Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2017ko irailaren 6koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena, 2017ko ekitaldirako, udal plangintzan eta hirigintzan genero-ikuspegia integratzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 173
  • Hurrenkera-zk.: 4394
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2017/09/06
  • Argitaratze-data: 2017/09/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Hirigintza eta etxebizita; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Diru-laguntza hauen xede nagusia da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen mandatua betetzea; izan ere, 3.4 artikuluan dago adierazita euskal botere publikoek genero-ikuspegia txertatu behar dutela beren politika eta ekintza guztietan, halako moduz non horietan guztietan desberdintasunak ezabatzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko helburu orokorra ezarriko duten.

Lege horren ondoreetarako, genero-ikuspegia integratzea emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, jomuga eta beharrizanak modu sistematikoan kontuan hartzea da, eta, horretarako, desberdintasunak desagerrarazteko eta berdintasuna sustatzeko helburu eta jarduketa zehatzak txertatzea politika eta ekintza guztietan, maila guztietan eta horien plangintza-, egikaritze- eta ebaluazio-fase guztietan.

Zehatz-mehatz, lege horren 46.1 artikuluan dago ezarrita euskal botere publikoek behar diren neurriak hartuko dituztela beren ingurumen-, etxebizitza-, hirigintza- eta garraio-politiketan eta -programetan genero-ikuspegia txertatuta dagoela bermatzeko, eta, horretarako, besteak beste, hauek hartuko dituzte kontuan: pertsonen segurtasuna; etxeko lanak egin eta pertsonak zaintzea erraztea, bizitza pertsonala, familia eta lana uztartu ahal izatea erraztea; bai eta, politika eta programa horiek diseinatu eta betetzeko orduan, emakumeek partaidetza handiagoa izan dezatela bultzatzea ere.

Horretaz gain, 2013ko abenduaren 30ean, Gobernu Kontseiluak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Plana onartu zuen; bertan, helburu estrategiko eta operatiboen artean, hirigintzarekin erlazionatutako hauek daude jasota:

  1. helburu estrategikoa. Hirigintza-plangintza eta etxebizitzaren, espazio publikoen eta garraiobideen diseinua aldatzea, uztartze erantzunkidea errazteko.

    1. helburu operatiboa. Eguneroko bizimoduko jarduerak egiteko, biztanleek joan-etorrietan ematen duten denbora murriztea.

    2. helburu operatiboa. Hirigintza-plangintzako eta etxebizitzen, espazio publikoen eta garraiobideen diseinuko irizpideak identifikatzea eta aplikatzea, uztartze erantzunkidea eta pertsonen autonomia erraztearren.

  1. helburu estrategikoa. Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko informazioa eta ikerketa hobetzea.

    2. helburu operatiboa. Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko eta haren adierazpenei buruzko jakintza hobetzea.

    Helburu horiek garatzeko, eta otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 15.2 artikuluaren arabera Jaurlaritzaren sail bakoitzak bere planak edo jarduketa-programak egingo dituenez, emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokion plangintzan, sail honek bere gain hartuko ditu zenbait jarduketa genero-ikuspegia lurralde-plangintzan eta hirigintzan txertatzeko, eta diru-laguntzak emateko agindu hau da jarduketa horietariko bat.

    Bestetik, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen (LAG) aurrerapen-dokumentuaren berrikusketan berariaz dago adierazita zenbait gai garrantzitsuak direla, berez lurralde-izaera izan ez arren, eta garrantzia eman behar zaiela politika publikoak diseinatzeko eta kudeatzeko orduan, eta kontuan hartu behar direla lurralde-antolamenduan eta, ondorioz, LAGen berrikusketan bertan. Eta gai horietariko bat genero-ikuspegia da, hain zuzen. Alde horretatik, adierazi behar da pertsonek premia eta itxaropen desberdinak dituztela lurraldearen eta hiri- eta landa-ingurunearen arloetan, bakoitzak eguneroko bizitzan bere gain hartzen duen genero-rolaren arabera. Hori dela eta, lurralde-antolamenduan genero-ikuspegia txertatzeak bide ematen du gizonak eta emakumeak baliabide guztietara baldintza beretan iristea bermatzeko.

    Azken batean, asmoa da udal hirigintza-planetan genero-ikuspegiaren integrazio efektiboa izatea; horretarako, zenbait ekintza estrategiko eginda, lehentasunezko ekintzetarako lau erabileremuren bitartez: lurralde-antolamendua eta hirigintza, mugikortasun jasangarria, landa-eremua eta gobernantza.

    Lurralde-antolamenduko eta hiri-inguruneko desberdintasun esanguratsuenek honako eremu hauei eragiten diete: mendeko pertsonen zaintzarako ekipamenduen existentzia eta irisgarritasuna; hiri-eremuen eta eraikinen erabilera-patroi desberdinak, pertsonek bereganatzen dituzten genero-rol desberdinak direla eta; bikoterik ez duten emakumeek etxebizitza bat lortzeko dituzten zailtasun handiagoak, talde kalteberek batez ere, familia gurasobakar amadunek eta genero-indarkeriaren biktimek, esaterako; emakumeek eremu publikoan eta hiri-zuzkiduretan sentitzen duten segurtasun-gabezia handiagoa.

    Jardun-eremu horietan igarritako desberdintasun horietatik hauek dira esanguratsuenak:

    Lurralde-antolamenduan eta hirigintzan: mendeko pertsonen zaintzarako ekipamenduen existentzia eta irisgarritasuna; hiri-eremuen eta eraikinen erabilera-patroi desberdinak, pertsonek bereganatzen dituzten genero-rol desberdinak direla eta; bikoterik ez duten emakumeek etxebizitza bat lortzeko dituzten zailtasun handiagoak, talde kalteberek batez ere, familia gurasobakar amadunek eta genero-indarkeriaren biktimek, esaterako; emakumeek eremu publikoan eta hiri-zuzkiduretan sentitzen duten segurtasun-gabezia handiagoa.

    Mugikortasun jasangarrian: pertsonen mugikortasun-ereduak aldatzen dira gizon eta emakumeek beren gain hartzen dituzten genero-rolen arabera, eta, estatistikoki, emakumeek neurri handiagoan erabiltzen dute garraio publikoa; arrazoi gehiagorengatik egiten dituzte bidaiak, bidaia gehiago kateatzen dituzte eta ibilgailu pribatua erabiltzeko aukera gutxiago dituzte; beste pertsona batzuk zaintzeko eta etxea mantentzeko egindako bidaiak ez dira behar bezala zenbatzen estatistiketan.

    Landa-ingurunean: genero-desberdintasunak garraiora eta garraio-zerbitzuetara, ekipamenduetara eta enplegu-tokietara iristean; genero-desberdintasunak ekipamendu eta zerbitzuak erabiltzeko premietan, zaintzaren alorrean bereziki, zerbitzu eta ekipamenduen sarearen kapilaritateari dagokionez; genero-desberdintasunak nekazaritza-jardueran, ustiategien titulartasuna barne.

    Gobernantza: emakumeen presentzia txikiagoa herritarrek parte hartzeko prozesuetan eta talde teknikoetan; ahuleziak politika, plan eta jardunak diseinatu eta egikaritzeko eta haien jarraipena egiteko fase guztietan generoari buruzko aditu-mailako jakintza integratzean.

    Alde horretatik, LAGen aurrerapen-dokumentuan genero-ikuspegiaren arlorako proposatutako gidalerroek hauek betetzeko helburua dute:

    Lurralde- eta hirigintza-jardunean, genero-ikuspegia integratzen duen plangintza sustatzea, denboran sendotzeko modukoa.

    Genero-ikuspegia sartuta, lortu nahi den lurralde-ereduaren oinarriak ezartzen laguntzea, bereziki lurralde jasangarri, inklusibo, adimendun eta partizipatiboa eraikitzeko.

    Bere eskala guztietan zaintza-premiei erantzuna ematen dien lurraldea sustatzea, lurralde- zein hirigintza-plangintzan «zaintzaren hirigintzaren» jarduna sartuta.

    Berdintasunaren helburua lortzen eta herritar guztien bizi-kalitatea hobetzeko lurralde eta hiriak sortzen laguntzea, edozein desberdintasun-ardatzez (sexua, adina, maila sozio-ekonomikoa, etnia, arraza, eta abar) harago.

    Diru-laguntzetarako agindu honen bidez, aipatutako helburuak eta gidalerroak sustatu nahi dira, hirigintza-antolamenduan eta haren garapenean, genero-ikuspegiaren txertaketa bideratzearren.

    Beste alde batetik, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko xedez, 2016ko abenduaren 22an, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak agindu bat eman zuen sailaren 2016ko ekitaldiko diru-laguntzen plan estrategikoa 2017ra luzatzeko. Agindu horretan, luzapena denez, ez dago berariaz aurreikusita laguntza-lerro hau. Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko 2017 urterako aurrekontu orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 2/2017 Legeak berak, lurralde-politika orekatua eta jasangarria izateko herrialde-konpromisoei aurre egiteko xedez, lurralde-antolamenduaren programaren barruan, aurreikusita dauka zenbait helburu estrategiko, eta horietariko bat da udal hirigintzan genero-ikuspegiaren sarrera bultzatzea diru-laguntzen lerro honen bidez.

    Azkenik, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren 8.1 artikuluko b) letran, Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzari ematen zaizkion egiteko komunen artean dago agiri eta tresna juridikoak eta ekonomikoak lantzea, zeinetan arautzen baita horien izapidetzea, Zerbitzu Zuzendaritzarekin elkarlanean, eta, oro har, horien kudeaketa, jarraipena eta ebaluazioa egitea.

    Ondorioz, lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) eta apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuak (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzekoa) ematen didaten eskumena baliatuta, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzeko den azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntza eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin, honako hau

  1. Agindu honen helburua da diru-laguntzak emateko arauak ezartzea eta deialdia egitea, 2017ko ekitaldirako, udal plangintzan eta hirigintzan genero-ikuspegia integratzeko.

  2. Analisien, diagnostikoen eta ondorioen dokumentuak egiteko behar den laguntza teknikoa kontratatzeak eragiten dituen gastuak finantzatuko dira, barnean hartuta hirigintza-tresnak hobetzeko proposamenak edo neurri zuzentzaileak, genero-ikuspegiari dagokion aldetik, eta, zehatzago esanda, hauek:

    1. Eraikuntzako eta urbanizazioko ordenantzak proposatzea, edo

    2. Hirigintza-planeamendurako, genero-ikuspegia duten tresnak proposatzea.

  3. Ez da diruz lagunduko egikaritze-tresnei buruzko dokumentuak idaztea, adibidez, hirigintza- edo eraikuntza-proiektuak.

  4. Ez dira diruz lagunduko agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu aurretik kontratatutako laguntzei dagozkien gastuak.

  1. Diru-laguntza hauek Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eska ditzakete, baina udal bakoitzak eskabide bakarra egin dezake.

  2. Ezin izango dira udal onuradunak izan baldin eta lehenagoko ekitaldiren batean diru-laguntza eman bazaie, ez diruz lagunduta egon diren lanetarako ez diruz lagundutako lanen helburu bererako.

  3. Diru-laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaitu egin beharko dira itzultze- edo zehapen-prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako antzeko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-aldian badaude.

  4. Ezin izango dituzte diru-laguntza hauek eskuratu diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalen bat duten pertsona juridikoek, ezta horretarako legezko inolako debekurik dutenek ere, sexu-bereizkeriagatik eragindakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

  5. Halaber, ezin izango dira diru-laguntzen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. apartatuan jasotako gorabeheraren batean dauden entitateak. Gorabehera horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da aipatutako 13. artikuluko 4. apartatutik 6.era bitartean xedatutakoa, eta gorabehera bakoitzerako ezarritako muga izango dute.

  1. Entitate interesdunek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

  2. Izapidetze elektronikoa hauetan dago araututa: Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, eta Informatika eta Telekomunikazioetako garaiko zuzendariak Platea e-administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzeko emandako 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena. Horretaz gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea ere aplikatu behar zaio izapidetze elektronikoari.

  3. Eskabideak izapidetzeko xehetasunak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak euskadi.eus egoitza elektronikoan daude, URL honetan: https://www.euskadi.eus/diru-lagun-ikuspegi-genro-plangin/y22-izapide/eu

  4. Eskabidearen ondorengo izapideak elektronikoki egingo dira Nire kudeaketak atalaren bitartez: https://euskadi.eus/nirekideaketak

Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze zuzendariari dagokio agindu honen arabera emandako diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluaren 3. apartatuan ezarritako printzipioei egokitu beharko zaizkie.

  1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  2. Eskabideak elektronikoki aurkeztuko dira euskadi.eus egoitza elektronikoan, URL honetan: https://www.euskadi.eus/diru-lagun-ikuspegi-genro-plangin/y22-izapide/eu

  3. Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa. Halaber, prozedura osoan zehar, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutako moduan.

  4. Agiri hauek erantsi beharko zaizkio eskabideari:

    1. Informazio hau jasota duen azalpen-memoria:

      1. Udalerriko problematikarekin zerikusia duen lana egiteko arrazoiak.

      2. Jardun-eremua (udalerriko hiri-bilbe osoa, edo berezko entitate eta singulartasuneko area edo auzo zehatza, edo landa-ingurunea) eta eremu horretako biztanleriaren ziurtagiria (udalerria, area, auzoa...).

      3. Indarreko plangintzaren edo arautegiaren azterketa. Atzemandako ahuleziak. Proposatutako jarduerak (berrikusi beharreko hirigintza-ordenantzak edo -tresnak).

      4. Hiritarrek parte hartzeko programa, genero-ikuspegia barnean hartzen duena, emakumezkoen parte-hartzea indartzera zuzenduta eta udalerriaren edo jardun-eremuaren tamainara egokituta.

      5. Proiektuaren parte diren udal areak.

      6. Berdintasunean prestatzeko proposamena, proiekturen parte diren area guztietako langile guztientzat.

      7. Lana idazteko une nagusien egutegia, kontuan hartuta parte hartzeko prozesua eta langileen prestakuntza aurreikusi behar direla.

    2. Laguntza teknikoko zerbitzu-sarien aurrekontua, BEZa banakatuta.

    3. Udaleko idazkaritzaren ziurtagiria, udalerriko, auzoko edo areako biztanle-kopurua egiaztatzeko.

    4. Betebehar eta egoera hauek egiaztatzen dituen erantzukizunpeko adierazpena:

      1. Jakinaraztea ea diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako baliabiderik eskatu edo, hala badagokio, ea jaso den helburu bererako, beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik.

      2. Entitate eskatzailea ez egotea laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez izatea horretarako legezko debekurik.

      3. Indarreko arauetan ezarritako betekizunak betetzea eta eskabideko eta agirietako datuak egiazkoak izatea.

Aurkeztutako eskabidean, akatsen bat edo zehaztasun-eza atzemanez gero, entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta hamar egun balioduneko epea emango zaio zuzentzeko. Halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskabideari uko egin diola ulertuko dela. Dena den, aldez aurretik, behar den ebazpena emango da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Akatsen zuzenketa jakinarazteko, baliabide elektronikoak erabiliko dira. Jakinarazpenak kontsultatzeko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko Nire kudeketak atalera jo beharko da.

Jakinarazpena egindakotzat joko da, interesdunak jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean. Jakinarazpena bidali eta egutegiko hamar eguneko epean, ez bada edukian sartu, ukatutzat hartuko da eta izapidea egindakotzat joko; beraz, prozeduran aurrera egingo da baldin eta, ofizioz edo jasotzaileak eskatuta, egiaztatzen bada ezin izan dela teknikoki edo materialki sartu.

Aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak jasotzaileei jakinarazpenen abisuak igorriko dizkie SMS edo posta elektronikoko mezuen bidez, eskabidean adierazitako telefonoetara edo posta elektronikoko kontuetara. Abisu horiek inoiz ez dira jakinarazpentzat hartuko.

  1. Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta egiaztatzeko, balorazio-epaimahai bat sortuko da eta hauek osatuko dute:

    1. Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze zuzendaria; mahaiburua izango da.

    2. Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzako Lurraldearen Antolamendurako eta Plangintzarako Zerbitzuko arduraduna.

    3. Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzako Lurraldearen Antolamendurako eta Plangintzarako Zerbitzuko arkitektoa.

    4. Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Zerbitzu Zuzendaritzako berdintasunerako teknikaria.

    5. Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzako aholkulari juridiko bat; epaimahaiko idazkaria izango da.

  2. Epaimahaiak bere proposamena igorriko dio Lurralde Plangintzaren sailburuordeari, baina lehenago eskabide bakoitza aztertu eta egiaztatu du ondorengo artikuluan ezarritako esleipen-irizpideen arabera.

  3. Aipatutako proposamenean, lehentasunak ezarriko dira diruz lagundu nahi diren eskabideen artean, esleipen-irizpideetarako ezarritako puntuazioaren arabera ezarri ere; hauek adierazita: entitate onuraduna; diruz laguntzeko modukoa den proiektua, eta proposatutako zenbatekoa aurrekontu-kreditua amaitu arte. Halaber, ukatzeko diren eskabideen zerrenda eta ukatzeko arrazoiak ere egongo dira jasota.

  4. Puntuazio goreneko eskabideei dagozkien zenbatekoak esleitzeko prozesuaren ostean, deialdiko zuzkidura agortzeko falta den saldoa ez bada nahikoa sailkapenean hurrengoa den eskabidearen gehieneko zenbatekoa ordaintzeko, soberako saldo horren zenbatekoa esleituko zaio.

  1. Proiektuko memoria 6 puntuz baloratuko da gehienez.

  2. Hiritarrek parte hartzeko programa 2 puntuz baloratuko da gehienez.

  3. Parte diren areetako langileak prestatzeko proposamena 2 puntuz baloratuko da gehienez.

  4. Diruz laguntzeko, proposamenek 5 puntu lortu behar dituzte gutxienez.

  1. Balorazio-epaimahaiaren proposamena ikusi ondoren, Lurralde Plangintzako sailburuordeak ebazpena eman eta jakinaraziko du hiru hileko gehieneko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera. Balorazio-fasean erdietsitako puntuazioaren arabera esleituko ditu diru-laguntzak ebazpen horrek, handienetik txikienera, harik eta aurrekontu-zuzkidura agortzen den arte; orduan, gainerako eskabideak ukatuko ditu, eta diru-laguntza jasoko duten udal edo kontzejuak, diruz lagundutako proiektuak eta emandako zenbatekoak zein diren adieraziko. Ukatutako eskabideen kasuan, ukatze horren zergatikoak ere adieraziko ditu. Aipatutako ebazpena jakinarazteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da argitara.

  2. Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

  3. Gehieneko epea inolako ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, laguntza-eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute entitate interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen entitate onuradunek artikulu hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikulua, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua. Zehazki, betebehar hauek bete beharko dituzte:

  1. Esleitutako diru-laguntza onartzea. Horrela, laguntza onartzen dutela ulertuko da, baldin eta ez badiote berariaz eta idatziz uko egiten, laguntza eman izanaren jakinarazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hamabost egunera.

  2. Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk jaso dituztela adieraztea, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

  3. Laguntza zertarako eman den, hartarako erabiltzea.

  4. Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunetan eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen karietara jasotako diru-laguntzei buruz.

  5. Egindako dokumentuak publikotasuna adierazi beharko du; hau da, berariaz adierazi beharko du finantzaketa publikoa dela, eta jasota izan behar du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren diru-laguntza daukala; jarduerarako karteletan eta testuetan sail horren logo ofiziala agertu behar da, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatutakoarekin bat.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa izanez gero, eta nolanahi ere beste administrazio batzuek edo erakunde publiko zein pribatuek aldi berean emandako laguntzak nahiz diru-laguntzak lortuz gero, eta helburu horietarako edonolako diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, aldatu egin daiteke diru-laguntza emateko ebazpena alda daiteke, baina, betiere, laguntzaren onuradun izateko eskakizunak beteta.

Baldin eta zerbitzu-sarien behin betiko kostua txikiagoa bada laguntza ematean aurreikusitako aurrekontuan jasotakoa baino, proportzioan murriztuko da emandako diru-laguntzaren zenbatekoa, eta, orduan, diru-laguntzaren ehunekoa oinarri berriaren gainean aplikatuko da.

Entitate onuradunak ez badu erabiltzen diru-laguntza hori eskatu eta eman zitzaion xederako, edo diru-laguntza eragin duen jarduketa egiten ez badu, edo finkaturiko xedeetarako erabili duela justifikatzen ez badu, edo, oro har, ez baditu betetzen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, agindu honetan eta diru-laguntza emateko ebazpenean ezarrita dauden betebeharrak, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko du eta, hala badagokio, jaso duen diru-kopurua itzuli egin beharko du, baita sortutako legezko interesak ere. Dirua itzultzeko, horretarako ezartzen den prozedurari jarraituko zaio.

  1. Diru-laguntzan sartuko dira, aurrekontu-kreditua agortu arte, 1.2 artikuluan aipatutako dokumentua idazteko zerbitzu-sarien % 75.

  2. Enkargatutako dokumentuaren benetako kostua alde batera utzita, diru-laguntzarako, kontuan hartu behar diren gehieneko zerbitzu-sariak (H) kalkulatzeko, kontuan hartuko da udalerriko edo jardun-eremuko biztanleria (P), formula honetaz baliatuta:

    H= 175 x P

    Edonola ere, kontuan hartuko den gutxieneko biztanle-kopurua 700ekoa izango da, baita udalerri txikiagoetarako ere.

    Diru-laguntza ez da inola ere 30.000 euro baino gehiago izango.

  3. Baina BEZa edo bestelako zergak ez dira inola ere diruz lagunduko.

Agindu honen bidezko deialdiko diru-laguntzak bateratu daitezke beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako egindako deialdietako bestelako diru-laguntza edo laguntza batzuekin eta bestelako sarrera edo baliabide batzuekin; baldin eta laguntza horien xede den jarduerarako jasotzen diren laguntza guztiek gainfinantzaketarik eragiten ez badute. Holakorik gertatuz gero, gaindikinari dagokion zenbatekoa gutxituko zaio deialdi honetan emandako laguntzari.

Orotara, 200.000 euro bideratuko dira aipatutako diru-laguntzak emateko, 17.0.1.05.21.0000.4.422.01.43130.0001.C aurrekontu-partidaren kontura; horietatik 40.000 euro 2017 urteari dagozkio, eta 160.000 euro 2018 urteari.

Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzak emango ditu diru-laguntza ordaintzeko ebazpenak, eta honela ordainduko da:

  1. Lehen ordainketa batean, emandako diru-laguntzaren % 20ri dagokiona, esleipen-ebazpena jakinarazi eta gehienez hilabeteko epean.

  2. Bigarren eta hirugarren ordainketetan, diru-laguntza justifikatu ondoren emandako diru-laguntzan ordaintzeke dagoen zenbatekoari dagokiona; horretarako, gehienez ere 2018ko urriaren 31 arte, https://euskadi.eus/nirekudeaketak egoitza elektronikoan, agindu honen 1.2 artikuluan aipatutako dokumentuaren ale bat aurkeztu beharko da, agiri hauekin batera:

    1. Justifikazio-memoria, bai egindako parte hartzeko prozesuarena, bai lanean parte hartu behar zuten langileen berdintasuneko prestakuntzarena.

    2. Ordaindutako zerbitzu-sarien ziurtagiria.

      Egindako justifikazioa ez bada heltzen eskabidean aurkeztutako aurrekontura, ordaintzeko, kontuan hartuko da diruz lagundu daitekeen gehieneko aurrekontua, 14. artikuluan aipatua, eta 12. artikuluan adierazitakoa.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 6a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.