Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2017ko martxoaren 8koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, arte plastiko eta ikusizkoen eremuan jarduerak sustatzeko eta garatzeko 2017ko ekitaldiko diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 49
  • Hurrenkera-zk.: 1299
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2017/03/08
  • Argitaratze-data: 2017/03/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak ezartzen duenez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio arte eta kultura mailako jardunekin eta horien hedapenarekin loturiko eginkizunak.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, dekretu honen beraren 14. artikuluan aipatua, lehengo Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren baitako Hizkuntza Politikako eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordetzen organo eta unitateek osatuko dute, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarrian. Organo eta unitate horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitu zizkion apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak, sailaren egitura organikoa ezarri eta arte eta kultura alorreko jarduerei loturiko eskumenak eta horien zabalkundearen gainekoak Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitu zizkionak.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak egoki deritzo arlo pribatuak arte plastiko eta ikusizkoen eremuan sustatzen eta garatzen dituen ekintzei laguntzeko aukera emango duen bidea antolatzeari. Neurri horren bitartez, batez ere sustatu nahi dira ikerlana, artelanen ekoizpena, arte garaikidearen zabalkundea, eta euskal artisten sorkuntza-lana, eta gainera, ahalbidetu nahi da haien zeregin artistikoaren errekonozimendua jaso dezatela.

Esandakoagatik guztiagatik, beharrezko iruditu zaigu tresna egokia jartzea, alde batetik, diru-laguntzak emateko prozesuan objektibotasun, konkurrentzia eta publikotasun printzipioak bermatuko dituzten gutxieneko lege-oinarriak zehazteko eta, bestetik, mekanismo aproposak finkatzeko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak diru publikoak egoki erabili diren ziurta dezan. Hortaz, diseinatutako laguntza-esparrua nahikoa zabala da era horretako jarduerak zorroztasunez bete nahi dituzten pertsonek diru-laguntza hauek jaso ahal izan ditzaten. Alde horretatik, bi muga baino ez dira jartzen: aurrekontu orokorretan ekitaldi honetarako berariaz ezarritako diru-kopurua eta deialdi honetan ezarritako balorazio-irizpideak.

Horrenbestez, honako hau

Agindu honen xedea da 2017. urtean arte plastiko eta ikusizkoen eremuan burutuko diren jarduera zehatzetarako diru-laguntzak emateko baldintzak ezarri eta horretarako deialdia egitea, ondoren datozen artikuluetan ezartzen denaren arabera.

  1. Agindu honen kargura, diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte aginduan aurreikusten diren jarduerak burutzen dituzten pertsona fisiko edo juridiko-pribatuek, betiere agindu hau argitaratzean Euskadiko Autonomia Erkidegoan erroldatuta edo helbidea edo sozietate-egoitza badute eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean badituzte.

    Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, behar hainbat aldiz, diru-laguntza eskatu duten pertsonek edo entitateek zerga-betebeharrak egunean dituztela eta Gizarte Segurantzarekiko baldintzak betetzen dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak. Nolanahi ere, eskatzaileak egiaztapena egiteko baimena berariaz ukatu dezake, baina, kasu horretan, dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko du.

  2. Ezingo dute agindu honetako diru-laguntzarik eskatu honako hauek:

    1. Nagusiki kapital ekarpen publikoa duten entitate pribatuek, ezta ere fundazio-ondarea edota gobernu- edo zuzendaritza-partaidetza nagusiki publikoa duten entitateek.

    2. Laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik dutenek ere, sexu-bereizkeria dela-eta gertatu direnak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen seigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren indarrez.

    3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotakoak betetzen ez dituzten pertsonek edo entitateek.

  3. Pertsona onuradunei laguntzak ematea eta, hala dagokionean, horien ordainketa, baldintzaturik geratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko espedientea hasi baldin bada eta oraindik izapideak amaitu gabe baldin badaude, prozedura hori burutu arte. Orobat, eta dagokionean, ezinbestekoa izango da diru-laguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ordainduta izatea.

  1. Sustapen-zabalkundearen modalitatea.

    1. Arte garaikideko erakusketak edo gertakizunak antolatzea eta/edo beraietan parte hartzea (jaialdiak, erakusketak, lehiaketak,...), bai eta edozein euskarritan jasotako egileen gaineko dokumentazioa ere. Ekitaldiok Euskal Autonomia Erkidegoko arte zentroetan izango dira, eta Euskal Herrian bizi diren egileen lanak erakutsi edo zabalduko dute.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren arte garaikidearen gaineko sentsibilizazio-ekimenak (batzarrak, jardunaldiak, kongresuak, lantegiak, hitzaldiak...) eta horiei buruzko edozein euskarritan jasotako dokumentazioa.

      Modalitate honetan ez dira lagunduko ez urteko programazioak, ezta ohiko jarduntzat hartzen direnak ere. Hortaz, erakunde eskatzailearen programan edo jardueran ohiz kanpokotzat jo daitezkeen proiektu edo ekimen zehatzak jasoko dira soil-soilik.

  2. Argitalpenen modalitatea.

    Euskarri desberdinak erabiliz egindako publikazioak egitea, beren xedea Euskal Herriko arte garaikidea zabaltzea eta bertako artistak eta haien lana sustatzea bada.

  3. Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatea.

    Arte plastiko eta ikusizkoen sorkuntza-ekoizpenaren eremuan proiektuak egitea: arte-lanak ekoiztea eta ikertzea.

  4. Proiektu bakoitza modalitate eta modulu bakarrean aurkeztu ahalko da.

  1. Agindu honen xederako laurehun eta hamasei mila (416.000) euro izango dira, EAEko 2017ko Aurrekontu Orokorretan horretarako jarrita dagoen aurrekontuko partidaren kargu.

  2. Aurreko paragrafoan ezarritako diru baliabideen banaketa zehatza, hauxe izango da:

    Sustapen-zabalkundearen modalitatea: 81.000 euro.

    Argitalpenen modalitatea: 95.000 euro.

    Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatea: 240.000 euro, honako modulu eta kopuruen arabera:

    5.000 euroko 20 laguntza.

    8.000 euroko 13 laguntza.

    12.000 euroko 3 laguntza.

  3. Modalitate bakoitzean izendaturiko baliabideak soil-soilik arlo horietan baloratutako eskabideetara bideratuko dira, bertan ezarritako prozedura eta irizpideen arabera.

    Hala ere, sustapen-zabalkundearen modalitatean, argitalpenen modalitatean edo sorkuntza-ekoizpenaren modalitateko moduluren batean, eskabide ezagatik, hauek betekizunak ez betetzeagatik edo, Balorazio Batzordearen iritziaren arabera eskabideek behar duten kalitatea nahikoa ez izateagatik, ezarritako diru kopurua ahitzen ez den kasuan, diru hori beste modalitateari ezarri zaion kopurua handitzera pasa liteke sustapen-zabalkundearen eta argitalpenen modalitateen kasuan, edo beste edozein moduluri ezarritakoa handitzera sorkuntza-ekoizpenaren modalitatearen kasuan. Horren aipamena dagokion Balorazio Batzordeak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari aurkezten dion ebazpen-proposamenean jasoko da eta publiko egingo da Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpenaren bidez.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.

  1. Pertsona fisikoek bide presentziala nahiz elektronikoa erabili ahal izango dute deialdi honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.

    Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero presentziala edo elektronikoa, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea, halaxe jasotzen du-eta Administrazio elektronikoari buruzko 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak.

  2. Pertsona juridikoek bide elektronikoa erabili beharko dute deialdi honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.

  3. Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en honako helbide honetan daude ikusgai:

    https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/arte_plastikoak/y22-izapide/eu/

  4. Eskabidearen ondoko izapideak bide elektronikoa erabiliz, hemen egin behar dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

  1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

  2. Pertsona fisikoek eskabideak aurkezteko honako bide hauek dituzte:

    Bide presentziala: eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean. Eskaera-orria, eskatzen diren formularioekin batera, euskadi.eus gunean eskura daiteke, agindu honetako 6.3 artikuluan adierazitako helbidean eta administrazio-egoitzetan.

    Bide elektronikoa: eskabideak aurkeztu ahalko dira, 6.3 artikuluan aipaturiko euskadi.eus guneko helbidean.

  3. Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabili beharko dituzte, arestian aipaturiko helbidean.

  4. Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

  5. Eskabideak aurkeztearekin batera, eskatzaileak aukera izango du baimena emateko laguntzak kudeatzen dituen organoari dokumentazioaren zati bat (nortasun eta bizileku datuak) ofizioz eskuratu edo egiaztatu dezan, bai bide presentziala erabiltzen bada, bai bide telematikoa aukeratzen bada, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen eskumenen kalterik gabe.

  6. Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), eskabidean jasoko den erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

Aurtengo eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan «minimis» arauaren mendeko laguntzarik jaso izana jakinaraztea.

Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.

Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adieraztea.

  1. Eskaera orria sinatuta, euskadi.eus gunean ezarritako formularioaren arabera.

  2. Eskatzaileari dagokion dokumentazioa:

    1. Pertsona fisikoa izanez gero:

      Pertsona eskatzailearen nortasuna egiaztatzea: Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo antzeko agiriren bat.

      Pertsona eskatzaileak bizilekua agindu hau argitaratzen den egunean Euskal Autonomia Erkidegoan daukala egiaztatzea: erroldatze-ziurtagiria.

    2. Pertsona juridikoa izanez gero:

      Sortze-eskritura, estatutuak eta dagozkion erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria. Agiriok aurkeztea ez da beharrezkoa izango elkartea, fundazioa edo Kooperatiba dagokion Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroan inskribatuta badago. Eskabidea egiteko formularioan erregistroko datuak zehatuzko dira.

      Legezko ordezkariaren nortasun-agiri nazionalaren kopia, ahalordetze agiria edo dagokion organoak egindako egiaztagiria.

      Identifikazio fiskalaren zenbakiaren txartela.

    3. Enpresek, aurtengo eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan «minimis» motako laguntzak jaso badituzte haiei buruzko adierazpena, euskadi.eus gunean ezarritako formularioaren arabera.

  3. Proiektuari dagokion dokumentazioa:

    1. Proiektuaren laburpen fitxa, euskadi.eus gunean ezarritako formularioaren arabera.

    2. Jarduera edo proiektuaren gaineko txosten zehatza, honakoak jasoko dituena:

      Proiektuaren deskribapen zehatza, helburuak azalduko dituena (zer egin nahi den), bai eta horretarako erabiliko diren ekintza zehatzak ere.

      Programa edo lan plana, egutegi osoa, proiektua garatzeko faseak. Proiektua 2017. urtean barruan gauzatu beharko da.

      Jarduera burutzeko aukeratutako espazioak (Sustapen-zabalkundearen modalitatearen proiektuetan bakarrik).

      Argitalpenaren banaketa-plana (Argitalpenen modalitatearen proiektuetan bakarrik)

      Euskararen erabilera proiektua gauzatzerakoan.

    3. Pertsona eskatzailearen curriculuma. Argitalpenaren eta Sorkuntza-ekoizpenaren modalitateetan eskatzaileak aurretik egindako lanak sartu ahalko dira.

    4. Proiektuaren diru-sarrera eta gastuen aurrekontu banakatua eta xehatua, adieraziko duena aurreikusitako gastuak eta diru-sarrerak eta eskatzen den diru-kopurua edo modulua. euskadi.eus gunean ezarritako formularioa erabiliko da.

    5. Proiektu berarentzat eskatu diren beste diru-laguntzen gaineko adierazpena eta haien egoera, euskadi.eus gunean ezarritako formularioaren arabera.

      Proiektuari dagokion dokumentazioa (3a, 3b, 3c, 3d ataletan jasotakoa) formatu elektronikoan ere aurkeztuko da.

  4. Aurkezten diren dokumentuek bide telematikoan nahiz presentzialean honako ezaugarri hauek izango dituzte:

    1. Diren kasuetan jaitsi litezkeen ereduak erabiliko dira eta, ahal dela, ereduaren formatu berean aurkeztuko dira.

    2. Memoria teknikoa dokumentu bakar batean aurkeztuko da, ahal dela PDF formatuan.

    3. Curriculuma dokumentu bakar batean aurkeztuko da, ahal dela PDF formatuan

    4. Aurkezten den dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 MB izango da.

    5. Bideoak web lotura bidez aurkeztu ahalko dira eta lotura hori dagokion dokumentuan jarri beharko da.

Tramitazio elektronikoan nahiz presentzialean ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean ohartaraziko zaio epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

  1. Agindu honen bidez emango diren diru-laguntzak lehiaketa bitartez esleituko dira. Diru-laguntzak horrela emateko, modalitate bakoitzean aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, 15. artikuluan finkatutako aukeraketa eta balorazio irizpideen araberako lehentasunak ezartzeko.

    Baloraziorik altuenak lortzen dituzten eskabideetatik hasita esleituko dira diru-laguntzak, balorazioaren ordena eta puntuazioaren arabera, modalitaterako jarritako aurrekontu-kreditua agortu arte.

  2. Sustapen-zabalkundearen modalitatean esleituko den diru-kopurua eskatutako kopuruaren ehunekoa izango da eta lortutako puntuazioaren ehunekoari dagokiona. Beraz, sustapen-zabalkunderako agindu honen bidez emango diren diru-laguntzen zenbatekoa aurrekontuaren % 100era iritsi ahalko da, lortutako puntuazioa hori bada, eta ez da izango 20.000 euro baino handiagoa.

  3. Argitalpenen modalitatean esleituko den diru-kopurua eskatutakoaren adinekoa izango da, eta ez da izango 14.000 euro baino handiagoa.

    Laguntza jasotzeko modua duen azken proiektuak oso-osorik dagokiona jasotzerik ez duenean jadanik nahikoa diru-zuzkidurarik ez dagoelako, bakarrik emango zaio diru-laguntza, baldin eta, Batzordearen iritziz eman dakiokeen laguntzaren zati horrek proiektuaren bideragarritasuna bermatzen badu. Arrazoi horrengatik argitalpenen modalitateari ezarri zaion diru-kopuru osoa esleituko ez balitz, soberakinak Sustapenzabalkundearen modalitateari ezarritakoa handitzera pasa litezke. Horren aipamena Balorazio Batzordeak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari aurkezten dion ebazpen-proposamenean jasoko da.

  4. Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatean kasu bakoitzeko esleituko den diru-kopurua izango da eskatzaileak modalitate honetan finkatuta daudenen artean eskatu duenaren adinakoa.

  5. Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatean ezin zaio eman pertsona edo entitate eskatzaile berberari diru-laguntza bat baino gehiago, eta Sustapen-zabalkundearen eta Argitalpenen modalitatean bi baino gehiago. Guztira hiru modalitatetan gehienez bi diru-laguntza eman ahalko zaizkio pertsona edo entitate bakoitzari.

  1. Diruz laguntzeko gastutzat honako hauek joko dira: diruz lagundutako jarduera motari erantzuten diotenak, baldin eta ezinbestekoak badira, eta oinarri arautzaile honetan eta laguntzak emateko edo aldatzeko ebazpenetan ezarritako epearen barruan burutzen badira. Diruz lagun daitezkeen gastuen kostua ez da izango, sekula ere, merkatuan duten baliotik gorakoa.

  2. Diru-laguntzak proiektuaren honako gastu hauek ordaintzeko erabiliko dira:

  1. Sustapen-zabalkundearen modalitatea. Atal honetan jarduerarekin harremana duten gastuak kontuan hartuko dira soilik:

    Kostu teknikoak, jarduera garatu eta ekoiztekoak.

    Jardueran parte hartzen duen pertsonal artistikoaren edota kolaboratzailearen kostuak (hizlariak, artistak, irakasleak, ...)

    Jarduera edo ekitaldiaren promozio, publizitate eta zabalkunde kostuak. Baita proiektuarekin harremana duen argitalpena ere.

    Antolaketa eta produkzio taldearen kostuak: gestio, koordinazio eta zuzendaritza kostuak.

    Egitura kostuak, jarduerak iraun bitartean: lokala alokatzea, kontsumoak, bestelako ohiko kostuak.

    Modalitate honetan aurrekoari lotuta honako hauek kontuan hartuko dira:

    Inbertsio kostuak kanpoan geratuko dira.

    Antolaketa eta produkzio taldearen kostuek (gestio, koordinazio, zuzendaritza lanak) ez dute guztizko aurrekontuaren % 25 gaindituko.

    Antolaketa eta produkzio taldearen kostuak eta egitura kostuek ez dute guztizko aurrekontuaren % 40 gaindituko.

    Kontuan hartuko dira soilik jarduerak sortzen dituen bidaia, ostatu eta dieta kostu espezifikoak. Honela, jardueraren ekintza zehatz bati lotua egongo dira memoria teknikoan zehaztuko da-, ekintza gauzatzen den denboran egingo dira eta aurrekontuan adierazi eta zehaztuko dira. Inolaz ere, ez dira aintzat hartuko ohiko joan-etorrietako gastuak eta dietak.

    Eskatzailea pertsona juridikoa bada, antolaketa eta produkzio taldeari egotzi ahal zaizkion bidaia, ostatu eta dieta gastuek, aurreko puntuan zehaztutakoak betez gain, ez dute guztizko gastuen % 5 gaindituko.

  2. Argitalpenak euskarri ezberdinetan. Diru-laguntzak proiektuaren honako gastu hauek ordaintzeko erabiliko dira:

    Argitalpenak: diseinu grafikoa, materialak prestatzea, autoreen ordainsariak (kolaboratzaileak, testuen egileak,...), itzulpenak, ISBN, inprimatze-edizioa, eta zabalkundea.

    Web-orrialdeak: diseinua eta programazioa, domeinu alta eta ostatatzea (hosting), autoreen ordainsariak (kolaboratzaileak, autoreak,...) eta itzulpenak.

    Ez dira aintzat hartuko honako kostu hauek: inbertsio kostuak, jardueraren gestio eta koordinazio gastuak, arte-lanak ekoiztea, artisten ordainsariak, dietak, joan-etorriak eta bestelako ohiko gastuak.

  3. Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatea. Diru-laguntzak proiektuaren honako gastu hauek ordaintzeko erabiliko dira:

    1. Kostu zuzenak: ekoizpenerako erabilitako material eta zerbitzuak, moduluaren zenbateko osoaren % 100 arte.

      Proiektua ekoizteko material eta lanabesak.

      Proiektuarekin zuzenean loturiko joan-etorriak, ostatua eta garraioa. Gastu horiek nahitaezkoak izango dira proiektua garatu ahal izateko, beraz, proiektua gauzatzeko denboran egingo dira. Horrez gain, memoria teknikoan adieraziko dira, eta aurrekontuan zehaztuko. Ez dira aintzat hartuko ohiko joan-etorrietako gastuak edo dietak.

      Zerbitzuak kontratatzea.

      Artisten ordainsariak (soilik eskatzailea pertsona juridikoa bada).

      Arte-lana edo proiektua ekoizteak sortarazitako beste gastu espezifiko eta zuzen batzuk.

      Ez dira aintzat hartuko honako kostu hauek: inbertsio kostuak; arte-lanaren promozioarekin edota zabalkundearekin zerikusia duten kostuak; hainbat material erostea: liburuak, fotokopiak edo bulegoko materiala.

    2. Egitura kostuak:

      Estudioa edo lokala alokatzea, hala badagokio; kontsumoak: argia, ura, telefonoa, Internet eta gasa; langileen nominak (soilik eskatzailea pertsona juridikoa bada); beste gastu ohiko batzuk (soilik eskatzailea pertsona juridikoa bada).

      Kostuok proiektuaren iraupenarekiko kostu proportzionalak izango dira: bi hilabeteri dagozkion egitura-kostuak 5.000 euroko moduluan; hiru hilabeteri dagozkionak 8.000 euroko moduluan, eta lau hilabete eta erdiri dagozkionak 12.000 euroko moduluan.

      Egitura-kostuak gehienez moduluaren zenbateko osoaren % 20 artekoa izango da, eskatzailea pertsona fisikoa bada, eta % 30 artekoa, eskatzailea pertsona juridikoa bada.

    3. Sorkuntza-dedikazioaren oinarrizko euskarriaren kontzeptuko kostuak.

      Kontzeptua ulertuko da sorkuntza suspertzeari begira bideratutako proiektuaren kostu osoaren ehuneko gisa, alegia, artistaren lana alderdi sortzailearen aldetik eta euskarri transbertsal gisa laguntzeko kopurua.

      Eskatzailea pertsona fisikoa (artista) denean bakarrik aplikatuko da.

      Kostuok eguneko 80 eurokoak izango dira, moduluaren zenbateko osoaren % 60 arte: gehienez 3.000 euro, 5.000 euroko moduluko proiektuetarako; 4.800 euro, 8.000 euroko moduluko proiektuetarako; eta 7.200 euro, 12.000 euroko moduluko proiektuetarako.

      1. Onuradunak betebehar pertsonala du diruz lagundutako jarduera egiteko. Hala ere hirugarren batzuekin azpikontratatu ahalko du jarduera, azpikontratu guztien prezioak batuta diruz lagundutako jardueraren % 30era arte. Kontzeptu honetatik kanpo geratzen da onuradunak diruz lagundu den jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

  1. Deialdi honen kargura emango diren diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu berberaz beste edozein erakunde publiko edo pribatuk emandako laguntzekin, bestelako diru-sarrera eta baliabideekin, betiere gain-finantzaketarik ez badago. Hori gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion mugaraino.

  2. Halere, deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak ez dira bateragarriak izango, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako diru-laguntzekin: ez proiektu bera egiteko, ez helburu bera duen proiektua egiteko, ez helburu bera edo ezberdina duen proiektuaren zatiren bat egiteko. Diru-laguntzak, berriz, izendunak, zuzenak, edota musika, dantza, ikus-entzunezko, antzerki, ikusizko arte, liburugintza eta literatura alorretako aginduen babesean emandakoak izan daitezke.

Deialdi honetan diruz laguntzen diren jarduerak 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera hasi eta abenduaren 31ra baino lehen bukatu behar dira.

Epe hori baino iraupen luzeagoa duten jarduerak diruz laguntzeko aukera ere izango da, ekitaldi honi dagokion partean. Horretarako, eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuak jarduerarako aurreikusitako guztirako gastuak eta diru-sarrerak adierazi beharko ditu, barne hartzen duen ekitaldi bakoitzerako desglosea ere agertu beharko duela.

Diru-laguntzak emateko eta bakoitzaren diru-kopurua finkatzeko, honako irizpide hauek batera betetzea baloratuko da:

  1. Sustapen-zabalkundearen eta argitalpenen modalitateak.

    1. Garatuko den jarduerak dituen elementuen interesa eta kalitatea (guztira lor daitekeen gehienezko puntuazioaren % 90 arte). Irizpide honetarako alde hauek izango dira kontuan:

      Ekimenak arte eta kultura aldetik duen garrantzia, interes maila eta bere garapenean duen koherentzia (guztira lor daitekeen gehienezko puntuazioaren % 35 arte).

      Ekimenak arte garaikidearen zabalkundean duen eragin kulturala eta sormen garaikidearekiko herritarren sentsibilizazioan duen ekarpena. Proiektua katalogoa egitea bada edo arte garaikideko gertakizunetan parte hartzea, pertsona eskatzailearentzat jarduerak duen sustapen-interesa baloratuko da (guztira lor daitekeen gehienezko puntuazioaren % 15 arte).

      Pertsona fisiko edo juridikoak izan duen ibilbidea deialdiaren xedean zehazten den arloan (guztira lor daitekeen gehienezko puntuazioaren % 30 arte).

      Emakumearen parte-hartze profesionalaren sustapena: proiektuan parte hartzen duten profesional eta kolaboratzaileak emakumeak izatea eta proiektuak gai eta edukiaren aldetik gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde duen ekarpena (guztira lor daitekeen gehienezko puntuazioaren % 10 arte).

    2. Proiektuan euskarak duen presentzia (gehienezko puntuazio orokorraren % 10).

      Irizpide hau ez zaie aplikatuko hizkuntzarik ez duten proiektuei. Kasu horietan, hemen aurreikusitako ehunekoa a) atalean zehaztutako guztizko ehunekoari gehitu egingo zaio.

  2. Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatea:

    1. Garatuko den jarduerak dituen elementuen interesa eta kalitatea (guztira lor daitekeen gehienezko puntuazioaren % 90 arte). Irizpide honetarako alde hauek izango dira kontuan:

      Proiektuak duen garrantzia, interes maila eta bere garapenean duen koherentzia (guztira lor daitekeen gehienezko puntuazioaren % 40 arte).

      Ekimenak berrikuntzarako duen ekarpena sorkuntza artistikoaren arloan (guztira lor daitekeen gehienezko puntuazioaren % 10 arte).

      Pertsona fisiko edo juridikoak izan duen ibilbidea deialdiaren xedean zehazten den eremuan (guztira lor daitekeen gehienezko puntuazioaren % 30 arte).

      Emakumearen parte-hartze profesionalaren sustapena: sortzailea emakumea izatea eta proiektuak gai eta edukiaren aldetik gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde duen ekarpena (guztira lor daitekeen gehienezko puntuazioaren % 10 arte).

    2. Proiektuan euskarak duen presentzia (gehienezko puntuazio orokorraren % 10).

      Irizpide hau ez zaie aplikatuko hizkuntzarik ez duten proiektuei. Kasu horietan, hemen aurreikusitako ehunekoa a) atalean zehaztutako guztizko ehunekoari gehitu egingo zaio.

  3. Diru-laguntza eskatzen duten proiektu eta jardueren artean, lor daitekeen puntuazioaren erdia (% 50) edo gehiago lortzen dutenak gutxieneko kalitate eta bideragarritasuna dutenak direla joko da. Beraz, modalitate bakoitzean ezarritako balorazio-baremoaren % 50 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira sartu aukeratutakoen artean.

  1. Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, bi batzorde osatuko dira, bata sustapen-zabalkunde eta argitalpenetarako eta bestea sorkuntza-ekoizpenerako.

  2. Balorazio batzordeetako kideak honako hauek izango dira:

    Lehendakaria: Kultura Sustatzeko zuzendaria.

    Bokalak: Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak agindu honen gaian adituak diren gizon-emakumeen artetik izendatutako 3tik 5era arteko bokal.

    Idazkaria: Batzordearen idazkari-lanak Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari batek egingo ditu, bertako zuzendariak izendatua izango da eta bileretan hitzez bai baina botorik gabe jardungo du.

  3. Balorazio batzordeetako kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

  4. Balorazio Batzordearen osaera EHAAn argitaratuko da Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen bidez.

  5. Nolanahi ere, errespetatu egingo da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan parte ez hartzeari eta errefusatzeari buruz ezarritakoa.

  1. Balorazio Batzordeen zeregina izango da aurkeztutako eskaerak ebaluatzea eta dagokion ebazpen-proposamenak onartzea eta aurkeztea Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari.

  2. Ebazpen proposamenetan propio jaso beharko dira, batetik proposatzen diren pertsona edo entitate onuradunak, eta bestetik, ukatutako eta baztertutako eskabideen zerrenda, ukatzeko eta baztertzeko arrazoia zein izan den adierazita. Onuradunen kasuan adieraziko da bakoitzari egokitutako diru-kopurua eta emandako diru-laguntzak modu egokian erabiliko direla ziurtatzeko araudi honetako ongi iritzitako baldintza guztiak.

  3. Balorazio Batzordeek bat ere proiekturik ez onartzeko proposamena egin dezakete, bai eta aurreikusitako diru-zuzkidura guztia ez agortzekoa ere, baldin ondorioztatzen badute aurkeztutako eskaeren kalitatea ez dela nahikoa edota beste baldintzaren bat ez dutela bete.

  1. Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari dagokio eskaeren gaineko ebazpenak hartzea, modalitateko bana, Balorazio Batzordeek modalitate bakoitzeko aurkeztutako ebazpen-proposamenak aztertuta. Ebazpena eta proposamena bat ez badatoz, ebazpena hartzen duen organoak behar bezala arrazoituko du.

  2. Ebazpenak diru-laguntzen eskatzaileei banaka jakinaraziko zaizkie eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik kontatzen hasita bost hilabeteko gehienezko epean. Epe hori jakinarazpenik gabe igarotzen bada, eskaerak ez direla onartu ulertuko da, 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

  3. Banakako jakinarazpena egiteaz gainera, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen esleipen ebazpenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu egingo dira, denek horren berri izan dezaten.

  4. Ebazpenek ez dute administrazio-bidea amaitzen. Beraz, haren aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera kontatuta, horrela dago-eta xedatuta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 123. artikuluetan.

  1. Izapideak bertaratuta eginez gero, jakinarazpena egindakotzat joko da Herri Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 42. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta kasu bakoitzean ezarritako epea jakinarazpeneko egintza jaso eta biharamunetik hasiko da zenbatzen.

  2. Izapidetze telematikoaren kasuan, aldiz, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30.2 artikuluan xedaturikoari jarraiki, jakinarazpena egindakotzat joko da pertsona interesdunak edo, kasuan kasu, legezko ordezkariak edo baimenduriko pertsonak jaso duela elektronikoki sinatzen duenean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea hark jakinarazpeneko egintza jaso izana elektronikoki sinatzearen biharamunetik aurrera hasiko da zenbatzen.

    Interesdunaren edo haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren esku jartzen denetik hamar egun naturaleko epea igaro eta gero, interesdunak haren edukia eskuratzen ez badu, jakinarazpena ezetsitzat joko da. Horrela, izapidea egindakotzat joko da eta prozedurak aurrera egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak jakinarazita, jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatzen bada.

Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

  1. Emandako diru-laguntza onartzea. Onuradunek hamabost eguneko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, ez badiote diru-laguntzari berariaz eta idatziz uko egiten, diru-laguntza onartua izan dela ulertuko da.

  2. Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren altari buruzko agiria aurkeztea, laguntza eskatzen duen pertsona edo erakundea erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu.

  3. Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.

  4. Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea. Dena den, aldaketak ere egin ahal izango dira, baldin eta aldaketok funtsezkoak ez badira eta ez badute proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa eragiten. Aldaketa horiek idatziz jakinaraziko zaizkio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari, eta hark, jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost eguneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Epea inolako jakinarazpenik gabe igaroz gero, aurkeztu den aldaketa onartu dela ulertuko da.

  5. Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak eskatuko dizkion agiri guztiak haren eskura jartzea, diruz lagundutako proiektuak egoki gauzatzen direla bermatzeko egokitzat joko dituen ikuskapenak egiteko.

  6. Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematea, eskatuz gero.

  7. Diru-laguntza ematen duen organoari Estatuko nahiz mundu mailako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek xede bererako ematen dituzten bestelako laguntza edo diru-laguntzak jasotzen diren jakinaraztea.

  8. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa berariaz eta argi aipatzea, diruz lagundutako jarduera dela-eta argitaratzen diren katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko zein soinudunetan, diru-laguntza jaso dutela jakinarazteko ebazpena jasotzen dutenetik aurrera.

  9. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrak.

Agindu honen kargura emandako diru-laguntzen ordainketa bi zatitan egingo da, prozedura honi jarraituz:

  1. Emandako diru-laguntzaren % 75, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emandako Ebazpenaren jakinarazpena jaso denetik.

  2. Gainerako kopuruaren ordainketa 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera eta 22. artikuluaren arabera diru-laguntza justifikatzeko eta likidatzeko eskatutako agiriak aurkeztu ondoren.

Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, lagundutako jarduera amaitu eta bi hilabeteko epean eta, betiere, 2018ko martxoaren 10a baino lehen:

  1. Burututako jardueraren memoria zehatza: garapena eta ebaluazioa.

  2. Egindako jardueren kostuari buruzko txosten ekonomiko justifikatzailea, honakoak adierazita:

    Diruz lagunduriko jarduera gauzatzeko izan diren diru-sarrera eta gastuen balantzea, eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontuaren arabera.

    Jardueraren gastuei buruzko zerrenda sailkatua, euskadi.eus gunean ezarritako formularioaren arabera.

    Guztirako gastuak justifikatzeko fakturak.

    Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatean Sorkuntza-dedikazioaren oinarrizko euskarriaren kontzeptuari egozteko moduko gasturik badago, kontzeptu horretan proiektuan erabilitako egun-kopurua egiaztatuko duen erantzukizunpeko adierazpena.

  3. Eskabidea aurkeztu ondoren helburu berbererako emandako bestelako diru-laguntzen zerrenda.

  4. Diruz lagunduriko jarduera dela-eta sortutako katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinuzkoaren ale bat, Eusko Jaurlaritzako, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa espresuki adierazita agertzen delarik.

    1. Salbuespenez, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako finantzaketak ez badu gainditzen aurkeztutako gastuen % 50, gastu eta diru-sarreren balantzeari buruzko zinpeko adierazpenarekin batera aurkeztu ahal izango dira emandako diru-laguntzaren kopuruari dagozkion egiaztagiriak. Hala ere, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak hala eskatzen duenean, pertsona onuradunek bere gain hartuko dute aurkezturiko aurrekontuaren arabera guztirako diru-zenbateko osatzeko falta diren egiaztagiriak Zuzendaritzaren esku jartzeko konpromisoa.

    2. Sustapen-zabalkundearen modalitatean diru-sarrera eta gastuen balantzean ez da ontzat emango gastu ataletan onartutako aurrekontuarekiko alde nabarmenik, ondo arrazoitutako kasuetan ez bada behintzat. Nolanahi ere ez da onartuko 12. artikuluan ezarritako mugen gainetik gastuak gehitzea, gestio, koordinazio, zuzendaritza edo antzekoetan, ez eta egitura, bidaia, ostatu eta dieta gastuetan ere.

    3. Pertsona fisikoek justifikazioa aurkezteko bide presentziala nahiz elektronikoa erabili ahalko dute:

      Bide presentziala erabiliz justifikazioa Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan aurkeztu ahal izango da, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

      Bide elektronikoa erabiliz http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak helbidean aurkeztu ahalko dira.

    4. Pertsona juridikoek justifikazioa aurkezteko bide elektronikoa erabili beharko dute aurreko puntuan esandako helbide elektronikoan.

    5. Justifikazioak bide presentziala nahiz elektronikoa erabiliz nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak, euskadi.eus-en daude ikusgai, Agindu honen 6.3 artikuluan aipaturiko helbidean.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Herriko Ogasun Orokorreko Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.12 artikuluarekin bat etorriz, diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira edo beste administrazio edo entitate publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, edo helburu berbererako beste edozein diru-sarrera badago, horrek diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, betiere laguntza arautzen duen xedapenak ezarritako gutxieneko betekizunak gordetzen badira. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, emandako diru-zenbatekoak doitzeko.

  1. Hauek izango dira ez-betetzeak:

    1. Jasotako laguntzak, osorik zein zatika, aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

    2. Agindu honek ezartzen dituen obligazioak ez betetzea.

    3. Diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean adierazitako zenbatekoa, hala badagokio, horretarako ezarri den epearen barruan ez itzultzea.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53 artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluaren b), c), d), e) f) eta g) ataletan aurreikusitakoak.

  2. Artikulu honetako aurreko paragrafoan aurreikusitako ez- betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

    Laguntza-programa honek ez du Europako Batzordearen baimena behar, honelaxe xedatuta dago-eta Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 araudian (araudi hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Izan ere, enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan. Horren ondorioz, aurtengo eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jaso diren minimis motako diru-laguntzei buruzko adierazpena aurkeztu beharko da.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari jarraituz, eskatzaileek emandako datuak eta eskabideetan agertzen direnak Eusko Jaurlaritzaren Kultura sortzeko laguntzak eta diru-laguntzak izeneko fitxategian sartuko dira. Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren titularra eta 2015eko abenduaren 2ko Aginduan araututa dago. Fitxategiak laguntza emateko espedienteak kudeatzea du helburu. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarrita ditu. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.

    Datu pertsonalen babesari buruz indarrean dauden arauei jarraiki, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da eskatzailea, horretarako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzari idatzi bat bidaliz (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

    Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak erkatu ahal izango ditu adierazitako datuak eta berariazko egiaztapenak egin ahal izango ditu laguntzak behar bezala esleitzeko.

    AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

    Administrazio-bideari amaiera ematen dion agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Kultura et Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera, edota Administrazioarekiko Auzi-errekurtsoa Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko dagokion Aretoan bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera.

    AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

    Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik sortuko ditu ondorioak.

    Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 8a.

    Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

    BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.