Arantxa Tapia eta Bingen Zupiria sailburuek euskara lan-munduan sustatzeko "inoizko baldintzarik onenak" daudela nabarmendu dute eta hizkuntzen kudeaketa egokia entitateen "bikaintasunarekin" lotu dute

Argitalpen-data: 

Lan_mundua.jpg
  • Eremu Sozioekonomikoaren Euskararen Plan Estrategikoa lantzeko hirugarren jardunaldi irekian parte hartu dute, Arabako Parke Teknologikoan

 

Gasteiz, 2018/11/14          

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenaren eta Azpiegituretako sailburuak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Eremu Sozioekonomikoaren Euskararen Plan Estrategikoa lantzeko hirugarren jardunaldi irekian parte hartu dute goizean. Arabako Parke Teknologikoan izandako ekitaldian, sailburu biek nabarmendu dute euskara lan-munduan sustatzeak duen garrantzia eta adierazi dute “inoizko baldintzarik onenak” daudela horretarako. Tapia sailburuak, halaber, azpimarratu du euskara enpresaren munduan sustatzea “bikaintasunarekin” eta “kudeaketa aurreratuarekin” lotzen dela gero eta neurri handiagoan.

Jardunaldi hau Plan Estrategikoa gorpuzteko garatzen ari den prozesu partekatuaren baitan antolatu da. Erakundeak, enpresaren munduko ordezkariak, sindikatuak, garapen agentziak, finantza entitateak, merkataritza sektorea, kontsumitzaile elkarteak, hezkuntzaren eremuko eragileak eta euskalgintzakoak lanean ari dira Plan hau lantzeko. Zupiria sailburuak adierazi duenez, eremu sozioekonomikoan euskara sustatzearen gainean gogoetatu eta, horrekin batera, estrategiak planifikatu nahi dira 2019tik 2023ra garatzeko. “Diagnosi partekatu bat adostu nahi dugu, helburu estrategikoak definitu nahi ditugu eta, azkenik, horiek gauzatzeko ekintzak ezarriko ditugu", adierazi du Zupiriak.

Testuinguru horretan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenaren eta Azpiegituretako sailburuak azpimarratu du euskararen zeharkakotasuna. “Sail guztiek, nork bere arduratik, euskara indartzeko lan egin behar dute. Eta Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Sailetik ere badago zer egin euskararen alorrean. Euskara lan-munduan indartzeaz ari bagara, gure Sailak badauka zer esana eta zer egina. Eta egiten ari gara. Euskararen aldeko jarrera aktiboa daukagu eta, abian ditugun ekimenez gain, Plan Estrategikoa jorratzeko bidean lagunduko dugu”, azaldu du.

Tapia sailburuak adierazi duenez, inoizko baldintzarik onenak daude euskara eremu sozioekonomikoan garatzeko: “Gero eta langile gehiago dira euskaraz lan egiteko gai. Joera hau, gainera, are nabarmenagoa izango da datozen urteotan. Geldiezina da. Era berean, hizkuntza eskubideen inguruko kontzientzia gero eta errotuago dago, eta gizarteak gero eta neurri handiagoan aldarrikatzen du hautatzen duen hizkuntzan hitz egiteko eskubidea. Euskararekiko atxikimendua inoizko handiena da eta hainbat enpresa eta erakundetan egindako lanak erakutsi digu euskara sustatzeak ekar ditzakeen eragin positiboak. Gizarte-erantzukizunaren ikuspegitik, euskara balio bat da”, adierazi du Tapiak.

Horrela, Ekonomiaren Garapenaren eta Azpiegituretako sailburuak esan duenez, kudeaketa aurreratuaren ikuspegitik, “genero berdintasuna edo jasangarritasuna garrantzitsuak diren bezala, hizkuntzen kudeaketak ere garrantzia handia hartu du”.  “Testuinguru eleanitz batean, euskarak badu toki esanguratsua. Euskararen kudeaketatik ikasitakoak ekarpen handia egin diezaguke gainerako lurraldeetako plantetan edo harreman komertzialetan. Balio erantsia da”, esan du. Gizarte-erantzukizunaz ere hitz egin du Tapiak, gero eta indar handiagoa hartzen ari baita lan-munduan: “Gizarte-erantzukizunaz ari bagara, ezinbestekoa da euskara kontuan hartzea. Bikaintasunaren ikuspegitik, gainera, enpresek hizkuntzen kudeaketa zaindu beharra daukate bezero eta hornitzaileekin dituzten harremanetan”.

Azkenik, Tapia sailburuak adierazi du lan-munduak “ekarpen handia” egin dezakeela euskararen erabilera eta hiztunen aktibazioa sustatzeko bidean: “Orain dela zenbait hamarkada industriak gizartea erdaldundu zuen moduan, orain, beste jarrera batetik abiatuta, euskararen erabilera sustatzen lagundu dezake”.

Plan Estrategikoa

Kultura eta Hizkuntza Politika Saila aurten hasi da Eremu Sozioekonomikoaren Euskararen Plan Estrategikoa lantzen, eta helburua da datorren urtearen hasieran gauzatuta izatea. Lehenik eta behin, arlo ezberdinetako entitateekin batera, gogoeta eta erabakien partekatzea sustatu da. Bigarrenik, EAEko eremu sozioekonomiko pribatuan hizkuntzen kudeaketaren gaineko analisia egin da. Azkenik, diagnosiaren araberako Plan Estrategikoa gauzatuko da, 2019-2023 epealdirako. Plan Estrategiko horretan honako informazio hau jasoko da:

  • Helburu eta adierazle estrategikoak.
  • 2019-2023ko plangintza zehaztuko da urtez urte.
  • Planerako jarraipen-metodologia bat proposatuko da.
  • 2019-2023ko ebaluazioa egiteko adierazleak proposatuko dira.

Plan Estrategikoa egindakoan, honen zabalkundea egin beharko du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak. Horrekin batera, urtez urteko plangintza gauzatzeko aukerak aztertu beharko ditu. Orain arte egindako lanari erreparatuz, litekeena da erronka eta premia berriak sortzea euskara lan-munduan sustatzeko bidean; hala nola, lanbide-heziketarekin eta unibertsitatearekin aliantzak sortu behar izatea, baliabide berriak eskaini behar izatea edota programa berriak garatu behar izatea.