Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2016ko abenduaren 23koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko antzokietan egoitza-proiektuetarako 2017. urtean diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 248
  • Hurrenkera-zk.: 5634
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2016/12/23
  • Argitaratze-data: 2016/12/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Herrizaingoa; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, dekretu honen beraren 14. artikuluan aipatua, lehengo Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren baitako Hizkuntza Politikako eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako Sailburuordetzen organo eta unitateek osatuko dute, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarrian. Organo eta unitate horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitu zizkion apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak, sailaren egitura organikoa ezarri eta arte eta kultura alorreko jarduerei loturiko eskumenak eta horien zabalkundearen gainekoak Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitu zizkionak.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak egoki deritzo arte eszenikoak ikuspegi global batetik sustatzeko asmoz arlo publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana bultzatuko duen bide bat antolatzeari, horrela, bertan inplikaturik dauden elementu guztietan eragin ahal izateko: prestakuntzan, sorkuntzan, ekoizpenean, erakusketan eta sentsibilizazioan.

Ondorioz, honako hau

  1. Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko konpainia egoiliarren eta udal titulartasun publikoa duten harrerako gune eszenikoen arteko lankidetza-programak 2017. urtean garatzeko diru-laguntzak emateko arauak ezartzea eta deialdia egitea.

  1. Agindu honetan ezartzen diren bestelako berariazko eskakizunez gain, diru-laguntza hauek eskatu ditzaketen udal edo udalen mendeko erakundeek nahitaezkoa izango dute honako baldintza hauek betetzen dituen ekipamendu eszeniko egonkor baten titular izatea:

    1. Programatzen diren ikuskizunetarako indarreko legediak eskatzen dituen segurtasun-neurri guztiak betetzea, bai eta erantzukizun zibileko aseguru bat izatea ere.

    2. Arte eszenikoen programazio egonkor profesionala eskaintzeko behar diren baliabide ekonomikoak, teknikoak eta giza baliabideak edukitzea.

    3. Konpainia profesional bat izatea barnean, zeinarekin gutxienez 3. artikuluan aipaturiko puntuak jasoko dituen lankidetza-programa bat sinatu baita.

  2. Agindu honen bidez ematen diren laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da zerga-betebeharrak egunean izatea, baita Gizarte Segurantzakoak ere. Betebehar hauek betetzen direla egiaztatuko da erantzukizunpeko adierazpenaren bitartez.

  3. Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik jaso laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezingo dute diru-laguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomoek ezaugarri bereko laguntza edo diru-laguntza batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigorren bat ezartzeko prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura bukatu arte ezingo da diru-laguntza onartu, eta hala badagokio, ordaindu. Halaber, jasotako diru-laguntza bere diru-sarreren artean berriz sartu ez izana, itzultze-prozedura bat bukatutakoan, berriz ez sartzeko agintzen duen ebazpen bat eman bada, ezingo da diru-laguntza onartu, eta hala badagokio, ordaindu

  5. Halaber, pertsona edo erakunde onuradunek bete egin beharko dituzte Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako betekizunak.

Diru-laguntza hauek zuzenduta daude gune eszenikoaren titularrak eta konpainia egoiliarrak batera aurkezten dituzten proiektuetara, beti ere 2017ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean garatzen badira eta jarraian aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte:

  1. Proiektua bururatzeko behar diren instalazio administratiboak, gune eszenikoa, makinaria eta material eszenikoa eta zerbitzu profesionalak erabiltzeko lagatzea, aurrez hitzartutako baldintzen arabera.

  2. Ekoitzitako ikuskizunaren emanaldia(k) edo ekoizpena egitea harrerako antzokian.

  3. Bere ingurune hurbilean antzerkia sustatzeko programa bat aurkeztea (sentsibilizazioa, ikuslegoa sustatzea, prestakuntza, dinamizatzea...), proposatzen diren helburu, jarduerak eta egutegia zehatz-mehatz azalduko dituena.

  1. Diru-laguntza hauetarako, guztira, 80.000 euro erabiliko dira, baina kopuru hori handitu ahal izango da, beharrezkoa izanez gero, lehenengo xedapen gehigarrian ezarritako eran.

  2. Proiektu bakoitzari emandako diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 25.000 eurokoa izango da, betiere proiektu horren gastu osoa gainditu gabe.

Deialdi honen kargura emango diren diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira. Beraz, diru-laguntza jasotzeko ezarritako gehienezko muga errespetatuz eta finkatutako irizpideak erabiliz, onuradun kopuru bat hautatuko da, hain zuzen ere, proiektuen kalitatea eta bideragarritasuna ziurtatuko duen kopurua, betiere, proiektuen dimentsioari begira.

  1. Deialdi honen babesean ematen diren laguntzen eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, argitaratu eta biharamunetik hasita.

  2. Eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dira, euskadi-eus-en, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/antzerki_egoitza/y22-izapide/eu/

  3. Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak helbide horretan daude ikusgai:

  4. Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

  5. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

    1. Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariaren nortasun-datuen egiaztagiria.

    2. Aurreko urteetan entitate eskatzaileak eta konpainia egoiliarrak elkarrekin, edo horietako bakoitzak beste entitate batzuekin, egindako antzeko egoitza-programen edo lankidetza-programen memoria.

    3. Aurkeztutako proiektuari buruzko txosten zehatza.

    4. Proiektuaren diru-sarrerei eta gastuei buruzko aurrekontu zehatza eta banakatua, euskadi.eus webgunean aurkituko duzun inprimakia erabiliz.

    5. Eskaera baloratzeko aurkeztu nahi diren agiri gehigarriak.

  6. Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoak ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:

    1. Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak daudenean. Bestelako kasuetan, ahal bada dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da.

    2. Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.

  7. Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

Zerga-betebeharrak egunean izatea, baita Gizarte Segurantzakoak ere

Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.

Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adieraztea.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak, aurkeztutako dokumentazioa osatu gabea dela edo akatsak dituela ikusten badu, horren berri emango dio eskabidea egin duenari eta hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatuta, dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan. Gainera, jakinaraziko dio hori egin ezean bere eskaera baztertua izango dela ebazpen baten bidez.

  1. Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Hauek izango dira kideak:

    Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria edo horrek izendatutako pertsona bat.

    Bokalak: Arte eszenikoen alorreko profesionalen eta agindu honetako xedean aditu diren pertsonen artean aukeratutako 2 edo 3 kide, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatuak.

    Idazkaria: Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat izango da, zuzendariak izendatua. Hitza izango du baina botorik ez.

  2. Balorazio Batzordearen osaera Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez jakinaraziko da eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil dezaten, legez ezarritako termino eta baldintzetan.

  3. Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

  4. Batzorde horrek, ezarritako irizpideak kontuan hartuta, ebazpen proposamena egingo dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari.

  1. Diru-laguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak irizpide hauek aplikatuko ditu:

    1. Aurkeztutako proiektuaren garrantzia eta interesa. Irizpide hau erabiltzerakoan proiektua bere osotasunean hartuko da eta honako alderdi hauek baloratuko dira, besteak beste: erabiliko diren baliabideak, proposatutako jarduerak edo jarduera horien destinatzaileak nortzuk diren (puntuazio osoaren % 50).

    2. Arte eszenikoak sustatzeko helburuarekin (zabalkundea, sentsibilizazioa, prestakuntza, ikuslegoa sustatzea...) entitate eskatzaileak edo konpainia egoiliarrak aurreko urtealdietan egindako lankidetza-programak, erakusketa soiletik harago. Kontuan hartuko dira bai entitate eskatzaileak eta konpainia egoiliarrak elkarrekin egindako programak, bai horietako bakoitzak beste entitate batzuekin egindakoak ere (puntuazio osoaren % 25).

    3. Aurkeztutako proiektuari entitate eskatzaileak egiten dion diru-ekarpena (puntuazio osoaren % 25).

  2. Artikulu honetan ezarritako balorazio-baremoaren % 65 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira sartu aukeratutakoen artean.

  3. Proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionala erabiliko da. Alegia, diru-kopuru osoa proportzionalki banatuko da, balorazio-fasean eskabideek ezarri diren irizpideak aplikatuta lortu duten puntuazioari jarraituz. Nolanahi ere den, bai laguntza jasoko duten proiektuen kopurua bai ematen zaien diru-zenbatekoa ere agindu honetako 4. artikuluan xedatutakoaren mendean egongo dira.

  1. Deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emango du, eta interesdunei jakinaraziko, Balorazio Batzordeen proposamena ikusita, sei hilabeteko epean deialdi-agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

    Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio bideari, eta beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121 eta 122. artikuluak betez.

  2. Ebazteko epea amaituta, interesdunari inolako jakinarazpenik egin ez bazaio, eskabidea errefusatutzat jo daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

Agindu honetan ezarritako mugei kalterik egin gabe, deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuek helburu berbererako emandako laguntzekin edo sarrerekin, beti ere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:

  1. Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, entitate onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

  2. Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea. Dena den, aldaketak ere egin ahal izango dira, baldin eta aldaketok funtsezkoak ez badira eta ez badute bideragarritasun ekonomikoa eragiten. Aldaketa horiek idatziz jakinaraziko zaizkio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari eta hark, jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost eguneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Epea inolako jakinarazpenik gabe igaroz gero, aurkeztu den aldaketa onartu dela ulertuko da.

  3. Ogasuna eta Finantzak Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

  4. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa berariaz aipatzea katalogo, egitarau, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafikoan. Material hori euskaraz egingo da, eta beste hizkuntza batzuetan ere egin ahal izango da.

  5. Halaber, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluko eskakizunak bete behar dituzte onuradunek.

Diru-laguntzak honela ordainduko dira:

  1. Diru-laguntzaren % 50, kopuru horri dagozkion gastuak justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu eta gero.

  2. Diru-laguntzaren gainerako % 50a, diru-laguntza osoa hurrengo artikuluan zehaztutako eran justifikatu ondoren.

  1. Diru-laguntza jasotzen duten entitate onuradunek, lagundutako jarduera bukatu eta hiru hilabeteko epean honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

    1. Diru-laguntza eskuratzeko eskabide-orriarekin batera aurkeztutako jardueraren gaineko memoria, ahalik eta zehatzena, non haren exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa ere jaso behar baitira.

    2. Diruz lagundutako jardueraren behin betiko exekuzio-aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta zehatzena, erantzukizunpeko aitorpen bidez, Euskadi.eus webgunean horretarako dagoen inprimakia erabiliz.

      Diru-sarreren atalean honako datu hauek, besteak beste, zehaztu beharko dira:

      Entitate onuradunaren behin betiko ekarpena.

      Beste administrazio edo entitateen ekarpenak, publikoenak eta pribatuenak. Entitate onuradunak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandakoaz gain bestelako diru-laguntzarik jaso ezik, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena ere aurkeztu beharko da.

      Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako diru-laguntza.

    3. Diruz lagundutako programa edo jardueraren exekuzioa dela-eta ordaindutako nomina guztiak edota sortarazitako gastuen faktura edo ordainagiri guztiak jasotzen dituen zerrenda, Euskadi.eus webgunean horretarako dagoen inprimakia erabiliz.

    4. Diru-laguntza jaso duen jarduerak sorturiko gastuen ziurtagiriak, aurkeztutako gastu-aurrekontuaren kopuru osoaren adinakoak.

    5. Katalogo, egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinen aleak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.

  2. Justifikazioak bide elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, http:// www.euskadi.eus/nirekudeaketak gunean.

  1. Agindu honetan ezarritako ondorioetarako, honako gastuak lagun daitezke diruz: diruz lagundutako jarduera motari erantzuten diotenak, baldin eta ezinbestekoak badira eta oinarri arautzailea hauetan eta laguntzak emateko ebazpenean ezarritako epearen barruan burutzen badira. Diruz lagun daitezkeen gastuen kontua ez da izango, sekula ere, merkatuan duten baliotik gorakoa.

  2. Edozein kasutan, agindu honen harira diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan esandakoarekin bat datozenak.

  3. Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZaren zenbateko kengarria, erakunde eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean. Halako kasuetan egotzi ahal izango den gastu kopurua, justifikazio-agirien zerga oinarriari dagokiena izango da.

  4. Gune eszenikoa programatzearen ondoriozko gastuek ez dute diru-laguntzarik jasoko.

  5. Proiektuari egotzitako erakunde onuraduneko langileen kostua ezingo du kostu osoaren % 30a gainditu.

    Proiektuan parte hartzen duten berezko langileen kostua erabakitzeko, kasu bakoitzean orduaren kostua kalkulatuko da eta aurkeztutako proiektuari eskainitako ordu kopuruari dagokion zatia egotzikoz aio.

  1. Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatzen duen jarduera, diruz lagundutako jardueraren % 50era iritsi ahal izango da, azpikontratu guztien prezioak batuta.

    Azpikontratazio horien kasuan, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak urriaren 30eko Sektore Publikoko Kontratuei buruzko 30/2007 Legeak kontratu txikietarako ezarritako kopuruak gainditzen dituenean, onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko dituela beste hainbeste hornitzaileri, delako obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik betiere, non eta kontratu-gaiaren izaera bereziaren ondorioz merkatuan ez dagoen behar beste hornitzailerik edota gastua ez den diru-laguntza baino lehenago gauzatua

  2. Kontzeptu honetatik kanpo geratzen dira onuradunak diru-laguntza jaso duen jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa. Tailerrak edo antzeko prestakuntza saioak sartuz gero prestakuntza-jarduera emateko irakasleak kontratatzea ere kanpoan geratzen da.

  3. Edozein kasutan, onuradunei eta kontratistei diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritako muga eta betebeharrak aplikatuko zaie.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira betiere diru-laguntzaren xedea bete bada edo beste entitate publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak aldaketa-ebazpena emango du, emandako diru-zenbatekoak doitzeko.

  1. Hauek izango dira ez-betetzeak:

    1. Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

    2. Agindu honetan edo laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

    3. Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

    4. Diru-laguntzekin lotutako xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

  2. Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

  1. artikuluan jaso diren guztirako zenbatekoak aldatu egin ahal izango dira, eskatutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa kontutan harturik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailean beste laguntza-egitasmo batzuk bideratu ondoren aurrekontuak agortu gabe geratu badira. Gorabehera horren berri eman beharko da Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Interesdunek eskabideetan emandako datuak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren titulartasuneko fitxategi batean sartuko dira, hala ezarritako baitago Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan. Fitxategiak «Kultura sortzeko eta hedatzeko laguntzak eta diru-laguntzak» du izena, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduaren bidez araututa dago eta haren xedea da laguntza-espedienteak kudeatzea. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari lehendik eman zaio fitxategi horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko beharrezko diren segurtasun-neurriak ditu; datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.

    Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko araudiarekin bat etorriz, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzaren aurrean. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

    Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak ere aztertu eta egiaztatu ahalko ditu emandako datuak, laguntzak zuzen esleitzeko.

    AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

    Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusien kargutan egiteko diren gastu-espedienteen aurreratutako tramitazioa araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako, agindu honetako laguntzak ebazteko, kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2017. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan

    AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

    Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

    Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

    Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 23a.

    Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

    BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.