Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2018ko urtarrilaren 17koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, nekazaritza eta arrantza sektoreetako ibilbide profesionalei ematekoa den «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sarirako 2018ko deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 18
  • Hurrenkera-zk.: 420
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2018/01/17
  • Argitaratze-data: 2018/01/25

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Nekazaritza eta arrantza; Instituzional

Testu legala

Irailaren 9ko 210/2003 Dekretuaren bidez (abenduaren 20ko 422/2005 Dekretuak aldatuta), nekazaritza eta arrantza sektoreetako ibilbide profesionaletarako «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sariak sortu ziren. Bertan xedatutakoa kontuan izanik, 2018. urteko ediziorako deialdia egin da.

Horiek horrela, honako hau

Lehenengoa. «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sarietarako 2018. urteko deialdia egitea, nekazaritza eta arrantza sektoreetako ibilbide profesionaletarako, agindu honen eranskin gisa argitaratu diren oinarriekin bat etorriz.

Bigarrena. Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Aginduaren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hileko epean, dagoeneko aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Hirugarrena. Agindu honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Laugarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 17a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Lehenengoa. Helburua.

Nekazaritza eta arrantza sektoreetako ibilbide profesionalentzako «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sariak nekazaritzan edo arrantzan jardun luze eta nabarmena izan duten pertsonei edo kolektiboei emango zaizkie 2018. urtean. Saria emateko, nekazaritza, abeltzaintza eta basolanak sartzen ditugu nekazaritza sektorean.

Bigarrena. Sarien ezaugarriak.

Deialdi honetako sariak sektore bakoitzeko pertsona zein kolektibo bati edo ugariri emango zaizkie, epaimahaiak erabakitzen duenaren arabera. Sarietako bakoitza jasotzen duenari ohorezko sari bat emango zaio eta bere lana goresteko jendaurreko ekitaldia egingo da. Sarituriko pertsonak edo kolektiboak saria beren-beregi aipa dezake inprimaki profesionaletan, eta bere establezimenduan ikusgarri jar dezake.

Hirugarrena. Onuradunak.

Agindu honen bidez deituriko sariak jaso ahal izateko, nekazaritza edota arrantza sektoreetan eginiko lanean nabarmendu izanaz gain (lehen oinarrian ezarrita bezala), hautagaiek baldintza hauek bete behar dituzte:

  1. Haien ibilbide profesionala batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan egin izana.

  2. Finkatutako ibilbide profesionala izatea, behar beste denbora iraun duena.

    Laugarrena. Hautagaiak aurkeztea.

  1. Sarietarako hautagai izateko, gutxienez Euskal Herriko bi eragile sektorialen babesa behar da eta, nolanahi ere, hautagai izendatutako pertsonaren edo elkartearen onespena beharko du izan. Eragile sektorialak honako hauek izango dira, besteak beste:

    Sindikatu izaerako antolakunde profesionalak.

    Nekazaritza eta arrantza sektoreetako elkarte profesionalak eta enpresa-elkarteak, eta haien federazio eta konfederazioak.

    Bestelako elkarte eta federazioak.

    Fundazioak.

    Arrantzale-kofradiak.

    Kooperatibak.

    Nekazaritza eta arrantza sektoreetako profesionalak.

  2. Aurreko idatzi-zatian xedatu denetik salbuetsiko dira Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituran Sailak aurkeztutako hautagaiak, eta gutxienez bi foru-aldundik elkarrekin aurkezten dituzten hautagaiak.

  3. Sarietarako hautagaiaren izenarekin batera, memoria bat aurkeztu beharko da. Memoria, proposamena egin dutenek abalaturik egon behar da. Bertan, proposatzen den hautagaiaren ibilbide profesionala zehatz-mehatz azalduko da. Ibilbide hori berezi egiten duten une edo gertaerak (entzutetsuak izan direlako edo eragina izan dutelako) azpimarratu egingo dira.

  4. Hautagaien izenak, aurreko idatzi-zatian ezarritako dokumentazioarekin batera, Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzara bidali behar dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein bidetik joz (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

  5. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da hautagaiak aurkezteko epea, eta 2018ko otsailaren 28an amaituko da, biak barne.

    Bosgarrena. Sarien kudeaketa.

    Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari dagokio deialdi hau kudeatzea.

    Seigarrena. Epaimahaia.

  1. Aurkeztutako hautagaiak baloratzeko epaimahai bat eratuko da, honako hauek osatua:

    Lehendakaria: Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua.

    Epaimahaikideak:

    Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordea.

    Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria.

    Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria.

    Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendaria.

    Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria.

    Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Zerbitzu Juridikoen burua. Honek idazkari-lanak ere egingo ditu.

    Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundietako ordezkari bana.

    Bizkaiko Arrantzale Kofradien Federazioaren ordezkari bat.

    Gipuzkoako Arrantzale Kofradien Federazioaren ordezkari bat.

    Nekazaritzako elkarte profesional eta enpresarialetako bi ordezkari.

    Arrantzako elkarte profesional eta enpresarialetako ordezkari bat.

    Nekazaritzako kooperatiben ordezkari bat.

    «Cluster de alimentación de Euskadi»ko ordezkari bat.

  2. Epaia baino lehen, denbora aski emanda, adieraziko da nork osatuko duten epaimahaia, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren ebazpenaren bidez. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da hori.

  3. Epaimahaikideek gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago jasoko dituzte deialdia, gai-zerrenda, hautagaien zerrenda eta dagokion dokumentazioa.

  4. Epaimahaiaren erabakiak bilerara azaldutako kideen gehiengoaz hartuko dira. Berdinketarik egonez gero, epaimahaiburuaren kalitatezko botoa izango da erabakigarria. Nolanahi ere, hartzen diren erabakiak baliozkoak izan daitezen, beharrezkoa izango da kideen bi herenak gutxienez egotea.

    Idazkariak hartuko diren jarduera eta erabaki guztien akta jasoko du. Sarien epaia arrazoi bidez oinarrituko duen irizpena gehituko dio aktari.

  5. Epaimahaiko kideak abstenitu egingo dira eta ezetsiak izan daitezke Sektore Publikoaren Araubide Juridikoko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritako kasuetan.

    Zazpigarrena. Esleipen-irizpideak.

    Aurkeztutako hautagaiak baloratzeko, epaimahaiak honako irizpideok hartuko ditu kontuan:

    1. Pertsona edo kolektiboak Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza edota arrantza sektoreetan (kasuaren arabera) denbora luzez jardun izana.

    2. Nekazaritza edota arrantza sektoreetan (kasuaren arabera) eginiko ibilbidearen berezko garrantzia.

    3. Pertsona edo kolektiboaren lanak bere sektorean izan duen oihartzuna eta eragina.

      Zortzigarrena. Epaimahaiaren epaia.

      1. Epaimahaiak epaian bere uste eta jakinduriaren arabera hartutako erabakiaren arrazoiak azaldu behar ditu, deialdi honetako esleipenerako irizpideak kontuan izanik. Saritutako pertsona edo kolektiboen ibilbideaz eta garrantziaz egiten duen balorazioa ere azaldu behar du.

      2. Epaimahaiak sari biak edo bat eman gabe utz ditzake, uste baldin badu proposatutako hautagaien ibilbide profesionalek ez dituztela behar diren ezaugarriak betetzen sari hauetan aintzat hartu ahal izateko.

      3. Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren aginduz ebatziko da prozedura, Epaimahaiaren epaia ezagutaraziz. Agindu hori 2018ko apirilaren 30 aurretik eman beharko da eta banan-banan jakinaraziko zaie pertsona edo elkarte saridunei. Nolanahi ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ahal izango da denek jakin dezaten.

      4. Agindu horrek amaiera emango dio administrazio-bideari. Alabaina, aginduaren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, edo, bestela, zuzenean aurkara daiteke administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren bidetik.

        Bederatzigarrena. Jendaurreko gorespena.

        Sarituen lana goresteko jendaurreko ekitaldiaren deialdia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak egingo du. Ekitaldi ofizial bat antolatuko da bakoitzari bere saria emateko.