Adi-adian Modulua

Euskal hezkuntza-sistemaren urteetako kezka da nola landu behar diren bakearen aldeko hezkuntza, indarkeriaren bidegabekeria, biktimekiko elkartasuna eta beren testigantzen balio pedagogikoa. 2005-2009 legegintzaldian, Bakearen eta Giza Eskubideen aldeko Hezkuntzako Euskal Planaren barruan, “Bakerako Urratsak” eta “Marka uzten diguten istorioak” unitate didaktikoak egin ziren, eta 2006-07 eta 2007-08 ikasturteetan esperientzia pilotuak mamitu ziren. Horietan, biktimen testigantzekin lan egin zen, Antzerki-Foruma tresnaren bidez.

2011n Biktima Hezitzaileak programa abian jarri zen modu esperimentalean. Programa horrek ETAren eta beste erakunde batzuen (BVE, GAL...) indarkeriaren zenbait biktima aukeratu eta trebatu zituen DBHko 4. mailako eta Batxilergoko ikasgeletan beren esperientziaren berri eman zezaten, helburu hezigarri batez. Aurreko Legegintzaldian jarri genuen martxan Adi-Adian programa, Bakea eta Bizikidetza 2013-2017 Planaren harira, eta dagoeneko 10.000 ikasleek entzun dituzte biktimen esanak.

Legegintzaldi honetan, 2017-2020rako Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Planak eta plan hau hezkuntzaren kontuetan garatzeko sortu den 2017-2020 Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren Hezkuntza-programa osagarriak adierazi dute komeni dela Adi-adian proiektua berritzea eta bultzatzea, biktimek ikasleei ikasbidea eman diezaieten beren testigantzaren bitartez.

Oraingoan, gure asmoa da oinarri horretan ondo bermatzea, eta testigantzak jendeari giza eskubideen kontua barneratzeko daukan indarra baliatzen jarraitzea, eta elkarrekin bizitzen irakasteko hezkuntzan etika ere sartzea. Aurreko legegintzaldian bezalaxe, proiektu hau, batez ere, DBHko laugarren mailako eta batxilergoko ikasleentzat prestatu dugu bereziki. Baina, legegintzaldi honetan, unibertsitateko ikasleei ere emango diegu aukera testigantza hauek entzuteko.

Ikastetxeek gero eta gehiago eskatzen dutenez biktimak gelara etortzeko beren bizipenak azaltzera, eta testigantza hau unibertsitatera ere zabalduko denez, Adi-adian proiektua eguneratzeko, biktimen aurrez aurreko testigantzak ez ezik, grabatutako testigantzak ere erabiliko ditugu oraingoan. Adi-adian hezkuntza-moduluaren ebaluazioari dagokionez, ikusi dugu emaitza kuantitatibo onak izan dituela, eta, batez ere, esperientzia oso ontzat jo dutela bai irakasleek bai ikasle batzuek bai moduluan parte hartu duten biktimek ere, denek oso ebaluazio ona eman diote-eta. Hala, Eusko Jaurlaritzak eskerrak eman nahi dizkie proiektuan parte hartu duten biktimei; gorazarre zor zaie egindako ahaleginagatik, esku zabaltasunagatik eta hain lan ona egiteagatik. Hori guztia fase berri baten abiapuntua da programa honen garapenean, hemendik aurrera izen hau izango duena: “Adi-adian Hezkuntza-modulua. Giza duintasunaren, bizikidetzaren eta enpatiaren inguruko ikaskuntzak, biktimen testigantzak entzutearen esperientziaren bidez”. Lehenengo urratsa da programa zertan datzan eta norantz bideratuko den zehatz-mehatz azaltzea. Horretarako, dokumentu hau hezkuntza-komunitatearekin partekatzen dugu.

Dokumentuak eta gida

Azken aldaketako data: