Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2018ko urtarrilaren 31koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei diru-laguntzak emateko deialdia egiten duena 2018rako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 30
  • Hurrenkera-zk.: 765
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2018/01/31
  • Argitaratze-data: 2018/02/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Baliabide genetikoen, batez ere autoktonoen, kontserbazioa, karakterizazioa eta hobekuntza eredua izan dira Europako legeria berria diseinatzeko eta FAOren mundu-estrategia diseinatzeko. Eredu horrek laguntza-mekanismoak ezartzea eskatu du, politika horiek abeltzain-elkarteen jarduerara moldatzeko.

Elkarte horiek, batetik, ustiategiak modernizatzeko ahaleginak koordinatu eta bultzatzen dituzte, liburu-genealogikoak kudeatuz, hautaketa-programak baliatuz eta errendimenduen kontrola eginez. Bestetik, lortutako emaitzak jakinarazten dituzte, eta abereak eta haien produktuak merkaturatzen laguntzen dute; modu horretan, produkzioa eraginkorragoa izatea eta abeltzaintzako ustiategiak errentagarriagoak izatea lortzen dute, programa berritzaileak eta teknologia berriak aplikatuz apurka-apurka. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuen eta mendi-nekazaritzako inguruen garapen eta sustapenean laguntzen dute.

Neurriak erabat eraginkorrak direla ziurtatzeko, hartzaile izan daitezkeenek laguntzak eskuratzeko eta gozatzeko aukera berberak dituztela bermatzeko, eta araudi zooteknikoaren aplikazioa homogeneoa izan dadin, urriaren 24ko 240/2017 Dekretua onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko arraza-garbien abeltzain-elkarteei diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Dekretu arautzaile horren 13. artikuluak xedatzen duenez, urtero deialdi bat egingo da, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren agindu bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei diru-laguntzak emateko. Dekretu horren arabera, deialdi-aginduan zehaztuko da zenbat diru bideratuko den diru-laguntza horietara eta zer epe dagoen eskaerak aurkezteko, eta, hala behar izanez gero, azaldu egingo da zein den Emakume Nekazarien Estatutuaren bigarren xedapen gehigarriaren edukia.

Deialdi hau ebazterakoan, aintzat hartuko dira administrazio publikoen diru-laguntza jarduera arautzen duten publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak, betiere honako arau hauetan xedatutakoari jarraituz: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak; Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta laguntza eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenak. Gainera, diru-baliabide erabilgarriak agindu honetan ezarritako irizpideen arabera aplikatuko dira.

Hori dela bide, hau

Lehenengoa. Xedea.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei laguntzak emateko deialdia egitea 2018ko ekitaldirako. Laguntza horiek urriaren 24ko 240/2017 Dekretuan ezarrita daude.

Bigarrena. Eskabideak eta dokumentazioa.

  1. Urriaren 24ko 240/2017 Dekretuan ezarritako laguntzen 2018ko deialdian eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko arraza-garbien abeltzain-elkarteei diru-laguntzak emateko modua arautzen da.

  2. Eskatzaileek bitarteko elektronikoz aurkeztu beharko dituzte eskabideak. Eskabideak izapidetzeko xehetasunak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako agiriak honako helbide elektroniko hauetan egongo dira eskuragarri:

    Gaztelaniazko eskabide elektronikoa:

    https://www.euskadi.ejiedes.eus/y22-izapide/es/x43kToolkitWar/form/fdp?language=es&procedureId=1046101&tipoPresentacion=1

    Euskarazko eskabide elektronikoa:

    https://www.euskadi.ejiedes.eus/y22-izapide/es/x43kToolkitWar/form/fdp?language=eu&procedureId=1046101&tipoPresentacion=1

    Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

  3. Eskaerak aurkezteko, urriaren 24ko 240/2017 Dekretuaren eranskinean ageri diren inprimaki normalizatuak erabiliko dira, eta elkarte eskatzailearen legezko ordezkaritza duen pertsonak sinatuta aurkeztuko dira, dekretu horren 11. artikuluko 5., 6. eta 7. apartatuetan zehazten diren agiriekin batera.

    Hirugarrena. Diru-hornidura eta laguntzen zenbatekoa.

  1. Laguntzak hauek 2018an finantzatzeko gehieneko aurrekontu osoa Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-orokorretatik aterako da, eta, guztira, 350.000 eurokoa izango da.

  2. Baldin eta 350.000 euroko diru-zuzkidura nahikoa ez bada elkarte onuradun guztien gastu diruz lagungarriaren gehieneko zenbatekoa estaltzeko, diru-laguntzaren zenbatekoa hainbanatuko da, urriaren 24ko 240/2017 Dekretuaren 4.4.c artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

    Laugarrena. Laguntzak baloratzeko eta kuantifikatzeko irizpide objektiboak.

  1. Eskaerak baloratzeko, urriaren 24ko 240/2017 Dekretuaren 4.4.c artikuluan zehaztutako prozedurari jarraituko zaio. Diru-laguntza bakoitzaren zenbatekoa dekretu horretako 6., 7. eta 8. artikuluetan finkatutako mugen barruan egongo da, eta, zenbatekoa zehazteko, dekretu horretako 10. artikuluan bildutako irizpideak aplikatuko dira. Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) ezin da diruz lagundu, betiere BEZari buruzko legeriak agintzen duen moduan berreskura ezina denean ezik.

  2. Elkartearen zuzendaritza-organoetan emakumezkoak baldin badaude, 15 puntu emango dira.

    AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA. Aplikatu beharreko araudia.

    Agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztirako, honako arau hauetan xedatutakoa bete beharko da: urriaren 24ko 240/2017 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei diru-laguntzak emateko modua arautzen duena; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak, eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

    AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Errekurtsoak.

    Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

    AZKEN XEDAPENETAN HIRUGARRENA. Ondorioak.

    Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

    Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 31.

    Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

    MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.