Enpleguak etorkizun ona duela eta ekonomia hazi egin dela nabarmendu du Lehendakariak eta une hau baliatzera animatu du

Argitalpen-data: 

  • Iñigo Urkulluk bukaera eman dio AFM Cluster Makina-erremintako ekoizleen elkarteak antolatutako Fabrikazio Aurreratu eta Digitalaren Egunari
  • AFMri eskerrak eman dizkio, “abangoardiakoak eta lehiakorrak” diren 800 industria-enpresako ekosistema eraikitzen laguntzeagatik

AFM Cluster Makina-erremintako ekoizleen elkarteak Fabrikazio Aurreratu eta Digitalaren Egunaren itxieran, Lehendakariak enpleguak eta ekonomiak etorkizun ona dutela nabarmendu du, eta une hau, bereziki lehiakorra den ekoizpen aurreratuaren alorrean garapena bultzatzeko baliatzera animatu ditu bertaratutakoak.

Topaketa honetara, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailburuarekin bertaratu da Iñigo Urkullu Lehendakaria, eta bere mintzaldian, berriz ere, sektore honek etengabe hobetzeko gaitasuna daukala eta etorkizuneko erronka berriei aurre egiteko erakutsitako “indarra eta ilusioa” azpimarratu ditu.

“Behin eta berriz erakutsi duzue gai zaretela hazkundea bultzatzeko, nazioartera zabaltzeko, formakuntza indartzeko, berrikuntza txertatzeko eta etengabeko hobekuntza sustatzeko, betiere industriaren senari eutsiz eta sustraiak gure herrian errotuz” −adierazi du.

Hori horrela, Lehendakariak AFMri eskerrak eman dizkio, “lehiakorrak eta abanguardiakoak” diren 800 enpresa industrialeko ekosistema eraikitzen laguntzearren, Iñigo Urkulluren ahotan, enpresa horiek euskal industriari ospea eman eta “maila teknologiko altuko Euskadi” ezagutzera ematen baitute.

Fabrikazio aurreratua euskal industriaren “bihotza” dela ziurtatu ostean, Lehendakariak lankidetzaren bidetik jarraitzera animatu ditu han elkartutakoak, “gure industriaren, gure enpresa sarearen, gure enplegu aukeren eta gure herriaren hobe beharrez. Jarrai dezagun ondo egindako lana sustatzen eta zabaltzen” −esanez bukatu du Lehendakariak.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)