8. Terrorismoaren Biktimen Aitorpena egin eta Memoria zabaldu eta sendotzea.

Ekintza Bukatuta
IDENTIFIKAZIOA

Helburuak

Hainbat urtetan zehar, terrorismoaren biktimek ez zuten aitorpen eta arretarik eduki gizartearen eta erakundeen aldetik. Azken urteotan, talde horri emandako aitorpena nabarmen areagotu da, nahiz eta oraindik ere ezinbestekoa den hasitako lanarekin jarraitzea, udaletan batez ere, azken horiek baitaude terrorismoa jasan duten pertsonengandik hurbilen. Era berean, beharrezkoa da terrorismoaren biktimen memoria sendotzea. Horrek, batetik, biktima guztiak iraunkorki oroitzea ekarriko du eta, bestetik, haiek guztiek jasandako bidegabeko sufrimendua aitortzeko kontakizun publikoa sendotzea, etorkizuneko bizikidetzaren oinarrizko zutabe gisa.

Horretarako, udaletan aitorpen- eta memoria-ekitaldiak sustatzen jarraitzea da helburua, eta, horren ondorioz, Euskadiko memoriaren mapa eraikitzen jarraitzea.

Aurrekariak

Terrorismoaren biktimei arreta eskaintzeko politikak lehentasuna du hauteskunde-programan, izan ere, lehentasunezko helburu modura aipatzen da “terrorismoaren eta indarkeriaren biktimei eragindako kalte guztien memoria, aitorpena eta ordaina”.

Lehendakariak, berriz, inbestidurako hitzaldian adierazi zuen Gobernuak esfortzu berezia egingo duela euskal herritarren artean balio demokratikoak gizarteratzeko lanean.

Herrizaingo sailburuak ere honako hau iragarri zuen Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Herrizaingo eta Justizia Batzordearen aurrean legegintzaldi honetako kudeaketaren ildo nagusiak azaltzeko egindako agerraldian, 2009ko ekainaren 9an:

«Jaun-andreok, gure helburua Euskadin bakea eta askatasuna lortzea da. Baina gure nahia ez da inoiz osorik beteko, baldin eta terrorismoaren biktimei gure begirunerik eta arretarik sakonena erakusteko gai ez bagara.

Ez dezagun ahaztu terrorismoaren biktimak, funtsean, demokrazia eta askatasuna defendatzeagatik izan zirela biktima. Hori dela eta, biktimen memoriak beldurraren aurreko gure borroka gidatu eta hari zentzua eman behar dio.

Hainbatetan entzun didazue esaten ganbera honetan terrorismoaren biktimei arreta eskaintzeko politikarik onena alderdi demokratiko guztien arteko adostasun handienetik eta akordio handienetik egiten den hura dela.

Hala, bada, orain egokitu zaidan erantzukizunetik ahalik eta batasun handien hori bilatzen tematuko naiz, guztiek esateko dutena entzunez: biktimen elkarteek, erakundeek, alderdi politikoek eta gizarte taldeek.

Biktimekiko gure lana garatu nahi dugu, memoria, duintasuna eta justizia edukitzeko eskubidea asetzea bilatzen duen ikuspegi batetik.

Esan nahi dizuet Terrorismoaren Biktimak Onartu eta haiei Ordaina emateko Legeak sail honen lanaren esparrua finkatuko duela.

Jaun-andreok, ganbera honetan adostasun politikoz onetsitako biktimei buruzko ebazpenak betez, aurrerapauso garrantzitsuak izan dira azken urteotan, eta ez dira isilarazi behar».

Baina asko dago egiteko oraindik:

  • Biktimen Legearen eduki osoa garatzea.
  • Aipatu den legearen araudia lantzea.
  • Terrorismoaren Biktimen Parte-hartzerako Euskal Kontseilua eratzea».

Saila

Segurtasuna; Jaurlaritzaren Lehendakaritza

Esku hartzen duten Sailak

Herrizaingo Saila (Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza).

Gizarte-eragileek Partizipazioa

Etengabeko komunikazioa Terrorismoaren biktimen elkarteekin, jarduera honek proposatzen dituen alderdi guztiei buruz.

Eraginak

Araudian eragina

Erreferentziazko legea Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteko 4/2008 Legea litzateke, bere 8. artikuluan aipatzen baita memoria, biktimen eta gizartearen eskubide bezala.

Aurrekontu eta finantzetan eragina

Eragin ekonomikoa memoriaren egunaren antolamendu-alderdiei dagokie, eta, hortaz, ekimen horri emango zaion garapenaren araberakoa izango da, une honetan zehazteke baitago.

Edonola ere, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren ohiko aurrekontuarekin estaliko litzateke.

Beste jardueretan eragina

Bakearen eta Giza Eskubideen Aldeko Hezkuntzarako Euskal Planaren adierazpen berriaren dokumentuan gaiarekin lotutako ekintza bat aurreikusi da (“Legitimazioa kentzetik bizikidetzara 2010-2011”), hots, ikastetxeek ere Euskadin antolatuko diren memoriaren mapa eraikitzeko ekitaldietan parte hartzea. Horrek, bistan denez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari eragingo lioke. Horrela, Plan hori zuzentzen eta kudeatzen duen Sailen Arteko Batzordeak bi sailen arteko koordinazio-lanak egitea aurreikusi da.

Kultura Sailaren esku-hartzea ere beharrezkoa izango da, Gazteria Zuzendaritzaren bitartez, inkesten arabera gizarte-sektore horretan indarkeria gaitzesten ez duen talderen bat baitago.

Erakunde harremanetan eragina

Memoriaren mapa eraikitzeko ekitaldi guztiak euskal udalek antolatzen dituzte, Zuzendaritza honek eskatuta edo bultzatuta ekimenarekin bat egiten duten heinean. Horretarako, harremanak eratzen dira terrorismoaren biktimak egon diren udalerri guztiekin eta EUDELekin koordinatuta jardunda, betiere.

Jarduera burutzeko aurreikusi den epea

2010/2011
AURRERAPENA ETA SEGUIMENDUA

Lortutako faseak

FaseakHasiera dataAmaiera dataEgoera
Diseinu-aldia2010/01/012010/02/15Bukatuta
Garapen-aldia2010/02/152011/12/30Bukatuta
Jardueraren bukaera2011/12/312011/12/31Bukatuta
EBALUAZIOA

Azken ebaluazioa

Ebaluazio data: 2012/06/30
Azken aldaketa: 2016/10/05