenak bereizteko sedimentuak dekantatu eta urez garbitzen zirela. Era horretan eratu da lekukotasun hau, hain zuzen ere Inperioak lagatako aztarnen artean nahiko bitxia dena. Egin den ekintza eremu batzuetan ote zuria inausi eta beste eremu batzuetan gramineo eta ihitzak landatzea izan da, eta horrez gain zenbait urki landatu ditugu, landarediak zedarritu ditzan arkeologi eremuko lerro nagusiak.

Seinaleztapenari dagokionez 5 informazio panel jarri dira, eta horietan balioan jarritako lekukotasunei buruzko azalpenak ematen dira, 2 dekantazio baltsei buruzkoak dira, beste bi Santa Barbara meategiari buruzkoak, eta bat burdinola hidraulikoari buruzkoa. Proiektua osatzeko Interpretazio-Zentroak duen kristalezko gunean panel batzuk jarri dira. Panel horiek parkearen baliabide arkeologiko inguruan informazio orokorra ematen dute.

Lanak burutzeko epea: 2012ko urtarrilaren 1etik 2014ko abenduaren 31ra

  • Paisajismo proiektua: Jakoba Errekondo eta Asier Galdos
  • Landare katalogoa: Karlos Aseginolaza
  • Santa Barbarako meategiko sendotzeko lanen proiektua: Txomin Ugalde.
  • Indusketa arkeologikoak, ikerketa, egokitzeko lanak, itxiturak planoak etabar: Arkeolan Fundazioa

Arditurriko meatze esparrua

Arditurriko meatze esparrua Gipuzkoako garrantzitsuena izan da, bai bere neurriengatik eta bai dituen mea zainengatik: galena zilarduna, blenda, kalkopirita, siderita, hematitea, goethita, espato fluorra eta barita. Esparru horretan Arkeoloan Fundazioak erromatar garaiko 44 mea gune ditu katalogatuta. Lehendabizikoak 1983an aurkitu ziren, ustiategiak oraindik martxan zeudenean, eta Eusko Jaurlaritzak legez berehala babestu zituen. Geroztik, arkeologia aurkikuntza asko egin dira, aipatutako 44 adibideetara iritsi arte eta horiei, gainera, erromatar garaiko meatzearekin lotutako zenbait lekukotasun hornitu behar zaizkie, besteak beste dekantazio baltsak, edo martxan dabilen lur azpiko akueduktu bat. Horrez gain beste garai batzuetako intereseko zenbait aurkikuntza egin dira, horien artean berun meatzea lantzeko toki bat eta burdina ekoizteko burdinola hidrauliko bat, biak ere Erdi Arokoak.