Lurralde Antolamenduaren Gidalerroek (LAG) behin betiko onarpenaren aurreko azken azterketa gainditu dute

20181114_120821.jpg

2018.eko azaroak 14

  • Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak (EAELAB) eta Lurralde Politikarako Aholku Batzordeak dokumentuaren aldeko txostena eman dute aho batez.

Lurralde Antolamendurako Batzordea (EAELAB) Lakuako egoitzan bildu da gaur Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriola buru zela, eta Euskadiko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen behin-behineko onarpenerako dokumentua onartu du. Erabakia aho batez hartu da, eta EUDELeko, URA agentziako, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundietako, Estatuko Administrazioko eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura, Segurtasun, Kultura eta Hizkuntza Politika eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailetako ordezkarien oniritzia jaso du.

Dokumentuak, halaber, Lurralde Politikarako Aholku Batzordeko kide guztien aldeko txostena jaso du, ondoren bildu denean. Batzorde horrek Eusko Jaurlaritzaren hainbat sail eta lurralde-antolamenduaren hainbat esparrutako adituak (biologoak, ekonomialariak, legelariak, hirigileak, agronomia-ingeniariak eta ekologoak) biltzen ditu.

Joan den otsailean hasierako onarpena eman zitzaionetik, dokumentua hainbat ekarpenekin aberastu da LAGak izapidetzeko prozesuan. Ekarpenik garrantzitsuenek klima-aldaketak Autonomia Erkidegoan izan ditzakeen ondorioen tratamendua sendotzea izan dute ardatz, batez ere uholdeei, bero-boladek osasunean dituzten ondorioei, itsas mailaren igoerari eta nekazaritza-sektorearen gaineko inpaktuari dagokienez.

Halaber, paisaien, ekosistemen zerbitzuen, leheneratze ekologikoaren edo azpiegitura berdeen garrantzia azpimarratu da. Eta, azkenik, txosten sektorialak izapidetzeko prozesua hobetzea (prozesuak arindu eta sinplifikatzeko) adostu da EUDELekin, EAELABen koordinaziopean.

Datorren udan jarriko da indarrean

Gaurko urratsarekin, 2015eko uztailean hasi zen LAGen berrikuspena behin betiko fasean sartuko da, eztabaidatzeko eta parte hartzeko prozesu luze eta bizi baten ondoren. Iñaki Arriola sailburuak datozen egunetan emango dio behin betiko onarpena dokumentuari agindu baten bidez, eta ondoren Eusko Jaurlaritzaren aginduzko txostenak egin beharko dira. Aurreikusitakoaren arabera, 1997koak ordeztuko dituzten LAG berriak datozen udan jarriko dira indarrean, Gobernu Kontseiluak dekretu baten bidez onartzen dituenean.

Orain arte indarrean egon diren Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen berrikuspenaren bidez, azken hogei urteetan Euskadiko ingurune hurbilean zein mundu osoan gertatu diren askotariko aldaketei erantzun nahi zaie.  Aldaketa ekonomikoak, kulturalak, sozialak eta fisikoak izan dira (klima-aldaketaren nabaritasuna, adibidez), eta lurraldearekin dugun lotura berriz pentsatzera eta lurraldeari eman behar diogun erabilera irizpide eta sentsibilitate berriekin planifikatzera behartu gaituzte. Besteak beste, honako erronka hauei egin behar diegu aurre: hiri-berroneratzea (lurzorua baliabide mugatua dela kontuan hartuta), klima-aldaketa, mugikortasun jasangarria, paisaia, azpiegitura berdeak, ekosistemen zerbitzuak, baliabideen kudeaketa jasangarria, genero-ikuspegia, osasuna, populazioaren zahartzea, irisgarritasuna eta immigrazioa.

Behin betiko testuak Lurralde Politikarako Aholku Kontseiluaren eta Lurralde Antolamendurako Batzordearen adostasuna jaso beharko du, eta sailburuak behin-behineko onarpena emango dio. Ondoren, sailburuak Gobernu Kontseiluan aurkeztuko ditu LAGak, dekretu bidez behin betiko onarpena emateko. Dekretu hori arauen arabera argitaratuko da.