Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2017ko urtarrilaren 31koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez mihi urdinaren aurkako babes-neurri espezifikoak ezartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoan.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 28
  • Hurrenkera-zk.: 730
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2017/01/31
  • Argitaratze-data: 2017/02/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Ardien mihi urdina edo sukar katarrala hainbat hausnarkari-espezieri eragiten dien gaixotasuna da. Gaixotasun horren ezaugarrietako bat da hainbat serotipo dituela. Serotipo horien egungo banaketa askotarikoa da Europar Batasuneko estatu desberdinetan. Zehazki, gaixotasun horren 8 serotipoa, gaur egun, Europako hainbat estatutan dago, eta horren fokuak agertu dira Gipuzkoako Lurralde Historikotik kilometro gutxira.

Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloan eskudunak diren sailek Eusko Jaurlaritzako eta foru-aldundietakoek gaixotasunaren bilakaeraren jarraipena eta arriskuaren ebaluazioa egiten jardun dute, une bakoitzean neurririk egokienak ezartzeko helburuarekin, espezie sentikorretan gaixotasuna kontrolatzeko eta horren jarraipena eta zaintza egiteko.

Besteak beste, 8 serotipoaren aurkako prebentziozko txertatzea (borondatezkoa) egiten ari dira. Horretarako, aktibatu gabeko txertoa erabiltzen ari dira 3 hilabetetik gorako ardi eta behietan. Frantziako agintariek 8 serotipoko mihi urdinaren fokuak daudela adierazi dute, eta foku batzuk Gipuzkoako Lurralde Historikotik hurbil daude. Ondorioz, arriskua handitu egin da Euskal Autonomia Erkidegoko aziendarentzat. Hori dela-eta, justifikatuta dago egoera horretarako neurri egokiak hartzea.

Batzordearen urriaren 26ko 1266/2007/EE Erregelamenduaren 8.1.b artikuluak ezartzen duenaren arabera, mihi urdinarekiko sentikorrak diren abereak lekuz aldatzeak duen arriskua ebaluatu da. Ebaluazio horretatik ondorioztatu denez, 8 serotipoaren aurka aktibatu gabeko txertoak erabiltzea da modurik egokiena osasun-berme gehigarriak eskaintzeko abereak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo mugitzen direnean (hiru hilabetetik gorako ardiak eta behiak).

Horiek horrela, eta honako hauek kontuan izanik: 1266/2007 (EE) Erregelamendua, urriaren 26koa, ardien sukar katarralarekiko sentikorrak diren zenbait espezie tokiz aldatzeko kontrolari, jarraipenari, zaintzari eta murrizketei dagokienez Kontseiluaren 2000/775/EE Zuzentaraua ezartzeko xedapenei buruzkoa; Abere Osasunari buruzko apirilaren 24ko 8/2003 Legea; 507/1991 Dekretua, aitortu beharreko abere-gaixotasunei eta gaixotasun horien jakinarazpena egiteko arauei buruzkoa, bai eta gainerako arau aplikagarriak ere. Eta foru-aldundiei kontsulta egin ostean,

Lehenengoa. Txertoa jartzea.

Mihi urdinaren 8 serotipoaren aurkako txertoa jartzea borondatezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidego osoan, kasu bakoitzean lurralde historiko bakoitzeko foru-organoek hartzen dituzten preskripzio teknikoekin.

Bigarrena. Abereak EAE barruan mugitzea.

Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan lekuz aldatzen diren abereek ezin izango dute gaixotasun horren sintomarik izan lekuz aldatzeko aurrez ikusitako egunean.

Hirugarrena. Abereak beste autonomia-erkidego batzuetara mugitzea.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan gaixotasunaren fokuren bat berresten bada, lurralde hori babes-eremu deklaratuko da, aplikatu beharreko araudian xedatutakoaren arabera.

  2. Kasu horretan, beste autonomia-erkidego batzuetara lekuz aldatzen diren espezie sentikorretako abereek bete beharko dituzte 1266/2007 Erregelamenduaren 7.2.b) artikuluan eta III. eranskinean ezarritako betekizunak eta baldintzak, hargatik eragotzi gabe kasu bakoitzean destinoko lekuko agintari eskudunek eska ditzaketen betekizun gehigarriak.

    Laugarrena. Errekurtsoak.

    Agindu honen aurka, zeinak administrazio-bidea agortzen baitu, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, agindua argitaratu eta hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, agindua argitaratu eta bi hileko epean.

    Bosgarrena. Ondorioak.

    Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan, eta indarrean egongo da aldatzen den arte edo indargabetzen den arte.

    Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 31.

    Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

    MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik