Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2017ko apirilaren 24koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, EAEko Barne Arroetan jabari publiko hidraulikoko ur-aprobetxamenduetatik ateratako ur-bolumenak kontrolatzeko sistemak arautzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 87
  • Hurrenkera-zk.: 2307
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2017/04/22
  • Argitaratze-data: 2017/05/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Uren Legearen testu bategina onartu zuen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 55.4 artikuluak adierazten duenez, kasuan-kasuan eskumena duen Administrazio hidraulikoak zehaztuko du erabilitako ur-emaria eta jabari publiko hidraulikora egindako isurketak eraginkortasunez kontrolatzeko zer sistema ezarri beharko diren eskubideak errespetatuko direla bermatzeko, egiazki kontsumitu edo erabilitako ur-bolumena neurtzeko, baliabideak zuzenki planifikatzeko eta kudeatzeko eta uren kalitatea ziurtatzeko. Horretarako, ur-emakida administratiboetako titularrak eta edozein titulu dela-eta horiek modu pribatuan erabiltzeko eskubidea duten guztiak behartuta egongo dira dagozkien neurketa-sistemak instalatzera eta mantentzera, benetan kontsumitu edo erabilitako eta, hala dagokionean, itzulitako ur-emariei buruzko informazio zehatza ziurtatzeko.

Ildo berean, urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretuaren bidez onartu zen Espainiako zatiko Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoak (2015-2021) 20. artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko barneko arroetan erregistratutako emariei buruzko datuak Uraren Euskal Agentziara bidaliko dira, horretarako garatu diren arau-xedapenetan jasotakoaren arabera; halaber, bertan berriro aipatzen da Uren Legearen testu bateginean ezarritako betekizuna: hain zuzen ere, aprobetxamenduen titularrek neurketa-sistemak beren kargura instalatu eta manten ditzatela, benetan kontsumitu edo erabilitako emarien erregistroa eta egiaztapena ziurtatzeko, emariak onartutako maximoetara egokitu direla kontrolatze aldera.

Aipatutako araudian ezarritakoarekin bat etorrita, eta erabilitako emarien kontrol eraginkorrari begira instalatu beharreko sistemei dagozkien zehaztapen teknikoak finkatzeko helburuz, bai eta alor horretan aprobetxamenduen titularrek dituzten betebeharrak zein Uraren Euskal Agentziak dituen eskumenak ere zehazteko helburuz, nahitaezkoa da agindu hau ematea.

Agindu honen xedea da emariak neurtzeko sistema horiek arautzea. Eta horren harira, lehenengo eta behin, ur-aprobetxamenduko hargune guztietan sistema horiek instalatu eta mantentzeko beharrezkoak diren preskripzio teknikoak onartu dira. Horrez gain, neurketak erregistratzeko prozedurak zehaztu dira, eta informazio hori erregistratu eta mantentzeko betebeharra ezarri da, bai eta Uraren Euskal Agentziari behar diren datuak, hala badagokio, jakinarazteko prozedura ere. Azkenik, erabiltzaileek instalatutako neurketa-bitartekoen ikuskapena nola egin arautu da, baita erregistroa eta, hala badagokio, emaitzen jakinarazpena ere.

Titularra behartuta egongo da Uraren Euskal Agentziara erregistratutako emarien datuak igortzera, hark zehaztutako moduan eta maiztasunarekin, emakidak ikuskatzeko eta kontrolatzeko funtzioak, Plan Hidrologikoaren segimenduaren barruan, hobeki gauzatzeko.

Horrela, bada, Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2013 Dekretuaren 4.1 artikuluak ematen didan eskumenaz baliatuta, azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 9.1 artikulua aplikatuta eta Uren Legearen testu bateginaren 55.4 artikuluan xedatutakoa betez, honako hau

  1. Agindu honen xedea da jabari publiko hidraulikoko ur-aprobetxamenduetatik ateratako ur-bolumenak kontrolatzeko sistemak zehaztu, instalatu eta mantentzeko irizpide teknikoak ezartzea, horretarako gaitzen duen titulua edozein dela ere.

  2. Era berean, aprobetxamendu horien titularrek sistema horiei eta haien bitartez lortutako informazioari dagokienez dituzten betekizunak arautzea ere bada agindu honen xedea.

  3. Azkenik, betekizun horiek egiaztatu eta kontrolatzeko Uraren Euskal Agentziak dituen ahalmenak arautzen ditu.

Agindu hau, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko arro hidrografikoen lurralde-eremuan, aprobetxamendu guztiei aplikatuko zaie, horretarako gaitzen duen titulu juridikoa, ezaugarri teknikoak, tamaina eta helburua edozein direla ere.

Agindu honen ondorioetarako, definizio hauek hartuko dira kontuan:

  1. Ur-aprobetxamendua: ur-bolumen jakin bat erabiltzea, puntu batetik edo hainbatetatik eta erabilera baterako edo hainbatetarako hartutakoa, emakida edo ur publikoak modu pribatuan erabiltzeko eskubide bakarraren barruan.

  2. Hartzea: azaleko edo lurpeko ur publikoak, zuzenean edo zeharka, hargune izeneko toki batetik hartzea, bideratzea edo ateratzea.

  3. Presio bidezko hoditerien bitartez (edo behartuta) egindako ur-hartzeak: ura hodi itxien bitartez atera edo bideratzen da, atmosferarekin zuzeneko kontakturik izan gabe. Oro har, zirkulazioa «sekzio osokoa» izango da (hasieratik edo hoditeriaren puntu jakin batetik aurrera), atmosferakoa baino presio handiagoarekin. Bi azpimota bereiz daitezke: altxatze- edo bultzatze-prozedurak nahasten dituztenak, esaterako ponpatze-ekipamenduen bidez; eta grabitatearen bidezko zirkulazioa dutenak, bi punturen arteko kota-aldeari esker.

  4. Aire libreko ubide bidezko ur-hartzeak: ura soilik grabitatearen bidez ateratako da, atmosferarekin kontaktua mantenduz: kanalak, ubideak eta, oro har, funtzionamendu bertsuko hoditeriak, zuzenean ibilgutik edo ibilguari berari eusteko azpiegitura batetik (adibidez, presa txiki batetik) abiatzen direnak. Aire libreko aprobetxamenduetako hartzeetan hiru zati bereizi ohi dira: hargunea (ateratze-instalazioekin, sedimentu-tranparekin, uhateekin eta gainezkabidearekin batera), garraiatze-kanala eta banaketa-harguneak.

  5. Emari ekologikoa: Ibaien eta trantsizio-uren edo estuarioen egoera ona izatea ahalbidetzen duten horiexek dira emari ekologikoak. Eta, besteak beste, arrainen bizi-baldintzak eta ibaiertzetako landaredia egoeran onean edukitzea ahalbidetzen dute.

  6. Baimendutako gehienezko emaria: ur-aprobetxamenduaren emakidako baldintzetan zehaztuta dagoena, segundoko litrotan adierazia. Denboran aldagarria izan daiteke. Tituluan emari hori zehazten ez denetan, administrazio-emakidan batez besteko emari gisa adierazitakoa hartuko da baimendutako gehienezko emaritzat, edo, hori baino handiagoa bada, adierazitako erabilera-aldirako gehienezko emari baimendua, zehaztasun faltaren aurrean ateratze jarraitua onartuta.

    Legezko xedapen bidez eskuratutako erabilera pribatiboen kasuan, urteko bolumena ez da 7.000 metro kubikotik gorakoa izango.

  7. Ur-hartzearen bat-bateko gehienezko emaria: ur-bideratze edo ur-ateratze handiena gertatzen den unean hargune-puntutik igarotzen den bolumenari deritzogu, denbora-unitatea segundoa izanik.

  8. Ur-kontagailua: uraren bolumena neurketa-baldintzetan nola banatzen den neurtzeko, erregistratzeko eta adierazteko sortutako gailua, neurketa-transduktorean zehar igarotzen denean.

  9. Gastu-kurba: ezaguna den sekzio bateko emariaren eta ur-laminaren altueraren arteko erlazioa.

  10. Kontrol-gailuak: erabilitako bolumena neurtzea ahalbidetzen duten eta ateratako gehienezko emaria mugatzen duten elementuen multzoa.

  11. Eskala limnimetrikoa: neurketa-eskala graduatua, gehienetan, bideratze-ubidearen bi albo hormetako batean kokatua dagoena eta ur-laminaren altuera agerian uzten duena.

  12. Ur-emaria neurtzeko estazioa: aire libreko zirkulazioa duen hoditeria hidrauliko batean, korronte baten emaria kontrolatzen eta neurtzen duen instalazioa. Denboran aldaezina den sekzio batez eta ur-laminaren mailaren neurgailu (limnimetro) batez osatuta dago. Azken horrek une bakoitzean zirkulatzen ari den emaria zehazten du, aipatutako sekzioarentzat definitu behar den gastu-kurbaren bitartez.

  1. Mugagailua: hoditeria baten garraiatze-gaitasuna baimendutako gehienezko emarira mugatzeko elementua edo diseinua.

  2. Zigilua: neurketa-tresnaren edo sistemaren atal jakinetara sarbidea galarazten duen edo duten elementu material edo elektronikoa(k), eta baimenik gabeko sarrera gertatzekotan, urratu izana salatzen duena.

  1. Betekizun metrologiko eta teknikoak: diseinuari, funtzionamendu-parame- troei eta kontrol administratiboei dagozkienak, erregelamendu edo araudi bidez, orokorrean edo gailu mota bakoitzarentzako berariaz ezarritakoak.

  2. Teleirakurketa: datuak komunikatzea,aprobetxamenduetako ur-bolumenak kontrolatzeko eta erregistratzeko gailuen eta Uraren Euskal Agentziaren artean.

  3. Ateratako ur-bolumena: jabari publiko hidraulikotik ateratako ur-kopurua, metro kubikotan adierazitakoa eta denbora-unitate jakin baten araberakoa.

Gaitze-tituluan baimendutako gehienezko emariaren arabera, 3 aprobetxamendu-maila bereizten dira.

Lehen maila: baimendutako gehienezko emaria 4 l/s baino txikiagoa duen aprobetxamendua.

Bigarren maila: baimendutako gehienezko emaria 4 l/s eta 100 l/s bitartekoa duen aprobetxamendua.

Hirugarren maila: baimendutako gehienezko emaria 100 l/s-koa edo handiagoa duen aprobetxamendua.

Baimendutako gehienezko emaria agindu honen 3.f) artikuluan adierazitakoa izango da.

  1. Jabari publiko hidraulikotik ura hartzean bolumena kontrolatzeko helburuarekin, ur-aprobetxamendu guztietan, titularrak kontrol-sistema bat instalatu eta mantendu beharko du bere kontura, agindu honetako 3. artikuluko h) letran zehazten dena. Hargune bakoitzeko bat instalatu beharko du, fabrikatzailearen jarraibideak betez, eta fabrikatzaileak edo, hala badagokio, instalatzaileak edo zerbitzu teknikoak emandako informazio guztia gorde beharko du.

  2. Kontrol-sistemak toki iritsi-errazetan kokatuko dira, eta Uraren Euskal Agentziak izendatutako langileek uneoro haietara iristeko baimena izango dute.

  3. Ur-aprobetxamenduen titularra behartuta egongo da ateratako bolumenaren datuak erregistratzera eta jakinaraztera, agindu honetan adierazitakoarekin bat etorrita. Era berean, Uraren Euskal Agentziak neurketei buruz edozein unetan eska diezaiokeen informazioa eman beharko du.

  4. Neurgailu gisa, oro har edozein kontagailu baliagarria izango da une bakoitzean indarrean den legeriaren araberako kontrol metrologikoko zehaztapenak betetzen baditu, aprobetxamenduaren ezaugarrietara egokitzen bada (emariari, nolako baldintzetan funtzionatu behar duen eta gainerako parametro teknikoei dagokienez) eta egiaztagarria, zigilagarria eta manipulaezina bada. Gutxienez, metro kubikotan adierazitako ur-bolumen metatua eman beharko du.

  5. Neurria eraginkorra dela ziurtatzeko, ez da urik kontrolatu gabe geldituko, eta horretarako ezin izango da erdiko ateratzerik edo bypass delakorik egon jabari publiko hidraulikoko hargune-puntuaren eta neurketa-puntuaren artean, bolumena kontrolatzeko gailu gehigarriz hornituta egon ezean.

  6. Horrez gain, hirugarren mailan sartuta dauden aprobetxamenduetarako, titularrak bolumenak kontrolatzeko sistema bat instalatu beharko du, eta sistema horrek bolumen zirkulatzaileak ordu-maiztasunarekin kontrolatzea eta datuen biltegiratze eta tratamendua ahalbidetu beharko ditu. Dena dela, Uraren Euskal Agentziak maiztasun ezberdin bat eta, hala dagokionean, bolumenaren etengabeko kontrola zehazteko aukera izango du, aprobetxamenduaren berezitasunak hala eskatzen duenean.

  7. Hoditerian, ahal den guztietan, neurgailuaren instalazioa hargunetik hurbil kokatuko da, fabrikatzailearen agindu teknikoekin bateragarria den kokapenean. Kontagailua, dena dela, badagoen edo izan daitekeen edozein biltegiratze-azpiegituratatik ibaian gora jarriko da.

  8. Mugagailuren bat instalatzen bada (agindu honetako 3. artikuluko m letran adierazitakoa), baliozkoa izango da baimendutako gehienezko emaria baino handiagoa ateratzea saihesten duen eta neurgailuaren funtzionamendua hondatzen ez duen edozein sistema edo diseinu. Gainera, ur-eskaririk ez dagoen uneetan edota andel erregulatzailea beteta dagoenean, sistemak edo diseinuak ura hargunean edo hargunetik hurbil gera dadila bermatuko du.

  9. Aprobetxamendu batean, emakidan bertan hainbat hargune-puntu ezarri badira, eroanbide guztiak neurgailu komun bakarrean batu ahal izango dira, eta gailu horrek bolumen osoa adierazi beharko du; halaber, ezingo da atalik utzi kontrolatu gabe, eta hargune-puntuen eta neurketa-puntuen artean ezingo da inolako andelik jarri.

  1. Ateratzeak kontrolatzeko, titularrak ur-emaria neurtzeko estazio bat instalatu eta mantendu beharko du bere kontura, hurrengo puntuotan zehazten diren sistemen arabera.

  2. Neurketa-sistema gastu-kurba zehaztean datza. Gutxienez, sekzio definitua eta etengabea eta zentimetrotan graduatutako eskala limnimetrikoa edukiko du. Ur-emaria neurtzeko sekzioa fabrikako obra-paramentuez (hormigoiz edo antzekoez) estalita egon beharko du, bere aldaezintasuna bermatu eta mantentze-lanetan laguntzeko. Seinaleztapen bat izango du, aprobetxamenduak baimendutako gehienezko emariari dagokion maila adieraziz.

    Eskala limnimetrikoaren ordez, kasu justifikatuetan, jarri ahal izango da ur-laminaren mailari buruzko informazioa behar besteko zehaztasunez ematen duen gailu bat. Aukera dagoen guztietan, sistemak zigilatuak izateko moduan diseinatu eta instalatuko dira.

    Aprobetxamenduaren titularrak, ur-laminaren erregistroan soilik oinarritutako neurgailua onargarria ez denetan, bere kontura jarri eta mantendu beharko du ur-laminaren abiadura eta altuera adieraziko dituen emari-neurgailua.

  3. Ur-emaria neurtzeko sekzioa eta gainerako elementuak garraiatze-ubidean kokatuko dira, eta, ahal den guztietan, ahalik eta ibaian goreneko puntu batean, hargune puntutik hainbat hurbilen.

  4. Gainera, hirugarren mailan sailkatuta dauden aprobetxamenduetarako neurgailuek bolumen zirkulatzaileak ordu-maiztasunarekin zenbatestea ahalbidetu beharko dute, bai eta datuak biltegiratzea eta tratatu ahal izatea ere. Dena dela, Uraren Euskal Agentziak maiztasun ezberdina zehazteko aukera izango du, eta aprobetxamenduaren berezitasunak hala eskatzen duenean, baita mailaren-emariaren-bolumenaren etengabeko kontrola ere zehaztekoa.

  5. Mugagailuren bat instalatzen bada (agindu honetako 3. artikuluko m letran adierazitakoa), baliozkoa izango da baimendutako gehienezko emaria baino handiagoa den emaria ateratzea saihesten duen eta neurtzeko sistema hondatzen ez duen edozein sistema edo diseinu. Gainera, ur-eskaririk ez dagoen uneetan edota andel erregulatzailea beteta dagoenean, sistemak edo diseinuak ura hargunean edo hargunetik hurbil gera dadila bermatuko du.

  6. Era berean, neurgailuaren kontrol-sekzioa baldintza ezin hobean edukitzeko betebeharra dauka titularrak, behar bezala funtziona dezan horrek.

  7. Aprobetxamendu batean, emakidan bertan hainbat hargune-puntu ezarri badira, eroanbide guztiak neurgailu komun bakarrean batu ahal izango dira, eta gailu horrek bolumen osoa adierazi beharko du; halaber, ezingo da atalik utzi kontrolatu gabe, eta hargune-puntuen eta neurketa-puntuen artean ezingo da inolako andelik jarri.

Uraren Euskal Agentziak, hala badagokio, bolumenak zeharkako metodo fidagarrien bitartez kontrolatzeko baimena eman ahalko du, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla-eta, aurreko artikuluetan aipatutako ezaugarriak kontrolatzeko sistema instalatzea ezinezkoa gertatzen denean. Aprobetxamenduaren titularrak aukerako sistema proposatu beharko du, aprobetxamenduaren berezitasunetara egokitua, Uraren Euskal Agentziak espresuki onar diezaion.

  1. Aprobetxamenduaren titularrak, ateratako ur-bolumenak erregistratu beharko ditu. Erregistroak Uraren Euskal Agentziaren eskura egongo dira. Horretarako, Uraren Euskal Agentziak aplikazio bat gaituko du bere webgunean, sarrera indibidual eta mugatukoa, titularrek ateratako bolumenaren datuak erregistratze aldera.

  2. Aprobetxamenduaren mailaren arabera, honako neurketa- eta erregistro-prozedura hauek ezartzen dira:

    1. Lehen mailako aprobetxamenduetan, titularrak urtean ateratako bolumenaren ohar bat erregistratuko du web-aplikazioan, urteko metro kubikotan adierazia. Erregistroa urte naturalari buruzkoa izango da, eta zenbatespena urtarrilean erregistratu beharko da.

    2. Bigarren mailako aprobetxamenduetan, titularrak hilean jasotako bolumenaren ohar bat erregistratuko du web-aplikazioan, hileko metro kubikotan adierazia. Hilabete bakoitzari dagokion erregistroa hila amaitutakoan erregistratuko da.

    3. Hirugarren mailako aprobetxamenduetan, titularrak egunean jasotako bolumenaren ohar bat erregistratuko du web-aplikazioan, eguneko metro kubikotan adierazia. Eguneroko erregistroa hila amaitutakoan erregistratuko da. Fitxategi informatiko bateragarri bat sortu beharko da Uraren Euskal Agentziaren web-aplikazioan eransteko. Uraren Euskal Agentziak neurgailuek neurketak egunerokoa baino maiztasun handiagoarekin edo etengabeko kontrolarekin egin ditzatela eskatzen duenetan, eskatutako maiztasunarekin bat etorri beharko dute erregistroek.

  3. Lehen edo bigarren mailako aprobetxamenduen titularrek, goragoko 2 zenbakiko a eta b letretan ezarritakoa gorabehera, erregistro hori paperean eraman ahal izango dute, agindu honetako I. eranskinean jasotako formatu-ereduaren bitartez, eta hori gutxienez 4 urtez gorde beharko da. Datuak urtero-urtero Uraren Euskal Agentziara bidaliko dira, urte bakoitzeko urtarrilean.

  4. Era berean, Uraren Euskal Agentziak erregistratu diren neurketei buruz noiznahi eska diezaiokeen informazioa eman beharko du aprobetxamenduaren titularrak.

  1. Ur-aprobetxamenduak berriak direnean, administrazio-emakida emateko prozeduraren barruan edo legezko xedapen bidez erabilera pribatiboaren aitorpenaren barruan, dagokion eskabide-orrian eskatutako agiri guztiekin batera, bolumenak kontrolatzeko sistemaren proposamena eman beharko du eskatzaileak. Proposamen horrek agindu honetan exijitutakoak bete beharko ditu eta, aldi berean, zehatz-mehatz definitu beharko du ateratako ur-bolumena neurtzeko edo zenbatesteko eta emaria mugatzeko prozedura.

  2. Uraren Euskal Agentziak egiaztatuko du proposatutako sistemak xedapen honetara egokitzen direla, eta, horrela gertatzen ez bada, beharrezko zuzenketak exijituko ditu, emakida-prozeduraren alde ebatzi baino lehen.

  1. Kontrol-sistema matxuratu, oker funtzionatu edo ordeztuz gero, Uraren Euskal Agentziari berehalakoan jakinaraziko zaio. Komunikazio horretan, gertakariaren data eta ordua, hartutako zuzenketa-neurrien deskribapena eta zerbitzua berriro ere abian noizko aurreikusten den zehaztuz. Delako gertakariak dirauen bitartean, ateratako bolumenen kontrola eskatu ahal izango da, bai zeharkako zenbatespen bidez edo bai behin-behineko gailuen erabilera bidez. Edonola ere, Uraren Euskal Agentziak ezartzen duen epean konpondu beharko du titularrak egoera hori.

  2. Instalatutako edozein elementu aldatzean, lehenengo instalaziorako ezarritako agindu tekniko eta administratiboen arabera egin beharko da.

  3. Kontrol-sistema matxuratzen bada, edo behar bezala funtzionatzen ez badu, eta, horren ondorioz, jabari publiko hidraulikoari kalte larria eragin ahal bazaio, aprobetxamenduaren erabilera etetea xedatu ahalko du Uraren Euskal Agentziak.

  1. Uraren Euskal Agentziak, bere eskumenen esparruan, neurtzeko instalazioen funtzionamendua egiaztatu ahal izango du uneoro, bai eta ur-aprobetxamenduen titularrek emandako datuak ere. Horretarako, agindu honek ezarritako betebeharrak egiaztatu ahal izango ditu, eta dagozkion kontrol osagarriak ere egin ahal izango ditu; esate baterako, neurketa zuzenak eginez, kontsumoak teledetekzioaren bidez aztertuz, ur-ateratzeak energia-kontsumoaren edo nekazaritza-estatistiken bidez aztertuz, eta baita bestela ere, balantze hidrikoen bidez.

  2. Uraren Euskal Agentziak horiek guztiak egiaztatzeko behar beste bisita egin ahal izango ditu, titularrari aldez aurretik eskaera eginez, edo, bestela, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 333. artikuluan ezarritako baldintzen arabera.

  1. Zehapen-araubideari dagokionez, Plan Hidrologiko Nazionalaren uztailaren 5eko 10/2001 Legearen hamaikagarren xedapen gehigarrian eta Uraren 1/2006 Legean ezarritakoa beteko da.

Erabiltzaile-elkarteek, Uren Legearen testu bateginaren 55.4 artikuluarekin bat etorriz, elkarte horietako kideek dauzkaten neurketa- eta erregistro-sistemak bezalakoak eskatu ahal izango dituzte. Ahal dela, erabiltzaile-elkarte bakoitzean bateratu egingo dira neurketa-sistemak, agindu honetan garatutako irizpide teknikoen arabera. Era berean, bakoitzak bere jarduera-esparruaren barruan, neurketa-sistemak eta aprobetxamenduen kontrol liburuak egiaztatu ahal izango dituzte, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 199.2 artikuluan aitortutako funtzioen indarrez.

  1. Agindu hau indarrean sartzean emakida-eskubideen titular direnek dagozkien aprobetxamenduetan bolumena kontrolatzeko ezarriko dituzten sistemen proposamen bat aurkeztu beharko dute Uraren Euskal Agentzian, gehienez ere urtebeteko epean, agindua indarrean sartzen denetik kontatzen hasita.

    Proposamen horretan, gutxienez, neurketa-sistemen, neurketa-erregistroaren eta emaria mugatzeko sistemaren -horrelakorik badaukate- deskribapen zehatza sartu beharko da; horiek guztiak ere, agindu honetan ezarritakoetara egokituta, eta, hala badagokio, salbuespen eskariak justifikatuta gehituz.

    Agindu hau indarrean sartzen denerako, gaitze-tituluaren baldintzei lotuta, ordurako bolumena kontrolatzeko sistema instalatuta duten aprobetxamenduetan Uraren Euskal Agentziak gorago adierazitako preskripzioak egokitu ahal izango ditu. Egokitze horrek, hala ere, ez dakar Aginduan jasotako prezeptuen ez-betetzea.

  2. Aurkeztutako dokumentazioa onartutakoan, hiru hileko epea ezarriko da sistema instalatzeko eta martxan jartzeko, bai eta neurketak erregistratzen hasteko ere.

  3. Onartu den sistemaren instalazioa bukatu egin dela jakinarazi beharko zaio Uraren Euskal Agentziari, dagokion egiaztapena egin dezan.

  4. Prozedura hori erabakitzeko gehienezko epea 6 hilekoa izango da, eta proposamena onartutzat joko da epe hori iraganda titularrak ez badu hari buruzko erantzunik jaso.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 24a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.