Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2017ko abuztuaren 18koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, publikoak ez diren artxiboak antolatu, digitalizatu eta zabaltzeko diru-laguntzak ezarri eta 2017ko ekitaldirako deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 158
  • Hurrenkera-zk.: 4141
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2017/08/18
  • Argitaratze-data: 2017/08/21

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren artxibo alorreko politikaren helburuetako bat da artxibo-funts pribatuak antola daitezen sustatzea, horrela dokumentu-ondare hori egokiro kontserbatu eta kontsulta eta zabaltze bidean jartzeko. Helburu hori lortzearren, urtero egin da diru-laguntza deialdi bat, zeinak emaitza onak ekarri dituen. Guzti horren bidez, dokumentu-ondarearen zati hori egoki kontserbatu nahi da, eta bai kontsultatu ahal izatea ere.

Aginduaren filosofia lankidetzan datza, aldeen elkarrekiko errespetuan eta bakoitzaren erantzukinean: lankidetza, alde batetik, Euskadiko dokumentu-ondarearen politikaren ardura duen Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aldetik, eta bestetik, publikoa ez den Euskadiko dokumentu-ondarearen titularren aldetik (artxibo-funtsak, dokumentu-bildumak eta dokumentu bereziak). Filosofia hori espresuki jasotzen du Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legeak.

Euskal Kultura Ondarearen Legeak hainbat muga ezartzen dizkie, ordea, ondasun horien titularrei. Bistan da, horrenbestez, Administrazioak ahalegina egin behar duela muga horien trukean halako erraztasun edo ordainak emateko, gero Legeak xedatzen dituen arauak betetzeko exijituko badu. Alde bi horien arteko lankidetza eta onbideak ziurtatuko du denon gogoan dagoena benetan konplitzea, alegia: lankidetza-bide sendoak zabaltzea arian-arian dokumentu-ondarearen zati hau sare eta informazio-gune publikoetan sartzea, ondasun horien titularren eskubideak inola ere urratu gabe, Legeak berak jaso eta aldezten duen bezala.

Hori lortzeko asmotan, artxibo-funtsen jabeek proposatutako programetan oinarrituta lankidetza lortu nahi da. Honi lotuta, hauxe ulertuko da artxibo egitarautzat: urtebetean zein denbora-tarte laburragoan, dokumentu edo artxiboei buruz lan jakin bat egiteko proposamena eginez, diru-laguntza eskabidea eragiten duen proiektua, alegia.

Agindu hau sailaren 2017. urterako Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartzen da. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak onartu du plan hori, eta sailaren web-orrian dago argitaratuta, www.euskadi.eus helbidean.

Halaber, diru-laguntzen gaian bildutako hiru arau nagusietan jasotakoa kontuan izan da: oinarrizko biak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena; eta 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.

Hori dena kontuan izanik, honako hau

  1. Agindu honen xedea honako hau da: hala artxiboko dokumentuak nola artxibo-funtsak eta dokumentu-bildumak deskribatzeko, digitalizatzeko eta zabaltzeko programak garatzeko diru-laguntzen emakiden araubidea erregulatzea eta 2017ko ekitaldirako deialdia egitea. Dokumentu horiek, Euskal Herriaren Dokumentazio Ondarearen parte izanik ere, ez dute izaera publikoa.

  2. Aurreko atalean xedatutakoaren ondorioetarako, honako hauek ulertuko dira artxibo-dokumentutzat, artxibo-fondotzat eta dokumentazio-bildumatzat: Euskal Kultur Ondarearen Legearen (uztailaren 3ko 7/1990) 56., 57. eta 58. artikuluetan jasotako definizioetan zehaztutakoak, hurrenez hurren.

  1. Pertsona naiz erakunde onuradunak.

    Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun izan daitezke izaera publikorik ez duten pertsonak, baldin eta, edonon daukatela ere egoitza soziala nahiz fiskala, Euskal Herriaren Dokumentu Ondarearen osagai diren artxibo-dokumentuen, artxibo-funtsen eta dokumentu-bildumen titular badira, Euskal Kultur Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 55. artikuluan ezarritakoaren arabera.

  2. Programa hauek lagunduko dira diruz.

    Xede hau dutenak:

    1. Artxibo-funts historikoak antolatzea eta/edo horien artxiboko tratamendua hobetzea.

    2. Aurrez datu-base batean antolatutako eta deskribatutako artxibo-funtsak digitalizatzea. Proiektuek barne hartu behar dute kontserbazio-artxibo digital iraunkor baten sorrera, baita kopia digital baten sorrera ere, Euskadiko Artxibo Sistemaren web-orriaren bitartez zabaltzeko. Aurkeztutako proiektuek Agindu honetako A eranskinean jasotako baldintza teknikoak bete beharko dituzte.

    3. Diru-laguntzen xede duten programak 2017an burutu beharko dira, urtarrilaren 1a eta abenduaren 31 artean.

  3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, diruz lagundutako jardueren % 100era arte azpikontratatu dezakete onuradunek.

  4. Kanpo utzitako programak.

    Deialdi honen babespean ez da emango diru-laguntzarik programa hauek garatzeko: Euskal Autonomia Erkidegoko 2017ko Aurrekontu Orokorretan Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagokion atalean izendatuta agertzen diren diru-laguntzen bitartez finantzatutako jarduketekin lotutako programak.

Baliabide ekonomiko hauek bideratuko dira Agindu honetan jasotako xedea lortzeko: hirurehun eta hirurogeita hamar mila (170.000,00) euro.

  1. Baldintzak:

    1. Jarduteko behar besteko gaitasuna izatea, eta pertsona juridikoen kasuan, legez eratuta egotea eta dagozkien erregistro eta administrazio-zentsuetan inskribatuta egotea.

    2. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

    3. Diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

    4. Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

    5. Diru-laguntzaren emakida eta, hala badagokio, ordainketa, baldintza hauen pean geratuko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak emandako izaera bereko diru-laguntzen edo laguntzen esparruan abiarazi bada, eta oraindik izapidean bada, itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaitu beharko dira diru-laguntza jasotzeko. Baita, itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaitutakoan, zorrak irauten duenean ere.

    6. Eskabide-orriko eta berarekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla adieraztea, eta betetzen dituela Agindu honetan erregulatutako laguntzak jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

    7. Edozelan ere, nahitaez betetzekoa izango dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. artikuluan ezarritako baldintzak; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan ezarritako baldintzak.

  2. Baldintzak egiaztatzea.

    1. Pertsona fisikoak:

      1. Agindu honetan erregulatutako laguntzak kudeatzeko ardura duen Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu NANeko datuak, eskatzailearen aurretiazko baimenarekin eta behar bestetan.

      2. Deialdi hau kudeatzen duen Zuzendaritzak automatikoki eta behar bestetan egiaztatuko du diru-laguntza eskatu duten pertsonek (edo, hala dagokionean, erakundeek) zergekiko obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartu baitzen.

      3. Nafarroako Foru Ogasunean ordaintzen badituzte tributuak, tributu-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

    2. Izaera publikorik gabeko pertsona juridikoak:

      1. Baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Erregistroan badaude inskribatuta, a. letran bezala jokatuko da; beraz, ofizioz egiaztatuko da erakundea legez eratuta dagoela eta nor den erakundea ordezkatzen duen pertsona, eta ordezkari horrek erakundea ordezkatzeko behar besteko botere duela.

      2. EAEko Administrazio Orokorraz kanpoko erregistro batean badaude inskribatuta, a) letran bezala jokatuko da; horrez gain, erakundearen legezko osaera egiaztatu beharko da, baita erakundearen ordezkariak behar adina ordezkaritza-ahalmen duela ere.

Eskatzaile mota bakoitzari ezarritakoaz gain, honako dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da eskabidearekin batera:

  1. Memoria xehatua, non jasoko baitira aurkezten den programaren edo proiektuaren helburuak, jarduerak, epeak, aurrekontu xehatuak eta justifikazioa.

  2. Aurkeztutako programa bakoitzaren aurrekontua, non diru-sarreren atalaren barruan adieraziko baita, hala badagokio, zer beste diru-laguntza edo laguntza eskatu diren eta zer egoeratan dauden, baita xede bererako lortu diren beste diru-sarrera nahiz baliabideak ere, edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutik datozela ere.

  3. Erantzukizun-aitorpena non deklaratzaileak aitortzen duen ez dela diru-laguntza publikoen 4.1.e) artikuluko egora edo debekuen barne aurkitzen onuradun izateko baldintzak eskuratzeko.

Kultura Ondarearen Zuzendaritza arduratuko da deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeaz.

  1. Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, modu presentzialean zein telematikoan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  2. Pertsona fisikoak eskabideak aurkeztu ahalko dituzte modu presentzialean zein elektronikoan:

    Aurrez aurreko bidea: eskabideak aurkeztu behar zaizkio Kulturako sailburuordeari, Zuzenean zerbitzuan bertaratuta, EAEko erregistro osagarrietan (aipatu erregistroak zerrendatuta daude apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sarrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa) edo urriaren 1eko 39/2015 Legean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan; betiere, eskabide normalizatuaren bitartez, zeina osorik eta behar bezain ondo bete beharko den.

    Bide elektronikoa: eskabideak euskadi.eus egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira artikulu honen 4. atalean adierazitako helbideen bidez. Eskatzaileek eskaerak eta justifikazioak aurkeztu ahalko dituzte zuzendutako Administrazioaren erregistro elektronikoan, eta baita ere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako erregistro elektronikoetan.

    Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea..

  3. Pertsona juridikoek eskabideak aurkezteko bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte aurrez adierazitako helbide elektronikoan sartuta.

  4. Eskabideak, ardurapeko adierazpenak, zuriketak eta ereduen gaineko zehaztapenak nola izapidetu, euskadi.eus gune elektroniko honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/-/2017/artxibo-pribatuak.eu

  5. Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoak erabilita, hemen egin daitezke: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

  6. Pertsona edota erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten moduan. Halaber, eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

  7. Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

Eskabidea izapidetara onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari huts-egitea konpontzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, aurretiazko ebazpena eman delarik.

Agindu honen arabera eskaera bitarteko elektronikoen bidez aurkeztera behartuta dagoen eskatzaileetariko baten batek, eskaera presentziala aurkezten baldin badu, bitarteko elektronikoen bidez aurkezteko eskatuko zaio. Kasu hauetan, eskaeraren aurkezpen data zuzenketa egin den data izango da.

  1. Balioespen-batzorde batek egingo du aurkeztutako eskabideen eta horien onargarritasunaren aurretiazko azterketa. Batzorde berak ebaluatuko ditu, halaber, Agindu honetako hurrengo artikuluan ezarritako parametroei jarraikiz. Batzorde horrexek prestatuko du dagokion ebazpen-proposamena, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari helaraziko dio. Proposamenean, hala badagokio, honako hauek jasoko dira: erakunde edo pertsona onuradun bakoitzeko diru-laguntzaren zenbatekoa eta xedea, baita eskabideak eta horiek ezesteko arrazoiak ere.

  2. Kalifikazio-batzordeko kideak honako hauek izango dira:

    Presidentea: Imanol Agote Alberro jauna, Kultura Ondarearen zuzendaria, batzordeburu-lanak egingo dituena.

    Borja Aginagalde Olaizola jauna, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroko (Irargi) arduraduna.

    Roberto Kerexeta Zulaika jauna, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroko (Irargi) teknikaria, idazkaria izango da, eta berari dagokio batzordearen jarduerak legezkoak direla zaintzea bai arlo formalean bai materialean.

  3. Diru-laguntzen emakida lehiaketa-prozedura bidez ebatziko da. Horretarako, 10. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz lortutako puntuazioaren arabera antolatuko dira eskabideak, eta ordenatuta banatuko, hasi puntu kopuru handiena lortu duen eskabidetik eta horrela gainerakoak, harik eta 3. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-kreditua agortu arte. Halaber, soilik laguntza emango zaie 50 puntu edo gehiago lortu duten proiektu eta/edo programei.

  4. Proiektuen ebaluazio konparatua egin ondoren (10. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuta) eta zenbatekoak zehaztu ostean (11. artikuluan xedatutakoaren arabera), Balioespen Batzordeak ebazpen-proposamena helaraziko dio berori onartzeko eskudundutako organoari. Agiri horretan jasoko dira proposatutako esleipenak, eta bertan adierazi beharko dira onuradunen identitatea, finantzatutako jarduketa-programak eta bakoitzerako proposatutako zenbatekoa, halaber, baita, hala badagokio, zer eskabide ezesten diren eta zergatik. Halaber, soilik laguntza emango zaie 50 puntu edo gehiago lortu duten programei.

  5. Era berean, zerrenda bat ere sartu daiteke emakidaren ebazpenean. Zerrenda horretan jasoko dira, deialdian ezarritako gehienezko kreditua gainditu delako, onuradun izateko oinarrietan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak bete arren baietsiak izan ez diren eskabide guztiena. Eta adieraziko da zein puntuazio eman zaion eskabide horietako bakoitzari, deialdian aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera. Kasu horretan, onuradunen batek diru-laguntzari uko egiten badio, diru-laguntza ematen duen organoak erabakiko du Balioespen Batzordea berriz deitu beharrik gabe zerrendan puntuazioaren arabera hurrena dagoen pertsona edo erakunde eskatzaileari ematea diru-laguntza, baldin eta hark onartzen badu. Ordezko pertsona edo erakundeei esleituko zaien zenbatekoa zehazteko, agindu honen 9., 10. eta 11. artikuluetan ezarritakoari jarraituko zaio. Ordezko erakundeari eman beharreko laguntzak ez du gaindituko hautaketa-fasean puntuaketa-irizpidea aplikatuta izan zezakeena, deialdian behar besteko dotazioa izan balitz. Diru-laguntza ematen duen organoak aukera horren berri emango die pertsona edo erakunde interesdunei, diru-laguntzen proposamen horri hel diezaieten, 10 eguneko epe luzaezinean. Behin pertsona edo erakunde eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartuta, administrazio-organoak diru-laguntza emateko egintza gauzatuko du.

Ebazpen-proposamena egiteko eta diru-laguntzen zenbatekoa finkatzeko, Epaimahai Kalifikatzaileak honako irizpide eta ponderazio hauek izango ditu kontuan eskabideak baloratzerakoan:

  1. Aurkeztutako programaren kalitate zientifikoa; hau da, ondare eta artxibo ikuspegitik programen deskripzio zehatzak jasota, halako moldez non proposamenaren berezko balioak adierazten diren (% 50).

    Puntuatzeko irizpideak:

    30 punturaino, artxiboetako mantentze-lanak egiteko urteko programetarako, indar handia jarrita jendaurrekoak izatean: funtsaren zati baten antolaketa, inbentarioak egitea; dokumentu-funtsak digitalizatzeko proiektuak; tresna deskribatzaileen hobekuntza, eta abar.

    50 punturaino, artxibo-sistemak ezartzeko edo sendotzeko programetarako, epe luzekoetarako (aurrera begirako hainbat urtetako lan-epeak ezarrita, gastuaren zenbatespen zehatza, eta abar), indar handia jarrita jendaurrekoak izatean, eta barnean honelakoak hartzen dituzten programetarako: dokumentu-funtsak digitalizatzeko proiektuak, artxiboetako dokumentuak web-atarien bidez hedatzea...

  2. Euskadiko Artxibo Historikoaren web-atarira eta atrxibo-funtsen inbentariora hainbat agiri ekartzea: hau da, bere informazioa dela-eta, tratatuko den artxiboko funtsak, hartan kontsulta daitezkeen funtsak nabarmen aberastea (% 30).

    Puntuatzeko irizpideak:

    1900. urtera arte: 30 puntu.

    1900-1960: 15 puntu.

  3. Hauek garatzea bultzatzen duten elementuak sartzea programan: estandar deskribatzaileak edo artxibo-intereseko beste edozein elementu, euskarazkoak (% 20).

    Puntuatzeko irizpideak:

    1. puntu, softwarea euskaraz eskuragarri duten kudeaketa-sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak...).

      10 puntu, softwarea euskaraz eskuragarri izan eta erabiltzaileentzako arreta-zerbitzuan euskara erabiltzen duten kudeaketa-sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak...).

      15 puntu, softwarea euskaraz eskuragarri izan eta artxiboetarako interesgarria den beste edozein osagarri (edukien hedapena, erregelamenduak, erabiltzaileentzako arreta, erakusketak, bisitaldi gidatuak) euskaraz duten kudeaketa sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak...).

      20 puntu, euskara bada deskribapenetarako hizkuntza (inbentarioak, gidaliburuak, iraulketak, aurkibideak...), eta, horretaz gain, aurreko paragrafoko irizpidean ezarritakoa betetzen bada.

  1. Diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa programa bakoitzeko % 100ekoa izango da (bazter utzita zergak), diruz lagundu daitekeen aurrekontuarena.

  2. Aurkeztutako programa bakoitzeko diru-laguntza ezin izango da, inondik inora, hogei mila (20.000,00) eurotik gorakoa izan.

  3. Nolanahi ere, osorik ezar daitezke Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 31. artikulua, eta, 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, diru laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduko 83. artikulua.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako emandako diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, aldiz, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

  1. Kulturako sailburuak ebatziko du prozedura, Balioespen Batzordeak helarazitako proposamena ikusi ondoren, eta banan-bana jakinaraziko zaio pertsona edo erakunde interesdunei, hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita zenbatzen.

  2. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, jende guztiak jakin dezan.

  3. Artikulu honen lehenengo paragrafoan adierazitako epea igarota onuradunei ez bazaie jakinarazi ebazpena, dagokion eskabidea ezetsi dela uler dezakete onuradunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren ondorioetarako.

  4. Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa ezar daiteke Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusian, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, urriaren 1eko 39/2015 Legeak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

  5. Diru-laguntza emateko ebazpenak adieraziko du zein eskabideri eman zaion diru-laguntza, eta espresuki adieraziko da zein eskabide ez den onartu. Horretaz gain, zerrenda bat ere sartu ahal izango da ebazpenean; hain zuzen ere, deialdian ezarritako gehienezko kreditua gainditu dela-eta, onuradun izateko oinarrietan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak bete arren baietsiak izan ez diren eskabide guztiena. Eta adierazi egingo da zein puntuazio eman zaion eskabide horietako bakoitzari, deialdian aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera. Kasu horretan, onuradunen batek diru-laguntzari uko egiten badio, diru-laguntza ematen duen organoak erabakiko du beste deialdi bat egin beharrik gabe diru-laguntza ematea zerrendan puntuazioaren arabera hurrena dagoen eskatzaileari, baldin eta hark onartzen badu. Ordezkoei esleituko zaien zenbatekoa zehazteko, agindu honen 9., 10. eta 11. artikuluetan ezarritakoari jarraituko zaio. Diru-laguntza ematen duen organoak aukera horren berri emango die interesdunei, diru-laguntzen proposamen horri hel diezaieten, 10 eguneko epe luzaezinean. Eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartuta, administrazio-organoak diru-laguntza emateko egintza gauzatuko du.

Pertsona edo erakunde onuradunek betebehar hauek dituzte:

  1. Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean ez badiote diru-laguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

  2. Agindutako helburu zehatzerako erabiltzea diru-laguntza.

  3. Jarduera aurrera eramatea edo diru-laguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

  4. Diru-laguntza eman duen erakundeari justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eraman dela.

  5. Laguntza eman duen erakundeak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutzen duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntza edo diru-laguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.

  6. Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea diru-laguntza eman duen erakundeari.

  7. Beste erakunde publiko zein pribatuei xede berberarekin diru-laguntzarik eskatu bazaie eta agindu honetan arautzen diren diru-laguntzetarako eskabidea egiteko unean erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adierazten duen agiria aurkeztea.

  8. Diru-laguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea diru-laguntza eman duen erakundeari.

  9. Beren-beregi adieraztea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroak (Irargi) emandako babesa, diru-laguntza honen ondorioz egiten diren jarduera eta dokumentu guztietan, bai eta horien publizitatean ere.

  10. Hizkera ez-sexista erabiltzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.

  11. Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako beste edozein betebehar (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen aipatutako legea), bai eta diru-laguntzen arloan aplikatu beharreko gainerako lege-xedapenetan ezarritakoak ere.

Diru-laguntza zati bakar batean ordainduko da, justifikatu eta gero.

Ordainketa egin ahal izateko, ezinbestekoa izango da Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egotea. Pertsona edo erakunde onuraduna ez badago alta emanda, edo, egonik ere, inskribatutako datuak aldatu badira, Erregistro horretan alta emateko eskabidearen eredua bete eta erantsi beharko du. Eredu hori eskabide-ereduarekin batera eskuragai jarri zaie pertsona edo erakunde eskatzaileei, eta URL honetan ere eskuratu daiteke: http://www.zuzenean.euskadi.eus/s68-cont/es/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html

  1. Pertsona fisikoek justifikazioak bai aurrez bai elektronikoki ahal izango dute.

    Justifikazioak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira, Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan (hemen daude zerrendatuta: apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan. Horrez gain, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrari buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 30. eta 31. artikuluetan oro har aurreikusitakoari jarraitu beharko diote.

    Halaber, justifikazioak elektronikoki ere aurkez daitezke, egoitza elektroniko honetan, URL honen bitartez: https://www.euskadi.eus/misgestiones.

  2. Pertsona juridikoek justifikazioak elektronikoki aurkeztu beharko dute goian azaldutako helbide elektronikoan.

  3. Justifikazioak nola aurkeztu daitezken zehaztasunak, bai aurrez bai elektronikoki, Euskadi.eus egoitza elektronikoaren agindu honen 7.5 artikuluan adierazten den helbidean eskuragarri daude.

  4. Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, 2018ko urtarrilaren 15a baino lehenago:

    1. Diruz lagundutako programaren xedea bete dela justifikatzeko memoria.

    2. Diruz lagundutako programa gauzatzeko gastuak justifikatzeko agiriak. Gastuak fakturen originalen edo horien benetako kopien bidez eta egiaztapen-balioa duten gainerako agirien bidez justifikatuko dira (agiri originala edo kopia konpultsatua).

    3. Hala badagokio, diruz lagundutako programan sortutako material zientifikoak (inbentarioak, datu-baseak, etab.).

    4. Eskabidea aurkeztu zuten unean onuradunek eskatutako eta geroago jasotako xede bereko beste edozein diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide jasoko duen zerrenda.

Diru-laguntza ematean kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira betiere diru-laguntzaren xedea bete bada edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzaren, diru-laguntzaren, diru-sarreraren edo baliabideren bat jaso bada, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da.

Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, eta ebazpen horretan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak doituko dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako diru-laguntzen berme eta itzulketetarako araubidea ezartzen duena, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta obligazioak ezartzen dituena).

  1. Hauek izango dira ez-betetzeak:

    1. Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

    2. Agindu honetan edo laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

    3. Diruz lagundutako egitasmoa aldatzea Kultura Ondarearen Zuzendaritzak aurretik baimenik eman gabe.

    4. Diru-laguntzei dagokionez, legezko beste xedapenen batek ezarritako beste edozein betebehar orokor ez betetzea, eta bereziki, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa.

  2. Betegabetzat jotako kasu horietan, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa aplikatuko da, horren bitartez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretatik emandako diru-laguntzak bermatu eta berandutze-interesak itzularazteko modua eta, era berean, Dekretu berean ezartzen baitira diru-laguntzon kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek errespetatu beharreko baldintzak, jarraibideak eta betebeharrak. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa ere aplikatuko da.

Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa betez eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea betez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazten du, emandako datuak eta deialdi honen eskabidean eta inprimakietan ageri direnak bere jabetzako fitxategi batean sartuko direla, Kultura Ondareari loturiko Kultura Sailaren Laguntzak eta Diru-laguntzak izenekoan, hain zuzen. Fitxategi hori Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduan araututa dago, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko izaera pertsonaleko datuen fitxategiak arautzekoa (hizkuntza-politikaren, kulturaren eta gizarte-hedabideen arloak). Diru-laguntzen deialdi hau eta berarekin lotutako beste edozein administrazio-prozedura edo espediente kudeatu ahal izatea da fitxategi horren xedea. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari lehendik eman zaio fitxategi horren berri, datuen segurtasun osoa bermatzeko segurtasun-neurriak ditu eta datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.

Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko arautegiarekin bat etorriz, datu horiek eskuratzeko, ezabatzeko, zuzentzeko eta horien aurka egiteko aukera dute interesdunek, halaxe onartzen baitu beren-beregi Datu Pertsonalak Babesteko Legeak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko dute (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, erakunde interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Aginduaren aurka administraziorekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Salan, bi hileko epean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko abuztuaren 18a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

A) ERANSKINA

BALDINTZA TEKNIKOAK

  1. Soilik datu-baseetan deskribatutako artxibo-funtsak digitalizatuko dira, deskribapen-fitxa bakoitzari digitalizazio-unitatetzat hartuko da bilduma- eta item-kodearen metadatuak gehituko zaizkie. Datu-basearen formatua Euskadiko Dokumentu Ondareko (Irargi) teknikariekin koordinatuko da, eta FileMaker programa hobetsiko da. Fitxategiek erreprodukzio-tresneriaren kapturako jatorrizko metadatu teknikoak izango dituzte. Fitxategi digitalek metadatu teknikoak izango dituzte, EXIF 2.2 estandarraren arabera digitalizazio-prozesuari dagokion informazioarekin.

  2. Digitalizazioa nagusiki aireko eskaner edota argazki-kamerarekin egingo da, horrela agindu honetan eskatutako kalitatea eta baldintza teknikoak bermatuko dira.

  3. Dokumentu guztiak tonu jarraituko irudi gisa hartuko dira, eta, beren edukia eta egoera fisikoa zehaztasun handienaz erreproduzitzeko, kolore errealean digitalizatuko dira, kolorearen bizitasuna, gutxienez, 24 bitekoa izango da.

  4. Digitalizatzerakoan gutxieneko bereizmena 5600 x 3700 pixelekoa izango da, 300 ppp-tan, dokumentua beti kalitate fotografikoarekin inprimatu ahal izateko, gutxienez jatorrizko neurrian. Adierazitakoa baino bereizmen handiagoa erabiltzea hobekuntzatzat hartuko da edota digitalizazio kalitatearen balio erantsi gisa. Ezaugarri bereziak dituzten dokumentuen kasuan hala nola, paperezko argazkiak, gardenkiak, planoak, entzunezko dokumentuak etab., era berezian digitalizatu beharko dira, haien ezaugarriak eta Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroak (Irargi) ezarritako baldintza teknikoak kontuan izanda.

  5. Digitalizazioa beti «orrialde bikoitza» sistema erabilita egingo da, hots, dokumentu edo espedientearen aurreko ifrentzua eta hurrengo aurkia irudi bakoitzean. Espediente bakoitzaren eskuinaldean geratzen den lehen folioan (aurkia) eta ezkerrean geratzen den azken folioan (ifrentzua) izan ezik, kasu horretan hasierako eta bukaerako fotograma bana egingo dira. Item bakoitza bereizita digitalizatuko da.

  6. Digitalizatutako irudi bakoitzeko Euskadiko Dokumentu Ondareko Zentroari (Irargi) entregatu beharko zaizkio:

  1. Fitxategi bat TIFF 6/0/ISO formatuan, konprimatu gabe eta kapturako gehieneko bereizmenarekin. Artxibo hau segurtasun-fitxategitzat hartuko da.

  2. Fitxategi bat JPG formatuan, jatorrizko kaptura-fitxategitik eratorria edota, halakorik ezean, segurtasun-fitxategitik. Artxibo hau digitalizazio mastertzat hartuko da.

  3. Fitxategi bat JPG formatuan, hau ere jatorrizko kaptura-fitxategitik edota segurtasun-fitxategitik eratorria, bereizmena 3266 x 2100 pixelekoa izango da 175 ppp-tan, eta jatorrizko kalitatea edo konpresioa % 60koa, eta Interneten hedatzeko optimizatua.

  4. Artxibo-funtsek argazkiak badituzte, argazki bakoitzeko kaptura-fitxategi bat gehituko da RAW formatuan, arau orokorretan zehaztutakoez gain.

  1. Artxibo-funtsek entzunezko eta ikus-entzunezko dokumentuak dituzten kasuan, Euskadiko Dokumentu Ondareko Zentroari (Irargi) entregatuko zaizkio:

  1. Lehen kopia digital bat AIFF formatuan, segurtasun-fitxategi gisa.

  2. Bigarren kopia digital bat WAV formatuan, digitalizazio-master gisa.

  3. Hirugarren kopia digital bat MP3 formatuan (128 KB/s), zabalkunde- edota kontsulta-fitxategi gisa.

  1. Halaber, Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroari (Irargi) entregatuko zaio item edota dokumentu-unitate bakoitzeko fitxategi bat PDF formatuan, dokumentu-unitate bakoitzaren orrialde guztiekin eta jatorrizko dokumentuaren segida berean ordenatuta. PDF fitxategi hori dagozkion segurtasun-fitxategi edo digitalizazio-masterretatik sortuko da, eta horretarako aurrez beharrezko konpresioa ordenagailu pertsonal estandar batean eroso erabili ahal izateko modukoa aplikatuko zaio. Erreferentzia gisa gomendatzen da ondoriozko PDF fitxategiko orrialde bakoitzak 2 MB-ko neurria ez gainditzea, horretarako 6-9 arteko konpresio-mailak erabili behar dira, 0tik 12ra arteko eskala batean.

  2. Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroari (Irargi) entregatuko zaizkio kopiak biltegiratzeko edota entregatzeko honako formatuak:

  1. Kontserbazio- eta kontsulta-kopia bana, gutxienez 500 GB-eko edukiera duten disko gogorretan, eta USB 3.0 edo Firewire 400/800 ataka bidez konektatu ahal izateko moduan. Halaber, fitxategi guztiak zuzen irekitzen edota irakurtzen direla ziurtatu beharko da, balizko grabazio akatsak ezabatzeko.

  2. Disko gogorra grabazio-formatu hibridoan grabatuko da, hau da, formateatuta fitxategiak irakurtzeko moduan bai Windows sistema eragileetan bai Apple-en MacOS nahiz Linux/Unix-en.

  3. Biltegiratze-euskarriek, jatorria zein den jakiteko, erakundearen identifikazio-datuak eraman beharko dituzte eta, hala badagokio, irudien titulartasuna. Euskarri guztiek edukia jakiteko beharrezko informazioa eramango dute: zenbakia, izenburua, edukia eta sortze-data.

  4. Baita ere gomendatzen da PDF formatuan dauden kontsulta-fitxategiak DVDan grabatzea.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.